2019(e)ko irailaren 20(a) 12:39

Aldundiaren Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroan 17.331 animalia jaso dira bere hogei urteko historian

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak, Elena Unzuetak, zentroaren lana azpimarratu du Artxandatik hurbil egin den 27 hegazti askatzeko ekitaldian (14 hontz, 7 urubi, koartza bat, lau belatz eta aztore bat).

Hegazti askatzeko ekitaldia

Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroak hogei urte betetzen ditu aurten, 2019an, eta denbora horretan 17.331 animalia jaso ditu. Zentro hau gure erremintarik garrantzitsuenetakoa da biodibertsitatea jagoteko eta, aldi berean, ezagutzarako tokia  eta ikertzeko esparrua da, eta gure Lurraldean fauna basatiak duen egoerari buruzko  informazio iturririk onena, adierazi du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko  foru diputatuak, Elena Unzuetak, horrela foru instalazio honetan egiten den lana azpimarratuz. Beste alde batetik,  bertan lan egiten duen jendearen zeregina goraipatu du: Gure ingurua oso ondo ezagutzen duten eta euren lanarekiko konpromiso itzela duten pertsonak dira.

Unzuetak adierazpen hauek egin ditu Artxandatik hurbil egin den 27 hegazti askatzeko ekitaldian (14 hontz, 7 urubi, 4 belatz, koartza bat eta aztore bat); jarduketa hau ohiko jarduera da zentro honetan eta gaur, bide batez,  zentroaren hogeigarren urteurrena ospatzeko erabili da.

Gorlizko foru instalazioetan 7.965 animalia hil jaso dira, eta beste 9.366,  hau da, gehiengoa, bizirik. Bizirik iritsi diren horietatik  ingresoa eragin zuen arazoetarako tratamendu egokia jaso eta 5.014 berriz askatu dira naturan eta beste 1.382 lagapenean utzi dira lankidetza hitzarmena duten beste zentro batzuetan  (Donostiako Aquariuma, Basondo, Fundación Áquila, Karpin Aventura...). Beste 2.797 animalia lesioen eta zaurien ondorioz hil dira, osatzeko tratamendua jaso arren.

Jaso diren animaliei dagokienez adierazi behar da talderik handiena hegaztiena dela, guztira  11.758 alerekin; hegazti horietatik 6.871 biririk heldu dira. Hegaztien taldearen ostean datoz ugaztunak, 3.843 alerekin (1.111 bizirik), eta narrastiak, kasu honetan 1.385 sarrerarekin zentroan, eta horietatik 1.310 bizirik iritsi dira.

Hegaztien ingresoen kasuan Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentrora ekartzearen arrazoi nagusia traumatismoa da (2.617); ordea, ugaztunei dagokienez kasurik arruntenak harrapatzeak dira  (852). Halaber,  hegaztien artean oso ohikoa izaten da esparru naturaletan aurkitutako kumeak eramatea (hogei urte hauetan Gorlizko zentrora  2.769  kume eraman dira).

Prozedura

Animaliak Zentrora iristen direnean bidezko sarrera-erregistroa eta albaitaritza-diagnostikoa egiten dira; halaber, animaliaren fitxa kliniko bat egiten da eta bertan sartzen dira eboluzioaren datu guztiak. Animaliaren espeziearen arabera jarduteko eta animalia hori maneiatzeko berariazko protokolo bat ezartzen da.

Zentrora heldu ondoren animaliaren azterketa klinikoa egiten da eta diagnostikoaren  osagarri moduan ostean analizatu egingo diren laginak hartzen dira. Eta, espeziearen arabera, beste mota batzuetako laginak atera daitezke kontrol sanitarioa edo epidemiologikoa egiteko, eta baita kontrol genetikoa ere (azken froga horiek Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan agertzen diren edo nabarmen populazioari dagokionez   jaisten ari diren espezieak direnean).

Zentroko jarduketen Programa

Animalia Basatien Bizkaiko Birgaikuntza Zentroan, zaurituta edo gaixorik dauden animaliak osatu eta birgaitu ez ezik, zaintza sanitarioko programak egiten dira   (fauna basatiaren kontrol epidemiologikoa  eta Fauna Basatia Zaintzeko Plan Nazionala), eta baita zentroan ingresatzen diren espezie mehatxatuen kontserbazio-programak ere, eta horiek guztiak burutzeko Zentroak ikerkuntza-planetan jarduten du unibertsitateko zentroekin eta hala estatuko nola nazioarteko beste erakunde batzuekin  lankidetzan.

Halaber, animalien arloko esperimentazio lanak egiten ditu, adibidez  apoarmatu istilzalearen ugalketaren kontrola. Aldi berean,  hezkuntzaren esparruko esku hartzeak burutzen ditu unibertsitateekin eta beste erakunde batzuekin dituen lankidetzen bidez eta horien artean daude AMBAR, AZTI, NEIKER edo Doñanako Estazio Biologikoa.

Aurten, horiek ez ezik, Zentroak "Fauna Basatiaren birgaikuntzari buruzko oinarrizko jarduketarako eskuliburua" argitaratu du, zentroan urte hauetan egin den lanean eskuratutako ezagutzan eta esperientzian oinarritzen den gida dena eta faunaren kontserbazio-lanetan hasten diren profesionalentzat ezagutza-erreminta izateko  sortu dena. Eskuliburu hau  aurten berritu den  Zentroko webean eskuratu daiteke euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.


Argazkiak


Bideoak


Audioak