2019(e)ko urriaren 04(a) 11:34

Bizkaiko hondartzek 10etik 7,89 puntuko balorazioa jaso dute Foru Aldundiak urtero erabiltzaileen artean egiten duen inkestan

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

2,8 milioi pertsona joan dira hondatzetara deboraldi honetan, 2018an baino %18,55 gutxiago. Bizkaiko hareatzetara jende gutxiago joan da udan eguraldiaren egoera irregularra izan delako eta egun eguzkitsuak eta tenperatura altuak batez ere aste barruan gertatu direlako, eta ez asteburuetan. Erabiltzaile kopuruan hazkundea izan duten hondartza bakarrak La Arena, Armintza, Toña, Kanala, Ea eta Ogella izan dira. Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak ere iaz baino arreta-jarduketa gutxiago egin behar izan ditu (6.205), eta horietako gehienak, ohi bezala, zaurien eta xabiroien ziztaden ondorioz gertatu dira. Hondartzetara joaten diren pertsonen batez besteko profila 18 eta 45 urte bitarteko pertsona batena da; egunean 4,25 ordu ematen ditu hondartzetan, normalean bainatu egiten da eta gertutasunagatik aukeratzen du hondartza.

Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak inkesta bat egin du Bizkaiko hareatzetara joaten diren pertsonen artean haietara hurbiltzen direnen ohituren eta hondartzek merezi duten balorazioaren inguruko hainbat alderdi ezagutzeko. Aurten, Bizkaiko hondartzetako erabiltzaileek 10etik 7,8 puntuko nota eman diete; kalifikazio hori, besteak beste, Plentziakoak (9,23), Gorlizkoak (9,11) eta Aritzatxukoak (8,79) gainditu dute.

Inkestatuek ondoren edo gehien baloratzen duten alderdia, beste urte batez, segurtasunarena da, 8,82 puntu jasotzen baititu. Sorosleek gainditu egiten dute nota hori, 9,78koa delako. Bainuaren segurtasunak lortu duen nota 9,38koa da, eta hondartzainek 8,59koa lortu dute.

Erabiltzaileen ustez seguruenak diren hondartzak Gorlizkoa (9,26), Plentziakoa (9,25) eta Eakoa (9,05) dira, eta gainerakoen artean kalifikaziorik baxuena 8,59koa da.

Garbitasuna da bigarren baloraziorik altuena lortzen duen alderdia, 7,88 puntu. Horren barruan, eta nota horren gainetik, freskagarrien laten eta hondakin artifizialen garbiketa dago (9,03) eta paperontziak eskuragarri izatea (8,19). Bakio, Ogella eta Karraspio dira, ordena honetan, jende askok garbientzat hartzen dituen hondartzak, eta bikain  nora lortzen dute.

Zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez, 7,31 puntuko nota jasotzen dute. Alderdi horretan, erabiltzaileek gehien baloratzen dituzten gaiak hondartzara sartzeko erraztasuna (8,07) eta megafoniaren erabilgarritasuna (7,65) dira. Inkestako datuen arabera, erabiltzaileek uste dute zerbitzu eta ekipamendu onenak dituzten hareatzak Aritzatxu, Isuntza eta Gorlizkoak direla.

Haurrentzako eskumuturrekoak eta uraren kalitateari buruzko bandera berria

Egindako inkestaren arabera, hondartzak erabiltzen dituzten pertsonen % 72,4k haurrak identifikatzeko eta, galduz gero, laguntzeko eskumuturrekoen zerbitzua ezagutzen dute eta zerbitzu horri 8,96ko nota ematen zaio.

Erabiltzaileen ia erdiek ere badakite hondartzek kalitate- eta ingurumen-ziurtagiriak dituztela, eta hori oso garrantzitsua da erantzun dutenen % 49,7arentzat.

Bederatzitik zortzik bainularien eta surflarien arteko bereizketa-sistema eraginkorra dela uste dute, eta inkestatutako pertsonen proportzio horrek berak uste du uraren kalitatea bainurako egokia ez dela ohartarazteko bandera berria argi eta garbi interpretatzen dela.

Erabiltzaileen ohiturak

Hondartzetara hurbiltzen direnen ohiturei dagokienez, pertsona horien batez besteko profila 18 eta 45 urte bitarteko pertsona batena da; egunero edo astean 2 eta 3 egunetan joaten da hareatzetara (% 53,1), eta normalean bainatu egiten da (% 85,4).

Hamar erabiltzailetik lauk hondartza bat hurbiltasunagatik aukeratzen dute, eta egonaldiaren batez bestekoa 4,25 ordukoa da.

Inkestatutako pertsonen erdiek (% 53,9) autoa erabiltzen dute hareatzetara iristeko, eta proportzio hori handitu egiten da Laga, Laida eta la Arenan, % 86,4, % 81,7 eta % 66,6raino, hurrenez hurren.

Gainera, hamarretik zazpi ez dira hondartzara umeekin joaten.

2,8 milioi pertsona

Aurtengo denboraldian (ekainaren 1etik irailaren 30era) 2.896.140 pertsona bildu dira Bizkaiko hondartzetara, hau da, 2018an baino % 18,55 gutxiago. Bizkaiko hareatza guztiek izan dute asistentzia beherakada hori, La Arena, Armintza, Toña, Kanala, Ea eta Ogella hondartzen kasuan izan ezik.

Jaitsiera horren jatorria baldintza meteorologiko irregularretan dago, batez ere denboraldiko azken bi hilabeteetan, eta egun eguzkitsuak eta tenperatura altukoak ez direla asteburuetan kontzentratu. Izan ere, denboraldi honetan 45 egun eguzkitsu izan dira, 36 egun lainotsu, 11 euriarekin eta 30 eguraldi aldakorrarekin.

Hondartzarik bisitatuenak honako hauek izan dira: la Arena (391.945 pertsona), Ereaga (340.926) eta Gorliz (204.962), eta hareatzetara jende gehien joan diren egunak hauek izan dira: abuztuaren 3a La Arenan (15.165 pertsona) eta Arriatera-Atxabiribilen (11.678); uztailaren 11 Ereagan (10.316), abuztuaren 17a  Barinatxen (7.770) eta abuztuaren 23a Gorliz (10.008), Plentzia (8.384) eta Bakion (6.940).

Erabiltzaileen kopuruaren murrizketa Istripuak Prebenitzeko, Sorospena eta Laguntza Zerbitzuko sorosleek egiten dituzten laguntzetan ere nabaritu da; izan ere, 6.205 arreta-jarduketa  egin dituzte, gehienak, ohi bezala, zauriengatik (3.391) eta xabiroi zurien  ziztadengatik (1.060).

Asistentzia guztietatik, gehienak (6.073) hareatzan bertan konpondu ziren, eta bakarrik 132 pertsona eraman behar izan  dira osasun-zentro batera.

Aurtengo denboraldian zehar, Bizkaiko hareatzetan 544.785 kilo hondakin bildu dira, eta horietatik gehienak (370.018 kilo) erabiltzaileek sortzen dituztenenak dira eta hondartzetan biltzeko jarritako paperontzi eta edukiontzietan uzten dituzte. Gainontzeko hondakinak mareak ekarritakoak dira.


Bideoak


Audioak