2019(e)ko abuztuaren 17(a) 10:00

Aste Nagusiko lehenengo igandean Rabba Rabba Girl! rock musika-zikloa hasiko da

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

‘Ramonas’, ‘Moonshakers’ eta ‘Desorden’ taldeek abuztuan, irailean eta urrian zehar Bilbon joko duten eta osorik emakumez osatuta dauden edo emakumeak buru dituzten taldeen zerrenda irekiko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak babesturiko esperientzia batean. “Gure helburua ez da bakarrik emakumeak eszenatokietan eroso ibiltzea, hainbat hamarkada baitaramatzate eszenatokietan jotzen, eskubide propioagatik. Horrez gain, emakumeak agerian jartzea eta gainerako herritarrentzako, batez ere, gazteentzako, erreferente izan daitezela defendatzen dugu”, azpimarratu du Teresa Laespada diputatuak.

Rabba Rabba Girl!

Rabba Rabba Girl! zikloko lehenengo kontzertua abuztuaren 18an egingo da —Bilboko Aste Nagusiaren lehenengo igandean—, 13:00etik aurrera, Itsasmuseumaren parean dagoen zabaldegian. Kutsu berdinzalea izango duen musika-hitzordua hiru talderen emanaldiekin hasiko da: ‘Ramonas’, ‘Moonshakers’ eta ‘Desorden’.

Osorik emakumez osatuta dauden edo emakumeak buru dituzten hamar bat taldek joko dute abuztuan, irailean eta urrian zehar Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak babesturiko esperientzia batean.

Musika-ziklo honen helburuak emakumeak rock musikari egin dion ekarpena aitortzea eta Euskadin zuzeneko musikaren zirkuituan egin duten lana agerian jartzea dira.

Guztira, emakumez osatuta dauden edo emakumeak buru dituzten hamar bat talde, bakarlari eta abesbatzek hartuko dute parte Rabba Rabba Girl! kontzertu-zikloan. Lehenengo edizio honetan parte hartuko duten taldeen artean nazioarteko taldeak nabarmentzen dira: ‘Liza Colby’, ‘Kim Lenz’, ‘Ramonas’, ‘Rock&Choir/ Zirzira Ahots Taldea’ (30 emakumez osaturiko abesbatza), ‘Koko Jean & The Tonics’. Baina bertako taldeak ere izango dira, besteak beste: ‘Moonshakers’, ‘Rosebud’ edo ‘Desorden’.

Urte hauetan zehar, emakumeek funtsezko eginkizuna betetzen duten kalitatezko taldeen gorakadaren lekuko izan gara Euskadin, baina ez dira behar bezala aintzatetsiak izan kontzertuen programazio-zirkuituan. Rabba Rabba Girl! emakumea eta pop-rocka (bere aldaera guztietan, musika-genero gidari bezala) protagonista izango dituen kontzertuen ziklo bat izango da.

Ekimen berri honekin —kasu honetan musika-munduarekin lotua—, Sailak emakumea bizitza publikoaren esparru guztietan agerian jartzeko eta ahalduntzeko egin duen apustuarekin jarraitzen du. Ez dago emakumeei debekaturiko lurralderik eta ezin da alferrik galdu herritarren % 50aren talentua XXI. mende honetan, nabarmendu du Laespadak bere sailaren berdintasunaren aldeko ekimen berri hau testuinguruan jartzerakoan. Gure helburua ez da bakarrik emakumeak eszenatokietan eroso ibiltzea, hainbat hamarkada baitaramatzate eszenatokietan jotzen, eskubide propioagatik. Horrez gain, emakumeak agerian jartzea eta gainerako herritarrentzako, batez ere, gazteentzako, erreferente izan daitezela defendatzen dugu, azpimarratu du. Hein batean, ziklo horren bidez, sustatzaileek omenaldia egin nahi diote Riot Grrrl’’ mugimendu feminista estatubatuarrari, fan/groupie edo gizonen taldeen imitatzaile estereotipoez haratago, 90. hamarkadaren lehenengo urteetan emakumeak rockean zuen zeregina agerian jartzeko zirkuitu alternatibo bat sortu zuen. Emakume horiek musikaren agintea hartu zuten eta ordura arte mugiezinak ziruditen zimenduak astindu zituzten.

Rabba Rabba Girl! ekimena helburu jakin batekin jaio da: hilean behin bi talderen emanaldiekin osaturiko kontzertu batez osaturiko programazioa finkatzea. Kontzertu bakoitzean bertako talde batek eta talde gonbidatu batek joko dute eta, horrela, horien arteko harremanak ahalbidetu ahalko dira, jotzeko aukera eskaintzen duten eszenatoki posibleak ugarituz. Horren helburua musika-eszenaren barruan emakumeen buruzagitzako erreferenteak eskaintzea da, adierazi du Txarly Romerok, ekimenaren koordinatzaileak.

Romerok azaldu duenaren arabera, data bakoitzean bertako talde batek eta talde gonbidatu batek (nazioartekoa normalean) joko dute, horien artean harremanak sortzeko. Gainera, elkarrizketa labur bat egingo diogu artistetako bati eszenatokian bertan, musikaren munduan izan dituzten esperientziekin loturiko gaiak jorratzeko eta kontzertuak egingo diren zabalguneko informazio-elementuak emateko.

Azkenik, zikloak erreferente bilakatu nahi du Euskadin emakumez osatuta dauden edo emakumeak buru dituzten taldeentzako musika-programazioaren arloan, azpimarratu dute ekimenaren sustatzaileek.

Lehenengo kontzertuak:

  • Igandea, abuztuak 18
    • Ramonas
    • Moonshakers
    • Desorden
  • Igandea, irailak 15
    • Koko Jean & The Tonics
    • Coro Rock&Choir/ Zirzira Ahots Taldea
  • Igandea, urriak 13
    • Liza Colby
    • Rosebud
    • Kim Lenz

Ordutegiak: kontzertuak 13:00ean izango dira, urriaren 13an (igandea) izan ezik, orduan, goizean eta arratsaldean egingo baitira.

Tokia: kuboen zabalgunean, Itsasmuseumaren aurrean. Euria eginez gero, kontzertuak Itsasmuseumeko auditorioan egingo dira.


Argazkiak