2019(e)ko irailaren 30(a) 12:00

Ogasunak aitorpenaren zirriborroa eman die BEZaren zergadun txikiei

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Ogasunaren BILA plataforma informatikoak aplikazio berri bat dakar, 303 eta 390 ereduen zirriborroa eta BEZaren hiruhileko eta urteko aitorpenak sortzen dituena, eta bide ematen du horiek telematikoki aurkezteko, zergadunei zerga horren autolikidazioa erraztuz. Oraingoz, 16.000 langile autonomorentzat dago eskuragarri aplikazio hori, eta jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiei BEZaren aitorpena egiteko helbururanzko lehen urratsa da.

Urriaren 1ean, urteko hirugarren hiruhilekoari dagokion BEZaren aitorpena aurkezteko epea ireki zen. Epe horretan, jasandako BEZa eta epe horretan (uztaila, abuztua eta iraila) egindako erosketa eta salmenta guztietan jasanarazitakoa zehazten dira. Izapide hori errazte aldera, Bizkaiko Foru Ogasunak zerbitzu berri bat jartzen du zergadunen eskura, Balio Erantsiaren gaineko Zerga autolikidatzeko 303 (hiruhilekoa) edo 390 (urtekoa) ereduaren zirriborroa egiteko. Zergadun bakoitzak zirriborroa onartu eta modu telematikoan aurkeztu ahal izango du, edo aldatu, baldin eta ados ez badago.

303 eta 390 ereduen zirriborroa sortzeko aplikazioa BILA plataforman dago eskuragarri, hots, Bizkaiko Foru Ogasunaren laguntza-programen plataforma informatikoan, eta lehen fasean, kontabilitatea 140 ereduko programa, hau da, BILAn ostatatutako eragiketa ekonomikoen liburu-erregistroa den programa erabiliz erregistratzen duten zergadunek (modalitate orokorra aukeratzen dutenek) erabil dezakete. Zirriborroa egiteko, Ogasunak inportatu egingo ditu zergadunak erregistro-liburuan aldez aurretik idatzitako fakturen erregistroak.

Zerbitzu hori abian jartzean, Foru Ogasunak zenbatetsi duenez 16.000 inguru dira zerbitzua erabiltzeko baldintzak betetzen dituzten zergadunen kopurua. Nagusiki jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak dira; zergadun horiek ez dute eragiketa-bolumen handirik eta 303 eta 390 ereduak aurkeztera behartuta daude.

Batuz sistema eta aitorpen-zirriborroak egitea

Aplikazio hori gaituta, Foru Ogasunak beste urrats bat eman du Batuz sistema ezartzeko iragarritako helbururantz. Horren bidez, BEZaren aitorpenaren zirriborroak egingo dizkie Bizkaian jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiei, bai eta Sozietateen gaineko Zergaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpen-proposamenak ere.

Batuz sistema 2020an zehar ezarriko da pixkanaka-pixkanaka, eta 2021ean erabat operatibo egongo da. Horretarako, Foru Ogasunak fakturazioa kontrolatzeko Ticketbai izeneko sistema jartzeko betebeharra ezarriko du, bai eta aitorpen-eredu berri bat ere: 240, pertsona juridikoentzako eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua.

BILA zertan den

2016ko abenduan, Foru Ogasunak BILA (Bizkaiko Laguntza Aplikazioa) plataforma aktibatu zuen, zerga arloko aitorpenak egiteko laguntza-programak tresna informatiko berean integratze aldera. Laguntza-programarekin batera, BILAk aitorpena modu telematikoan aurkezteko edo paperean inprimatzeko aukera ematen du, zergak autolikidatzeko zergadunen zeregina sinplifikatuz.

Gaur egun, BILA plataformak zerga-aitorpenen 26 eredu biltzen ditu, doan deskarga daiteke eta bateragarria da sistema eragile nagusiekin.

140 ereduaz

140 eredua 2014. urtean ezarri zuen Bizkaiko Foru Ogasunak. Urtero aurkeztu behar dute, ekitaldia itxi ondoren, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoek, beren diru-sarrerak eta gastuak adieraziz. Batuz sistemarekin, hilero edo hiru hilean behin aurkeztuko dira, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren autolikidazio-eginbeharrak bete behar baino lehen, eta Berehalako Informazio Sistema (BIS) erabiltzera behartuta dauden zergadunei dagokienez, sistema horretan eskatzen den maiztasunarekin, hau da, eragiketa bakoitza egiten denetik lau egunetan behin.