2019(e)ko urriaren 09(a) 12:06

Hamalau erakundek indartzen dute Artigasko Gelaren jarduera eta azken ikasturtean 6.536 pertsonak hartu dute bertan parte

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Garbiker-ek berritu egin du orain arte laguntza eskaintzen zuten hamahiru erakunderekiko lankidetza-hitzarmena (Signus, Rafinor, Koopera, Indumetal, Ecovidrio, Trienekens, Enviser, Ferrovial, Valoriza, Zabalgarbi, Artigas ABEE, EEE/EVE eta Eroski), aurten Sigaus batu zaielarik. Zentroaren helburua honako hau da: herritarrak sentsibilizatzea eta informatzea Bizkaian sortzen diren hondakinekin lotutako prebentzio-, berrerabiltze- eta birziklatze-prozesu guztiei buruz. Zentroan, halaber, kontsumo arduratsua egiteko moduak lantzen dira; sortutako hondakinen ingurumen-inpaktuari buruzko sentsibilizazio-lana egiten da, eta hausnarketa egiten da jarrera eta jokabideak aldatu beharrari buruz.Horiek guztiak, ingurumen-hezkuntzaren jarduerak dira.

Garbiker foru sozietate publikoak Artigaseko Gelaren jarduera sendotu eta bultzatzeko urtero hainbat erakunderekin sinatu ohi duen lankidetza-hitzarmena berritu du gaur. Gela hori hondakinei buruzko ingurumen-hezkuntzarako Bizkaiko zentroa da, eta Ecoembesen kofinantzaketa du. Aurten, hamahiru erakunde laguntzaileei (Signus, Rafinor, Koopera, Indumetal, Ecovidrio, Trienekens, Enviser, Ferrovial, Valoriza, Zabalgarbi, Artigas ABEE, EEE/EVE eta Eroski) beste bat gehitu zaie: Sigaus.

Erakunde horiek guztiek Artigaseko Gelaren helburuekiko konpromisoa hartu dute. Helburu horiek honako hauek dira: herritarrak sentsibilizatzea Bizkaian sortzen diren hondakinekin lotutako prebentzio-, berrerabiltze- eta birziklatze-prozesu guztiei buruz. Horretarako, zentroak, Berdeago-Jasangarritasunerako Europako Elkartearekin dihardu lanean zenbait jarduera garatzeko, hain zuzen, arlo hauekin lotutakoak: kontsumo arduratsua egiteko moduak, bisitariei sortutako hondakinen ingurumen-inpaktua ikusarazi eta jarrera eta jarduerak aldatu beharrari buruz hausnarketa egiten laguntzea. Iazko ikasturtean 6.536 pertsonak hartu zuten parte zentroan.

Artigaseko Gelan hiru jarduera mota egiten dira:

  • Ingurumen-hezkuntzarako zentroa bisitatzen da. Bisitan zehar, azalpen-sarrera bat egiten da, hondakinen arazoari eta kontsumoa murriztearekin eta berrerabili eta birziklatzearekin lotutako ekintzei buruz; bigarren erabilerako lehengai bihurtu arte (objektu erabilgarri bat sortzeko) hondakinek egiten dituzten birziklatze-prozesuak azaltzen dira; hondakinen gainerako zatikiaren tratamenduari buruzko informazioa ematen da, eta instalazioetara joan den taldearen ondorioak aztertzen dira. Bisitan, gainera, joko bat egiten da Lehen Hezkuntzako ikasleekin, eta, hamaiketakoan, hondakinen analisi-dinamika bat.
  • Bisita Bizkaiko Konpostegira. 12 urtetik gorakoentzat da, eta zentrora egindako bisitaren osagarri legez egin ohi da. Bisitan, konposta egiteko prozesua azaltzen da, in situ.
  • Bisita TMBra. Unibertsitateko ikasleekin egin ohi da; bertan, hiri-hondakinen gainerako zatikiaren tratamendu mekaniko eta biologikoa azaltzen da.