2019(e)ko uztailaren 23(a) 12:52

Aldundiak, hamaikagarren urtez jarraian, San Inazio egunean Gorbeiara igotzeko doako autobus-zerbitzua eskainiko du

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Lehenengo Gorbeibusa goizeko zazpietan irtengo da; ordu horretan igoko da lehenengo autobusa Pagomakurrera. Arratsaldeko zazpietan itzuliko da handik azken autobusa. Uztailaren 31n debekatuta egongo da foru autobusak erabiliko duen zirkuitura norberaren ibilgailuarekin sartzea; bertan lurrak dituztenek, abeltzainek eta inguruko aterpeen erabiltzaileek ere ezin izango dute sartu. Halaber, ezin izango da mendira joan bizikletaz edo zaldiz. Betiko moduan, debekatuta egongo da Gorbeiako Parke Naturalean kanpatzea eta/edo gaua igarotzea uztailaren 27, 28, 29, 30 eta 31n, ibilgailuen eta pertsonen pilaketak babesturiko inguru horretan eragin ditzakeen ingurumen-ondorio txarrak ekiditeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gorbeibusa jarriko du martxan hilaren 31n, hamaikagarren urtez jarraian. Doako autobus-zerbitzu horren bidez Gorbeiara igo ahal izango da San Inazio egunean; horrela, Arratiako eta Nerbioiko tradizioa bete ahal izango da. Zerbitzu hau helburu bikoitzarekin ematen da: ingurune naturala babestea eta mendi ezagun horretako pistetan zirkulazio arazorik ez egotea. Horrela, ingurune natural hori hobeto zainduko da hainbat pertsona hurbiltzen diren egun horretan.

Gorbeibusek goizeko zazpietan egingo du lehenengo bidaia Areatzatik (udal igerilekuetatik hurbil) Pagomakurrera igotzeko. Parke Naturaleko gune horretatik itzultzeko azkenengo bidaia arratsaldeko zazpietan egingo du. Autobusak 20 minuturo irtengo dira noranzko bakoitzean.

Ingurunea babesteko asmoz jartzen da martxan garraio publikoaren zerbitzu hau eta, ondorioz, mendiko aparkaleku guztiak itxiko dira eta egun osoan ezin izango dira banakoen ibilgailuak hara sartu (lurren jabeak, abeltzainak eta inguruko babeslekuen erabiltzaileak ere ezin izango dira sartu). Halaber, ezin izango da Aldundiak autobusentzat erabiliko duen zirkuitura sartu bizikletekin edo zaldiekin.

Areatzara autoz doazen pertsonentzat zazpi aparkaleku prestatu dituzte Aldundiak eta Areatzako Udalak udal-mugartean bertan. Aparkalekuak leku estrategikoetan daude, autobus-zerbitzuaren abiapuntura erraz heldu ahal izateko.

Era berean, eta ibilgailuen eta pertsonen pilaketak eragin ditzakeen ingurumen-ondorio negatiboak ekiditeko, debekatuta dago uztailaren 27, 28, 29, 30 eta 31n Parke Naturalean kanpatzea edo gaua igarotzea.