2019(e)ko abuztuaren 09(a) 10:00

Bizkaiak motozaleak babesteko sistemak ditu instalatuta ezarri diren errepideetako 135 kilometroetatik 96tan

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Aurreikuspenen arabera orain arte 6 milioi euroko inbertsioa izan duen plana 2024rako osatuko da.

Abuztu honetan N-637 errepidearen eta 1 Aldearen sare funtzionalaren 7,2 kilometrotan motozaleak babesteko sistema instalatzeko obrak hasten dira. Obra horiek betearazteko epea bost aste ingurukoa izango da eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2006an, apurka-apurka langa hauek  jartzeko plan hau hasi zenean, ezarri zuen aurrekontu-konpromisoa 500.000 euro urtekoa da.

2006tik Foru Erakundearen Errepideen Kontserbazio Zerbitzuak 6 milioi euro inguruko inbertsioa egin du eusteko sistemak lehengoratzeko berariazko proiektuetan eta guztira  motozaleak babesteko instalatu diren langen kilometroak 96 izan dira.

Aurten bertan obrak lizitatu dira 1 eta 2 alde funtzionaletako sareko errepideetan, 553.658 euroko aurrekontuarekin eta 8,3 kilometroko luzerarekin. Obra horiek 2020an egingo dira. Horrela, azken jarduketa honen ostean, instalatzeko geratuko diren langen kilometroak 31 izango dira eta horietatik 9,7 kilometro sare funtzionalekoak izango dira eta gainerakoak errepideen toki sarekoak. Aldundiaren usteen arabera plana 2020 eta 2024 urteen artean amaituko da.

Istripuak errepideetan eta langak

Motozaleen istripuak dezelerazio bortitzak ibilgailuaren ibilbidearen bat-bateko maniobrekin konbinatzen direnean metatzen dira. Baldintza horietan areagotu egiten dira gidariak kontrola galtzeko aukerak eta, horren ondorioz,   ibilgailu gainetik erortzekoak eta galtzadan zehar irrist egitekoak.

Erortze hori berariazko babesik gabeko langa metalikoa dagoen tokietan gertatzen bada galtzadaren gaineko irristatzea langa lurrarekiko ainguratzeko profilen aurkako talkan amai daiteke istripua pairatzen duenari kalte larriak eraginda (erorketa gertatzen den unean ibilgailuak duen abiaduraren eta ainguraketaren ezaugarrien eta kokapenaren  araberakoak izaten direnak).

Gaur egungo sistema aurrez jarritako zutoinen gainean muntatzen da; sistema hori hasiera baten ibilgailuen ihesa babesteko diseinatu zen. Sistema horiek bionda txapazko elementu horizontal batzuk dituzte, behegainetik 65/70 cm ingurura jarrita daudenak langen ilara baten edo bitan, eta galtzadako zoladuran iltzatzen diren zutoin bertikalen gainean ainguratuta jartzen dira.

Motozaleen kalteak babesteko sistema era osagarrian jartzen da aurez dauden langetan (eraikuntza berriko errepideetan sistema osoa jartzen da, ihesetarakoa, motozaleak babesteko beheko langa eta ibilgailuei eustekoa).