2019(e)ko irailaren 10(a) 10:49

Bizkaiko Ogasunak iruzurraren kontrako borroka sendotu du bederatzi finantza-ikuskatzaile berri gehituz

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Ikuskatzaileen plantilla hirukoiztea funtsezkoa da 2021ean martxan egongo den Batuz sistema ezartzeko. Bederatzi finantza-ikuskatzaile berrietako sei karrerako funtzionarioak dira, azkenengo EPE gainditu baitute; gainerako hirurek bitarteko kontratupean gauzatuko dituzte beren eginkizunak.

Bizkaiko Foru Ogasunak bederatzi finantza-ikuskatzaile berri txertatu ditu bere plantillara astearte honetan, horrela, zerga-iruzurraren aurka borrokatzeko bere gaitasuna sendotuz. Bederatzi finantza-ikuskatzaile berrietako sei karrerako funtzionarioak dira, azkenengo EPE gainditu baitute; gainerako hirurek bitarteko kontratupean beteko dute plaza hori.

Ikuskatzaile kopuruaren hazkundeari esker (guztira 40ra arte igo dena), Foru Ogasunak zerga-iruzurraren aurka gaur egun gauzatzen dituen jarduketak sendotzeaz gain, Batuz sistema ezartzen lagunduko du. Sistema horren bidez, enpresek eta autonomoek zerga-garrantzia handiko informazio asko helaraziko diote Foru Ogasunari, eta hori dela eta, iruzurrezko azpiegiturak antzeman, arrisku-profilak ezarri eta jokabide irregularren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetze aldera, informazioa aztertzeaz arduratzen diren langileen kopurua handitu behar izan da.

Gehitze berriek, zehazki, Ikuskaritza Koordinazioaren, Ikuskapen Jarduketen, Auditoria Informatikoaren, Plangintzaren eta Zerga-bilketa Ikuskapenaren zerbitzuak sendotuko ditu.  Finantza Ikuskatzaileena Foru Ogasuneko talderik espezializatuena den arren, zerga-iruzurraren kontrako borroka pertsona gehiago barne hartzen dituen talde baten lana da, 59 azpi-ikuskatzailek eta 22 agentek eta likidatzaile eta administrariek osaturiko taldearena.

Azkenengo gehitzeekin, 978 pertsonek egiten dute lan Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailean; horietako 752 langilek, Ogasun Zuzendaritza Nagusian lan egiten dute. Azpizuzendaritzei dagokienez, Ikuskaritza Azpizuzendaritzak 129 pertsona ditu, Zergak Kudeatzeko Azpizuzendaritzak, 489, Zerga-bilketarako Azpizuzendaritzak, 117, eta Koordinazio eta Laguntza Teknikorako Azpizuzendaritzak, 17.

Hamabi plaza deitu dira, baina sei bakarrik onartu dira

Zerga-ikuskatzaile izateko hamabi plazen deialdia 2018ko otsailaren 21eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Deitu diren plazetako sei barne sustapenerako txandarako gordeta zeuden; gainerako seiak, berriz, txanda askerako. Bi aukeretan, plaza bat desgaitasuna duten pertsonei gorde zitzaien; hala ere, horietako bat ere ez da bete.

Hautapen-proba 151 gaiko gai-zerrenda baten gaineko hiru azterketen bidez egin da. Lehenengo azterketan, hautagaiek, idatziz, bost gai garatu zituzten, bost orduren barruan; bigarren azterketan, hau ere bost ordukoa, kontabilitateko eta finantza-matematiketako hainbat kasu garatu behar izan zituzten, bai eta kasu praktiko profesional bat ebatzi ere. Azkenengo proban, hautaz aukeratutako hiru gai aurkeztu behar izan zituzten, ahoz, epaimahai baten aurrean.

Gutxienez, prestatzeko eta praktikak egiteko urte bat

Foru Ogasunera ikuskatzaile berriak txertatzeko, sei hilabete eta urtebete arteko iraupena izan dezakeen prestakuntza-plan batekin hasi da. Besteak beste, prestakuntza-ikastaroak jasotzen dituzte beren lana burutzeko behar dituzten tresna informatikoak erabiltzen ikasteko; esate baterako, Foru Ogasunean dauden informazio datu-baseak, administrazio-espedienteak sortzeko erabiltzen diren aplikazioak eta enpresen sistema informatikoetan dagoen informazioa aztertzea eta Foru Ogasunari aitorturiko informazioa egiaztatzea ahalbidetzen duen auditoria informatikoa gauzatzeko erabili ohi den tresna.

Prestakuntza-aldia igaro ostean, lehenengo espedienteak esleituko zaizkio. Espediente horiek tutore baten ikuskaritzapean izapidetu beharko dituzte. Esperientzia handiko ikuskatzaile horrekin, praktikan, ikuskaritza bat nola gauzatzen den ikasiko dute. Tutoretza-aldi horrek sei hilabete eta urtebete arteko iraupena izan dezake, ikuskatzaile berriaren bilakaeraren arabera. Era berean, ikuskatzaile berrietako bakoitzaren bilakaeraren jarraipen indibidualizatu bat egin ohi da, prestakuntza-beharrizanak egokitze aldera.

Zerga-iruzurraren kontrako borroka Bizkaian eta Batuz sistema

Zerga-iruzurraren kontrako borroka, zergadunei laguntza emateaz gainera, Bizkaiko Foru Ogasunaren funtsezko helburuetako bat da. Horretarako, ekitaldi bakoitzean, zerga-iruzurraren kontra borrokatzeko plan bat onartzen du. Plan bakoitzean, zergadun guztiei eta Bizkaian jarduten duten sektore ekonomiko guztiei eragiten dien jarduketa desberdinak barne hartzen dira. 2018an, Bizkaiko Ogasunaren zerbitzu desberdinek, 496.430 jarduketa garatu zituzten eta foru-kutxei iruzur egindako 488,3 milioi euro azaleratu ziren.

Era berean, Foru Ogasunak prebentziorako jarduketak garatu ditu, zerga-iruzurra egitea ekiditeko eta herritarrak zerga-betebeharrak betetzearen garrantziaren inguruan kontzientziatzeko. Esparru horretan, ikastetxeetan ematen diren zerga-hezkuntzako eredua edo zergadunei zerga desberdinen autolikidazioa errazteko laguntza-programen ezarpena nabarmentzen dira.

Autolikidazioa errazteko xede horrekin, Bizkaiko Ogasunak Batuz sistema ezarriko du datorren urtean; horren bidez, BEZaren, Errentaren eta Sozietateen likidazioak prestatuko dizkie jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten lurraldeko pertsona guztiei. Batuz sistema 2020ko bigarren seihilekoan abiaraziko da eta 2021era arte egongo da martxan.