2019(e)ko irailaren 13(a) 09:00

Zerga-bilketa dela eta, 5.748,4 milioi euro bildu dira Bizkaian, abuztura arte

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Aldundien arteko doikuntzak egin ondoren, 5.106,4 milioi eurokoa izan da bilketa garbia; iaz baino % 1,9 gehiago. Diru-kopuru hori ekitaldi osoko aurrekontuaren % 64,9 da.

Bizkaiko Foru Ogasunak 5.748,4 milioi euro bildu ditu abuztuaren amaierara arte. Horrenbestez, % 2,4 gehiago bildu du 2018. urteko aldi beraren aldean. Diru-bilketa garbiak, ordea, beherantz egin du, 5.106,4 milioi euroraino, Bizkaiak barne-doikuntzak direla-eta gainerako foru aldundiei eginiko ordainketengatik (ordainketa horiek 642 milioi euro izan dira, guztira). Bilketa garbiaren hazkundea, beraz, % 1,9koa da.

Urteko lehen zortzi hiletan bildutako kopuru osotik, 2.657 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, zeina % 0,7 hazi den 2018. urtearen aldean. PFEZa, oro har, % 3,9 hazi da, 1.839,9 milioi euroraino, eta nabarmendu behar da lan-etekinak direla eta % 5,3ko igoera egon dela. Errenta-kanpaina ia amaituta dagoela, PFEZaren kuota diferentziala -156,9 milioi euro da, eta iaz, berriz, -134,4 milioi euro izan zen. Bestalde, sozietateen gaineko zerga dela eta, 668,5 milioi euro bildu dira abuztura arte; iaz, ordea, 720,2 bildu ziren aldi berean. Beherakada honen arrazoia hau da, nagusiki: kapital higigarriaren etekinen atxikipenen eta zergaren kuota diferentzialaren eboluzio negatiboa; izan ere, konpentsatu egin da iaz eginiko konturako ordainketa.

Zeharkako zergek, guztira, 2.094,8 milioi euro ekarri dute, eta % 1,6ko igoera izan dute 2018ko abuztura arte ekarritakoaren aldean. Aldi honetan, kontabilizatuta daude urteko lehen hiruhilekoetan eginiko barne-doikuntzak, zeinetan Bizkaiak 475,1 milioiko konpentsazioa ordaindu dion Gipuzkoari, eta 166,8koa Arabari. Doikuntza horiek eginda, kudeaketa propioko BEZa dela eta, 1.681,2 miloi euro bildu dira (2018an baino 16 gutxiago), eta, zerga bereziei dagokienez, emaitza hauek izan dira: hidrokarburoetan, %11,7ko igoera (495 milioi); tabako-laboreetan, % 2,3, eta elektrizitatean, berriz, % 3,4ko jaitsiera. Tasak eta bestelako sarrerak direla eta, 40,7 milioi euro bildu dira, iaz baino 0,9 milioi gehiago.

Horrenbestez, kudeaketa propioko tributu itunduen bilketa, guztira, 4.747,4 milioi eurokoa da, hau da, % 1,1 igo da 2018ko aldi berean jasotakoaren aldean. Zenbateko horri gehitu behar zaizkio BEZa eta zerga bereziak direla-eta Estatuarekin eginiko doikuntzak (hurrenez hurren, +464,3 milioi eta -105,3).

2019ko ekitaldi osoa kontuan hartuta, % 64,9 da zerga-sarreren aurrekontuaren betetze-maila.