2019(e)ko uztailaren 12(a) 13:22

Aldundiak ezpondak egokitzeko obrak egingo ditu BI-3234 errepidean

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Kontserbazio-lanak pixkanaka egingo dira hurrengo asteetan, uda sasoian hondartzetarako sarbideetan ahalik eta traba gutxien egiteko

Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du ezpondak saneatu eta egokitzeko obrak egingo dituela Gautegiz Arteaga eta Ibarrangelu lotzen dituen BI-3234 errepidean.

Lanen helburua da foru errepide horretako ezpondetan ezbeharrik ez gertatzea. Aldundiko kontserbazio zerbitzuak egin dituen ikuskapenen arabera, Laidako hondartzaren inguruetan dute arrisku gehien errepideko ezpondek. Hala, bada, errepide horretan ibiltzen diren pertsonen segurtasuna bermatzearren, presako bidetik jardutea eta obrei ekitea erabaki da. Obrek bi hilabete eta erdi iraungo dute.

Errepideak hainbat ezponda ditu, horietako batzuk oso altuak, eta azken urte hauetan gorabehera ugari gertatu da, arekaraino eta galtzadaraino ere iritsi izan diren lur- eta harri-jausiak direla eta. Zehazki, 2016an bi gorabehera izan ziren, 2017an beste bi, eta joan den urtean, 2018an, guztira sei gorabehera.

Bizkaiko Foru Aldundiak barkamena eskatzen du jarduketa horrek eragin ditzakeen eragozpenengatik.