2019(e)ko uztailaren 22(a) 10:30

Simón Bolívarren jaioteguna dela eta "Emakumea eta Euskal Pilota” erakusketa inauguratuko da Simón Bolívar Museoan

Euskara eta Kulturako Saila

Erakusketa uztailaren 24tik urriaren 27ra bitartean bisitatu ahalko da Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa IBILTARIAK programaren parte da Horrez gain, Simón Bolívar Museoak hitzaldi bat antolatu du uztailaren 24rako: “Emakumea eta euskal pilota: iragana eta orainaldia”. Arantza Peredak, erakusketaren komisarioak, eta Leire Etxanizek, esku pilota Master Cup-aren 2019ko irabazleak, eskainiko dute hitzaldia

Emakumea eta euskal pilota erakusketa

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Andoni Iturbek, hasiera emango dio "Emakumea eta euskal pilota" erakusketa ibiltariari, datorren uztailaren 24tik aurrera (Simón Bolívarren jaioteguna) Simón Bolívarren Museoan ikusgai egongo dena.

Simón Bolívar Museoak hitzaldi bat antolatu du uztailaren 24rako: "Emakumea eta euskal pilota: iragana eta orainaldia". Arantza Peredak, erakusketaren komisarioak, eta Leire Etxanizek, esku pilota Master Cup-aren 2019ko irabazleak, eskainiko dute hitzaldia.

Pilota jokoa mundu osoan era askotariko modalitateetan jokatu da, eta Euskal Herrian hartu du nabaritasunik handiena Jatorritik, kirol hori gizonekin egon da lotuta. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan parte hartu izan dute aspaldiko garaietatik, hainbat zereginekin; erraketa modalitatean espezializatu ziren, eta horretan lortu zituzten lorpenik handienak. Erraketista haiek izan ziren kirol diziplina honen lehenengo profesionalak.

2012an Gernikako Euskal Herria Museoan ikusgai jarri zen eta Arantxa Pereda komisario izan zuen jatorrizko erakusketaren bost ataletako hiru hartuko ditu erakusketa honek.

Pilota modalitateak

  • SAKEA: Erraketa jokoak hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainiako estatuan eta Ameriketan. Atlantikoaz bestaldean arrakasta eta zabalkundea lortu zuena Ildefonso Anabitarte (1878-1937) izan zen, zesta-punta jokalari ospetsua eta pilotalekurik garrantzitsuenen enpresaburua XX. mendearen lehenengo erdian. Enpresaburu hark alderdi berri garrantzitsuak ekarri zituen jokalekuetan eta erraketa jokoaren tresnetan. Tenis-piloten ordez larruzkoak erabiltzen hasi ziren, esku pilotako ohiko pilotak baino txikiagoak zirenak, hots, 50 eta 70 gramo artekoak. Aldaketa hura zela eta, tenis-erraketa baino erraketa sendoagoak eta luzeagoak erabili behar izan ziren eta eraztuna estutu egin zen. Jokalarien janzkeran ere aldaketak gertatu ziren, batez ere gonen luzeran. 20ko eta 30eko hamarkadetan bernetaraino iristen ziren, baina 40ko hamarkadan, Moscardó jeneralak orkatilaraino luzatzeko agindu zuen, eta luzera hark kirola egitea zailago bilakatu zuen. 50eko hamarkadan belaunetaraino iristen ziren eta, harrezkeroztik, gutxika-gutxika moztuz joan ziren, jokoa arinagoa eta dinamikoagoa izan zedin. Erakusketa honetarako Mercedes de Miguel diseinatzailearen partaidetza izan dugu. Zazpi iruditan, erraketisten janzkeraren bilakaera kronologikoa bere erara aurkeztu du.
  • TANTO KOPURUA: Pilotalekuetako kudeatzaileek pilotari-talde bikainak biltzeak arrakasta itzela eman zion erraketa jokoari. Emakume gazte gehienak euskal pilotan tradiziorik handiena zuten herrietan biltzen ziren; hala ere, euskal pilotalekuetan modalitate hura ez zen asko jokatzen. Jokalari asko nabarmendu ziren eta asko gogora ekarri behar ditugu: Eugenia Iriondo "Eibarresa" edo "La Bolche"; María Antonia Uzcundu "Txikita de Anoeta"; Agustina Otaola; Eladia Altuna "Irura"; Luisa Alberdi; María Carmen Lasagabaster "Amaia"; Gloria Agirre "Txikita de Aizarna"; Lucia Areitoaurtenea; Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros); Conchita Bustindui, Olga Cazalis; María Luisa Senar; Rosa Soroa; Miren Uzkundum "Asteasu"; Justina Arenaza "Vasquita I" eta bere ahizpa Maria "Vasquita II". Euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.
  • KANTXA: Mendeko lehen urteetan zabaldu ziren pilotaleku gehienak erraketa jokoan jokatzeko diseinatu edo moldatu ziren: kantxaren luzera hogeita hamar metro ingurukoa zen, jokoa azkarragoa eta ikusgarriagoa izan zedin. Erraketistentzako lehen pilotalekua Madrilen zabaldu zen, 1917an, Cedaceros kalean, hain zuzen. Madrilen egon ziren erraketazale gehien eta bertan zabaldu ziren pilotaleku gehien; ondoren, Bartzelonan. Euskal Herrian Bilboko Euzkel-Jai eta Donostiako Gros pilotalekuetan bakarrik jokatu zen erraketa jokoan. Ameriketan jokoak izugarrizko arrakasta izan zuen eta pilotaleku askotan, hala nola, Kubako La Habana-Madrid edo Mexikoko Metropolitano pilotalekuetan jarraitzaile sutsu ugari izan zituen.

Erakusketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa IBILTARIAK programaren parte da.


Argazkiak