2019(e)ko irailaren 17(a) 13:56

Indarkeria matxistaren aurka emakume gazteak babesteko bi programa pilotu abian jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Programa berritzaileetako bat neska gazteengan oinarritzen da eta bestearen esparrua familiei eta mutil gazteei zabaldu zaie. Aldundiak bi programa horien diseinua eta sorrera sustatu ditu Gizakia eta Etorkintza erakundeekin itunak eginez.

Berdintasuna.

Bizkaiko Foru Aldundiak onartu du indarkeria matxista jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden emakume gazteak babesteko bi programa pilotu abian jartzea.

Programetako bat emakume gazteentzat da, eta bide-laguntza soziala nahiz laguntza terapeutikoa eskaintzen zaie; besteak, emakume gazteentzat dena ere, familiekin zein mutil gazteekin garatzen du bere esku-hartze espezializatu psikosozial integrala, bai eta psikologiako eta hezkuntzako esku-hartzea ere.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren ekimena izan zen bi programa berritzaile horien diseinua eta sorrera sustatzea Gizakia eta Etorkintza fundazioekin izenpetutako itunen eta hitzarmenen bitartez. Bi ekimenak Zorroaren Dekretuaren 2.7.5 fitxaren barnean sartzen dira.

GIZAKIA

Gizakia Fundazioak izenpetutako hitzarmenak (Gobernu Kontseiluan gaur onartua) 50.000 euro ditu, eta hil honetatik aurrera 2020ko ekainaren 30era arte aplikatuko da genero-indarkeriaren egoeratan dauden nerabeak, gazteak (13 eta 21 urte artekoak) eta haien familiak bideratzeko, artatzeko eta bide-laguntza emateko.

Esku-hartze espezializatu psikosozial integrala eskaintzen du, bai eta psikologia eta hezkuntza arloko esku-hartzea ere, eta indarkeria matxista jasaten duten gazteen nahiz familien beharrak asetzeko beste foru baliabide batzuen eskaintzarekin bateragarria da.

Programaren helburua da indarkeria matxistari lotutako egoeretan dauden edo izan diren neska nerabe eta gazteak hauteman, hartu eta bide-laguntza ematea, ahaldundu daitezen, aukera berriak topa ditzaten eta egoera horiek errepikatzeko duten aukera murriztu dadin. Lan hori beren familiaren edota berdinen taldearen babesarekin egin dezaten saiatuko da, eta laguntza profesionala ere izango dute.

Neska gazteekin kontaktua hasteko izan daitezkeen kasuak hautemango dira; haien ahuldade egoera baloratuko da; nerabearen edo gaztearen partaidetza izango duten esku-hartze mota zehaztuko da; bakarkako segurtasun plan bat finkatuko da, hala badagokio; beren autoestimua eta ahalduntzea landuko da; beren inguruneko harremanetarako guneak identifikatuko dira, eta etorkizuneko aukerak eskainiko.

Mutil gazteei dagokienez, harreman toxikoak dituzten eta aldaketa-prozesuari ekiteko prest dauden pertsonak hautemango dira eta bide-laguntza emango zaie (hautematea, gogoetarako gunea, balorazio pertsonala/soziala/familiarra, nerabearen/gaztearen partaidetza izango duen esku hartzeko proposamena, aukerak eskaintzea eta ingurunearen aitortza eta babesa -familia eta berdinak-).

Familiei indarkeria matxistaren arazoa aitortzen laguntzeko informazioa emango zaie, eta gogoetarako bidea; horrek indarkeria matxistaren aurrean dauden beren seme-alaben ahalduntze/aldaketa prozesuari lagunduko dio.

ETORKINTZA

Etorkintza Fundazioarekin izenpetutako hitzarmenari dagokionez, programa pilotu bat da, gizarte eta hezkuntza arloko bide-laguntza eta terapia psikologikoa eskaintzen die taldeka 16 eta 23 urte arteko emakume horiei; horrez gain, azkeneko fasean jardunbide egokien eskuliburu bat egingo da (edo prozesu metodologikoa).

Etorkintza Fundazioarekin izenpetutako hitzarmenaren bidez (51.252 euro ditu), programa pilotu hau 2019ko irailetik 2021eko otsailera arte garatuko da.

Aipatutako adin horretako eta honako arrisku faktore hauetako bat duten emakumeekin egingo da lan: eskola porrota, autoestimu txikia, arriskuko sexu harremanak dituztenak, talde biolentoetan daudenak, alkohola edo drogak neurrigabe kontsumitzen dutenak, gabezia afektiboak dituztenak, familiatik edo gizarterik isolatuta daudenak, bikote harreman eta haurdunaldi goiztiarrak dituztenak…

Gizarte eta hezkuntza arloko bide-laguntza eta laguntza terapeutikoa emateko esku hartuko da. Alde batetik, arreta pertsonalizatuko planak egingo dira eta, bestetik, laguntza psikologikoa emango da taldekako terapia eginez (astean behin).

Etorkintza Fundazioko arrisku-egoeran dauden nerabeei arreta emateko zentrotik egingo da esku-hartzea, eta neska gazteen gune komunitario normalizatutik. Gainera, neska gazteen familiekin harremana izaten jarraituko da, arreta emateko beste baliabide batzuekin koordinatuko da, bai eta Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko Zerbitzuarekin ere (aipatu den foru sail berekoa).

Proiektua metodologia eraldatzaile batean oinarritzen da; izan ere, neska gazteek beren balioak eta ekintzak aldatzea lortzen badute, aldaketarako eragile izango dira beren berdinen taldeetan.

Hitzarmena indarrean dagoen azken hiru hilabeteetan jardunbide egokien eskuliburu bat egingo da, kasu hauetarako metodologia bat zehazteko asmoz: kasuak hautemateko, prebentziorako eta esku hartzeko, eta beste baliabide nahiz ebaluazio batzuekin koordinatzeko. Eskuliburu horri esker, etorkizunean eta beste egoera batzuetan genero-indarkeria jasaten duten emakumeak goiz hauteman ahalko dira eta kasu bakoitzean esku-hartze egokiena egin.


Argazkiak