2019(e)ko abuztuaren 06(a) 10:00

Aldundiak autismoa duten pertsonei laguntza emateko bere etxebizitzen sarea hedatu du etxebizitza berri bat abian jarriz

Gizarte Ekintzako Saila

Gizarte Ekintzako Foru Sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du ‘Biziona’ etxebizitza martxan jartzeko; autismoa duten pertsonentzako hiru plazako laguntza duen etxebizitza bat. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak 8,7 milioi eurotik gora inbertituko ditu autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonei arreta emateko egoitzetan, laguntza duten etxebizitzetan, eguneko zentroetan eta gizarteratzea sustatzen duten beste zerbitzu egokitu batzuetan, besteak beste, aisia eta astialdiko programan.

Bizkaiko Foru Aldundiak desgaitasun egoeran dauden pertsonentzako laguntza duten etxebizitzen sarea hedatu du. Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmen bat onartu du Bizkaiko autismoa eta beste autismoaren espektroen nahasmenduak dituztenen gurasoen elkartearekin (APNABI) ‘Biziona’ etxebizitza kudeatzeko; autismoa duten pertsonentzako xedaturiko laguntza eskaintzen duen etxebizitza bat. Horrela, Bizkaiak bere konpromisoa sendotu du pertsona horien erabateko inklusioarekin, beren bizitza-proiektua garatu ahal dezaten eta bizitza normalizatua izateko aukera izan dezaten.

Hitzarmen hori sinatuz geroztik, autismoa duten pertsonentzako xedaturiko laguntza duten etxebizitzen foru sarea 5 etxebizitzek eta 21 plazek osatzen dute. Zerbitzu horrek bizikidetza eta ostatu alternatiba eskaintzen die bere erabiltzaileei, izaera sozialekoa eta ohiko ingurune sozio-komunitarioan integratua, eta bertan, banakako laguntza-mailak bermatuta daude, eta, gainera, zerbitzua dituzten premia aldakorrei dago egokituta, familiaren antzeko bizimodua eskaintze aldera. Edonola ere, erabat errespetatzen dira independentzia eta pribatutasuna, baina erabiltzaile bakoitzaren garapen pertsonala erraztuko duen elkarbizitza-talde baten barruan.

Etxebizitza horien xedea erabiltzaile bakoitzaren benetako inklusioa da. Erabiltzaileak, beren ibilbide pertsonalizatuan zehar, zerbitzutik kanpo eskaintzen diren prestakuntza-jardueretan eta garapen pertsonalerako jardueretan parte hartu ohi du, berauek osatuz. Jasotzen duten arreta espezializatuak erabiltzaileen autonomia pertsonala hobetzeko edo mantentzeko xedea du, baita muga funtzionalak konpentsatzekoa ere, prebentziorako, gaikuntzarako eta laguntzarako prestazioak direla medio.

Aldundiak finantzatzen dituen baliabideak eta programak

Bizkaiko Foru Aldundiak autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonei egokitutako baliabide eta zerbitzuak sortu ditu eta haien gizarteratzea sustatzen du. Aldundiak, aurten, 8.776.648 euro inbertituko ditu autismoa duten pertsonei arreta eskaintzeko.

Laguntza duten etxebizitzen foru sarearekin batera, 3 egoitza-zentro daude 22 plazekin eta 10 eguneko zentro 208 plazekin; horietara, 9 gehiago gehituko dira irailaren 2tik aurrera; orain, izapidetze-prozesuan daude.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta APNABIren arteko itun horren emaitza gisa, autismoa duten lurraldeko biztanleentzat senitartekoei atseden ematea aldi baterako egonaldietarako zerbitzua dago, "Azlan" deritzon lanerako ikastegia eta errehabilitazio integraleko Aldamiz zentroa daude, 16, 31 eta 72 plazarekin, hurrenez hurren.

Garrantzi berekoak dira autismoa duten pertsonentzako programak, hala nola familiei arreta pertsonalizatua, orientazioa eta aholkuak emateko programa, edo aisia eta astialdikoa.

Ituna APNABI Autismo Bizkaiarekin

Bizkaiko autismoa eta beste autismoaren espektroen nahasmenduak dituztenen gurasoen elkartea - APNABI gizarteari zerbitzua emateko irabazi-asmorik gabeko erakundea da (Bizkaiko Hirugarren Sektore Sozialeko parte dena) eta, hori dela eta, arreta berezia ematen die autismoa eta beste haur-psikosiren bat daukaten pertsonei. Arreta integrala, banakakoa eta kalitate onekoa eskaintzen die pertsona horiei bizitza osoan zehar, horretarako une oro haien beharretara egokitutako baliabideak emanez. 1.000 familiak baino gehiagok osatutako elkarteak, 250 profesional inguru dituenak, arreta bermatzen du hainbat arlotan. Detekzioa eta diagnostiko goiztiarra, hezkuntza, helduentzako arreta, aisia eta astialdia eta etxebizitza dira arlo horietariko batzuk. Hori guztia dela bide, autismoa duten pertsonen garapen pertsonala, gizarteratzea eta bizi-kalitatearen hobekuntza lortu nahi dira.

‘Biziona’ etxebizitza Bizkaian desgaitasuna duen pertsonentzako erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuen barnean sartzen da eta azken hiru urteetan eraiki da Hirugarren Sektore Sozialaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean. Gizarte-zerbitzuak eskubidea ere badira eta babes-sarea osatzen dute: edozein pertsona edo familiak izan dezake sare horretara jotzeko beharrizana bere bizitzan uneren batean edo bestean gertatzen diren zenbait egoeraren aurrean (mendekotasuna, desgaitasuna, bazterkeria edo gizarte-arriskua).