2019(e)ko irailaren 24(a) 12:51

‘Bizikletan mugitzea Bizkaian zehar: nola egingo dugu?’

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Aldundiak Bizkaiko 112 udalei dei egiten die bizikletaz ibiltzeari buruzko jardunaldi batean parte hartzeko, gaian adituak direnen ikuspegia ezagutzeko eta lurralde osorako estrategia bateratu baten oinarriak finkatzeko, bizikleta eta garraio publikoa oinarri hartuta.

Aldundiak "Bizikletan Bizkaian zehar mugitzea: nola egingo dugu?" Jardunaldia antolatu du, Bizkaia osorako mugikortasun iraunkorrerako estrategia bateratua definitzeko beste urrats bat dena. Horretarako, besteak beste, Bizkaiko 112 udalei parte hartzeko gonbita egin die, mugikortasun iraunkorreko sareen sorreran inplikatuta dauden guztien artean elkar ezagutzeko, elkarlanerako sare bat ehuntzeko eta lurraldearentzat inspiratzaile izan daitezkeen Europako beste eskualde batzuetako esperientzia arrakastatsuak zuzenean ezagutzeko.

Horretarako, jardunaldi honetan hainbat adituk parte hartuko dute, eta Bizkaiko errealitateari funtsezko elementuen gaineko ezagutzak aplikatuko dizkiote, hala nola hiriarteko bizikleta bideen plangintza, interkonektibitatea edo bide-segurtasuna.

Mugikortasun iraunkorreko estrategia bat garatzea, bizikletaren eta garraio publikoaren konbinazioan oinarritua, hainbat udalerriren arteko joan-etorrietarako Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartutako konpromisoetako bat da. Hori dela eta, helburu bera duten erakundeekin topagune izateko asmoz sortu da jardunaldi hau, Bizkaian hiriarteko mugikortasunak nolakoa izan behar duen zehaztuko duten oinarriak ezartzeko.

Azaroaren 6an Euskalduna Jauregian egingo den jardunaldi honetan parte-hartzaileek Robin Klein (Mobycon) Herbehereetako mugikortasun-adituak emandako master class bat ikusi ahal izango dute, Bizkaian Europako beste eskualde batzuetan esperientzia arrakastatsuak ezartzeari buruz duen ikuspegia azalduko duena. Era berean, bizikleta bideen, intermodalitateen edo aparkaleku seguruen diseinuari buruzko gomendioak emango ditu.

Hiriarteko bizikleta-sareen plangintzaren, bide-segurtasunaren eta kudeaketa intermodalaren arloetako adituek parte hartuko dute jardunaldia osatuko duten gai horietako bakoitzari buruzko hiru mahai-inguruetan. Foro horietan hainbat adituk hartuko dute parte: Marcio Deslandes (Europako Txirrindularien Federazioa), Paul van de Coevering (Urban Intelligence irakaslea Bredako Unibertsitatean), Alfonso Sanz (Gea21), Silvia Carrosan (Bizikletaren Aldeko Hirien Sarea), Susana Garcia Herrero (Burgosko Unibertsitatea) edo Pedro Horrillo (txirrindulari ohia).