2019(e)ko abuztuaren 07(a) 10:00

Aldundiak 7,1 milioi euro inbertituko ditu Bizkaiko Suhiltzaileen ibilgailuak berritzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Datozen hilabeteetan, Foru Erakundeko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaile-etxeek azken belaunaldiko 20 ibilgailu jasoko dituzte, hala nola autoponpak, auto eskailerak eta lur orotakoak. Horrek suposatzen du ibilgailuen %25 berritzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak 7. 126.900 euroko partida bat onartu du Gobernu-Kontseiluan lurraldeko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaile-etxeetako 20 ibilgailu berritzeko. Hala, bada, datozen hilabeteetan, erosiko dira 6 autoponpa urbano astun, 3 autoponpa ama astun (zisternak), 3 trepetxu-furgoi, 3 auto eskailera automatiko eta 5 lur orotako aginterako. Denak dira azken belaunaldiko ibilgailuak eta Bizkaiko zenbait suhiltzaile-etxetarako dira.

Ordeztekoak diren ibilgailuak zenbait erabileratarako bereiziko dira, bigarren irteerako ibilgailu gisa, esaterako, edo Foru Erakundearekin hitzarmen-sinatuta dauden Babes Zibileko taldeei utziko. Dena den, ibilgailu batzuk bajan emango dituzte behin betiko.

Erosketa horiekin, ibilgailuen %25 berritzea suposatuko duten erosketa horiekin, Bizkaiko Foru Aldundiak bere Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua sendotu nahi du.

Giza baliabideak eta baliabide materialak

Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua hauek osatzen dute: suhiltzaile profesionalen zortzi etxe, eskualde guztietan banatuak; Babes Zibileko lau Boluntario-Talde, Lanestosa, Urduña, Karrantza, Bermeo eta Otxandioko udalerrietakoak; eta prestaleku bat Ispasterren.

Giza-baliabideei dagokienez, 429 pertsonako plantilla dauka. Eta baliabide materialei dagokienez, gaur egun 94 ibilgailu eta 4 atoi dauzka.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak, aurten,  urtarrilean, martxan jarri zuen 'Bizkaia Pres', larrialdiak kudeatzeko Bizkaiko zentro integrala. Zentro honek komunikazio arloko azken aurrerapen teknologikoak dauzka, eta hari esker, foru mailan gertatzen diren larrialdien abisuak puntu bakar batetik sartzen dira. Puntu horretan koordinatzen da erantzuna, eta puntu horretatik mobilizatzen dira Aldundiaren baliabide guztiak (giza-baliabideak zein baliabide materialak), erantzun eraginkor eta eragingarria eman ahal izateko, eguneko 24 orduetan.

Zentro honetan modu integratuan eta denbora errealean jasotzen dute informazioa, espazio fisiko bakar batean eta plataforma teknologiko bakar batean, jakiteko foru erakundeak zein baliabide eta baliabideok mobilizatzeko zer aukera dituen edozein larrialdiri aurre egiteko. Erabakiak, beraz, modu osotuagoan eta azkarrago hartzen dira; horrela, itxaroteko denborak murrizten dira, eta baliabideen irtenaldiak eraginkorrago eta eragingarriago bihurtzen.

Lehenengo sei hilabeteetan, martxan hasi zenetik, 'Bizkaia Prest'-ek 2.500 gorabehera baino gehiagori erantzun die.