2019(e)ko uztailaren 24(a) 14:30

Rementeriak esan du proiektu estrategikoetarako arlo bat sortuko dutela Bizkaia hobetuko duten ekintza eraldatzaileak sustatzeko

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

San Inazio egunean Bizkaiko herritarrei egin ohi dien harrerako hitzaldian, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu du arloa Aldundi osoaren zerbitzura egongo den zeharkako eragile bat izango dela. Gainera, legegintzaldi honetako erronka nagusiak jorratzeko proposatu den egituren egokitzapenaren barruan egongo da. Hauexek dira erronka nagusi horiek: enplegu egonkor eta duina, eta talentua. Una Rementeriaren lan-taldeak Bizkaia osoa bultzatzeko eta krisialditik irteteko pentsatu zen ‘Bizkaia goazen’ ordezkatu, eta ‘Bizkaia egiten’ abiaraziko du. Horren bitartez, konpromisoa hartu dute datozen bi edo hiru urteetarako aurreikusi den hazkunde ekonomikoaren egoeraz baliatu, eta etorkizun hobeagoa eraikitzearen alde lan egiteko.

San Ignazioko harrera

Bizkaiko Ahaldun Nagusia den Unai Rementeria arduratu da San Inazio egunean Bizkaiko herritarrei egin ohi zaien harrera egiteaz. Hitzaldian iragarri du proiektu estrategikoetarako arlo bat sortuko duela Bizkaia hobetzen lagunduko duten ekintza eraldatzaileak bultzatzeko. Ekitaldian bostehun pertsona inguru bildu dira, eta bertan azaldu du arloak bi zuzendaritza edukiko dituela eta Aldundiaren zerbitzura egongo den zeharkako eragile dinamizatzaile bat izango dela. Horrela, foru-sailek proiektu eraldatzaile horiek sustatu ahal izango dituzte. Arloa antolaketa-sistema osoaren zerbitzura egongo da, eta proiektu eraldatzaile horiek sustatuko ditu sailen eskutik. Arloa sendotzeko, proiektu estrategikoen bulego bat egituratuko da eta bi zuzendari ezarriko dira, Asier Alea eta Koldo Atxutegi. Kate bat osatuko dugu, eta sailak izango dira katebegiak, antzeko egitura eta metodologiarekin. Denak berdinak; denak ezinbesteko. Batera jardun behar dugu, azaldu du.

Elkarrekin lan egiteko gogo irmoa adierazi du, eta, horrela, proiektu estrategikoetarako arlo berria egituren moldaketan eta jarduteko moduan sartuko da. Rementeriaren arabera, hasi berri den legegintzaldi honetako erronka nagusiak jorratzeko tresna izango da, eta gobernu-ekintzaren ardatz nagusi hauek edukiko ditu: enplegu egonkor eta duina, eta talentua. Bi elementu horiei esker, Bizkaiak lurralde eta gizarte gisa duen etorkizuna sendotuko da, adierazi du. Ahaldun Nagusiaren iritziz, ezin dugu egonkortasun politikorik eta araudi fiskal edo sozialik gabeko Bizkaia eratu, ezin dugu lan-egonkortasunik gabeko Bizkaia onartu. Guztiok eskuratuko ditugu onurak. Hori lortzeko lana ere guztion artean egin beharko dugu. Izan ere, enplegu egonkor eta duina da politika sozialik onena, etxebizitza-politikarik onena, familia-politikarik onena eta etorkizuneko bermerik onena. Horri dagokionez, halaber, ondo egindako lanarekin langileok izan behar dugun konpromisoa aldarrikatu du, eta erantzukizuna partekatu beharra nabarmendu.

Bigarren ardatzari, talentuarenari, dagokionez, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du Bizkaian egon badagoela, asko gainera, baina talentuaren beharra ere badugula. Enpresak behin eta berriz esaten digute talentua behar dutela eta, bilatu arren, ez dutela aurkitzen. Aukera bila ari diren gazteekin eta eskulan kualifikatua behar duten enpresekin egon naiz; batzuek eta besteek ez dute elkar topatzen. Zubiak, loturak, elkarguneak hobetu behar ditugu. Bada, guztion artean egin behar dugu hori. Premiazkoa eta garrantzitsua da. Eta ona da denontzat. Horregatik jartzen dugu talentua gure lehentasunen zerrendako goiko aldean. Aldundiak Bizkaiko talentuaren elkargune izan nahi du. Bada, elkargune horretatik beharrezko den tokira bideratuko litzateke talentua, sektore publikora edo pribatura. Energiak berritzea eskatzen duen saihestu ezinezko erronka da, adierazi du, eta honako hau nabarmendu du: konfiantza dut, eta uste dut datozen urteotan enplegua eta talentua indartzen lagunduko dugula. Aldundiak inbertsiorako esfortzu garrantzitsua egingo du. Inbertsio produktiboa, jarduera ekonomikoa, lanpostuak, bizi-kalitatea eta lurralderako ongizatea ekarriko dituena. Inbertsioa, ez gastua. Bada, egiturak eta egiteko moduak egokituko ditugu.

Egitea izango da, hain zuzen, legegintzaldi honetako leit motiv-a. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiaren irudi korporatiboa Bizkaia goazen lelora lotuta egotetik Bizkaia egiten leloarekin josita egotera pasako da. Hala, Bizkaia lurraldea hobetzean egongo da jarrita fokua. Etxeko planoak marraztu ditugu; orain, eraikitzea falta da, hau da, zimenduak, adreiluak eta teilatua jartzea. Abagune egokia dugu horretarako. lurralde egonkorra gara, eta egonkortasun hori indartzen duen gobernua osatu dugu. Bizkaia hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu dugu eta arlo eta proiektu gakoak partekatu ditugu. Ideiak eta proiektuak baditugu, eta ekonomikoki ondo kokatuta gaude. Aurreikuspen guztiek diote hazkunde ekonomikoa etorriko dela datozen bizpahiru urteetan. Orain da unea, egiteko garaia da, azpimarratu du, nabarmendu ostean leloaren aldaketak ez duela esan nahi aurreko legegintzaldian gauzak egin ez zirenik -Hitzak ekintza bihurtu ditugu, premiazko alorrei dagokienez bereziki. Programaren % 96 bete dugu. Eta egiten genuen bitartean, amets egiten genuen-.

Bizkaia egiten leloaren zentzurik fisikoena zentzu kontzeptualago eta emozionalago batekin osatzen da. Egiten, Bizkaia egiten dugu, Bizkaia hobetzen dugu, eboluzionatu egiten dugu. Bizkaia beti izango da amaitu gabeko proiektua, beti egongo delako zer hobetua, eta etengabe hobetzeko betebeharra dugu. Gobernu eta gizarte ezberdinak tresnak dira. Bizkaia elkarrekin egiten eta hobetzen ari gara. Gaur duela hogei urte baino hobeto gaude, eta hogei urte barru gaur baino hobeto egongo dira. Horixe da garrantzitsuena. Kate hori blindatu egin behar da; izan ere, pertsonok gara katebegiak, esanez amaitu du gaiaz hitz egiten.


Bideoak