2019(e)ko urriaren 03(a) 09:52

Aldundiak eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko programaren 2019rako dirulaguntzak onartu ditu

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Ekonomia Sustatzeko Sailak 367.000 euro erabiliko ditu lehiakortasuna eta garapen orekatua sustatzen dituzten proiektuak babesteko

Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko lehiakortasuna sustatzeko programa onartu du, 2019rako 367.000 euroko inbertsioa jasota, lurraldeko eskualde guztien garapen orekatua lortzen laguntzen duten zenbait ekimen babesteko.

Programa toki-garapeneko agentziei, mankomunitateei, udalei eta Bizkaia Orekan estrategiaren erronketan parte hartzen duten erakundeei zuzenduta dago, eta xedea da lurraldeko eremu eta eskualde guztietan jarduera ekonomiko eta garapen iraunkorra sustatzea.

Dirulaguntzaren zenbatekoa 15.000 eurora hel daitek erakunde onuradun bakoitzeko, eta eskabideak aurkezteko epea urriaren 18an amaituko da.

Bizkaia orekan

Bizkaia orekan ekimenak gobernantza-printzipioa du oinarri, eta lankidetzarako guneak eta dinamikak sortu nahi ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lehiakortasuna sustatzen duten garapenerako eragile eta erakundeen artean.

Estrategia honen helburua da Bizkaiko lurralde osoaren lehiakortasuna modu orekatuan hobetzea, eta, horretarako, hiru ardatz hauek ditu oinarri: ekonomikoki heterogeneoa eta anitza den Bizkai bati erantzun behar izatea, garapen-estrategietarako lankidetzaren garrantzia eta, lehiakortasuna hobetzeko, enpresaren jokabidean, espezializazioan eta ingurunearen kalitatean eragiteko aukera.