2019(e)ko uztailaren 11(a) 11:30

Aldundiak ‘Burdinoletan zehar. Bizkaia, Territorio Ferrón’ El Pobaleko Burdinolaren erakusketa inauguratu du 15. urteurrenean

Euskara eta Kulturako Saila

Bilduma honetan Bizkaiko burdinolen gaineko dokumentazio eta irudi berri asko topa daiteke, azken urteetan museoak egin duen ikerketa lanaren emaitza. Lurralde osoa ikus daiteke, estreinakoz. Datozen hilabeteotan, hitzaldiak eta gaiari buruzko ibilbide berriak antolatuko dira, eta erakusketa honetan ukitu bakarrik egingo diren gaiak sakontzeko bi argitalpen aurkeztuko dira: Bizkaiko burdinolei buruzko liburua eta Foru Agiritegiko euskal burdinoletako marrazkien azterlana. El Pobal ireki zenetik, 215.000 bisitari jaso ditu, 10.500 bisita gidatu baino gehiago egin dira eta 3.000 erakustalditik gora burdinolako makinak martxan jarrita.

Bizkaia, burdinoletan zehar erakusketaren aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiaren El Pobaleko Burdinolak 15 urte betetzen ditu, eta urtemuga hori ospatzeko eduki berriak ezagutaraziko ditu `Bizkaia, territorio ferrón´ erakusketaren bidez.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Lorea Bilbaok erakusketa aurkeztu du gaur goizean, eta hark aipatu duenez, erakusketan industria honetako aztarna onenen hautaketa zehatzena topa daiteke, burdinarena; burdinak, hain zuzen, Bizkaiaren identitatea, ekonomia, paisaia eta kultura lantzen lagundu du. Bilbaorekin batera izan dira ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusia, Andoni Iturbe; museoko zuzendari Marta Zabala; bertako teknikari Silvia Rubio; Santi Yaniz argazkilaria, Anton Lazkano realizadorea eta Javier Gandarillas marrazkilaria.

Burdinolek utzitako ondarea aberatsa da, askotarikoa, baina ezezagun samarra. Burdinoletan zehar erakusketan horren guztiaren berri izateko aukera izango du bisitariak. Gaur egun oraindik, gure ingurunean zeuden 200 burdinoletatik, 70 baten aztarna esanguratsuak aurki daitezke Bizkaia osoko hainbat tokitan.    

Bilduma honetan, industria aurreko instalazio horietako askok dituzten ezaugarriak erakutsiko dira; aldi berean, adibide aipagarrienak azpimarratuko dira, oso bereziak direnak.

`Bizkaia, territorio ferrón´ erakusketan irudiak eta ikusteko beste baliabide batzuk erabiliko dira "instalazio zahar" horien berri emateko. Kultura ondare garrantzitsua osatu dute, eta beren estetika berezia erakutsiko zaie bisitariei.

Horretarako, Santiago Yanizen begirada artistikoa baliatu du museoak. Industria-arkeologian ibilbide luzea urratu du, eta lan berri honekin txundituta utziko gaitu beste behin.

Santi Yanizen erreportajearen barnean dronen bidez hartutako irudi ikusgarriak topatuko dira; burdinolak inoiz ikusi ez diren bezala ikusi ahalko dira, inguratzen eta besarkatzen duten naturarekin behar bezala uztartuz.

Yanizen lana El Pobal 2011. urtetik sortzen ari den Bizkaiko burdingintza-ondareari buruzko argazki-funtsaren barnean sartzen da: 2.000 argazki baino gehiago, landa lan zorrotzaren emaitza, eta inauguratuko den erakusketan ikusi ahalko dira estreinakoz.

Bestalde, Javier Gandarillas marrazkilariaren obra eleganteak ere burdinolen munduaren edertasuna arakatuko du, eta hainbat teknikarekin egindako marrazkiak iradokiko (akuarelak, ikatz-marrazkiak edo pastela). Lan horiek burdinolen hondarrak janzten lagunduko digute, funtzionamenduan zeudenean nolakoak ziren irudikatzen.

Industria-arkeologiaren 100 urte baino gehiago

Dokumentu historiko berriak ere ikus daitezke bertan. 30 euskal burdinolei buruz 1907 eta 1919 artean egindako marrazki bilduma eder bat nabarmendu behar da. Bizkaiko Foru Agiritegian gordeta dago gaur egun. Altxor dokumental paregabea da; izan ere, gaur egun, argazkia egindako burdinola askoren testigantza grafiko bakarra da. Eraikinak, presak, ubideak, makinak marraztu ziren xehetasun handiarekin.

Bisitariak erakusketan barneratuko dituen `Burdinura´ izeneko bideoa ere ikusi ahalko da. Poesia bisualeko hiru minutu bizi; haren sortzaile Santi Yanizek eta Anton Lazkanok berak honela definitzen dute: Kolitza menditik Bizkaiko golkora arteko bidaia zirraragarria, `burdina egiten duen´ uraren ibilbidea iradokitzen duen bidaia bat, Barbadungo Kultura Industria Paisaiaren bitartez. Zentzumen guztietarako gozamena.

Hortik abiatuz, erakusketako edukiei, Bizkaiko burdinolen ondareari, askotariko ikuspegietatik begiratu behar zaie; hori egiteko gonbita luzatuko zaie bisitariei.

Erakusketan, esaterako, Orozkoko burdinolen errepertorio arkitektoniko bikaina erakutsiko da, Torrezar, Torrelanda edo Anuntzibai, esaterako; Lea ibaiaren arro guztian zehar Villarreal de Bérriz ilustratuaren arrastoa suma daiteke, diseinatu zituen presa modernoak zehazki, edo Barbadungo multzo estua, haren kilometro bakoitzean burdinola bat izan zuena.

Honako hauek ere ezagutu ahalko dira: Bizkaiko burdinola hidrauliko zaharrena, Munitibarreko Bengola, XIV. mendekoa (haren hondakinak energiaren interpretazio parke batean sartuta daude); Urtubiagako burdinolan egindako jarduketa, Ean, duela gutxi arte ez zena irisgarria estaltzen zuen landaretza joriak ez zuelako horretarako aukerarik ematen; edo Olabarrietako fanderiako hondakin izugarriak miresten uzten duten jarduketa, Sopuertan, XVIII. mendean irauteko asmoz burdinola batzuetan egindako berritze lanen adibide.

Ikaztegien barnean, formatu handiko irudi batzuk nabarmentzen dira, eta burdinaren industriaren eta jaurerriko mota eta aberastasun nagusien arteko lotura estua erakusten dute. Lotura hori zenbait alditan "botere taldeen" bidez azaldu izan da: Oxilaingoa, Markinan; Bolunburukoa, Zallan; Ansostegikoa, Etxeberrian; edo Bengoleakoa, Gizaburuagan. Burdinolen presentziak, dorretxe, baseliza, zubi edo errotaren ondoan, hala adierazten dute.  

Erakusketan industria-iraultza gainditu zuten burdinoletarako toki aipagarri bat gorde da, hain zuzen, XX. mendean ere aktibo izan zirenak: Lebariori eta Pobali egindako omenaldia. Ehunka urteko tradizio bateko azkenak izan ziren, eta horregatik, hain zuzen, deigarriak ziren garai bateko gizartearen zati batentzat; izan ere, oso bizkor ohartu ziren haiek zer-nolako balioa zuten kultura ondare gisa. `Burdinoletan zehar - Bizkaia, territorio ferrón´ siderurgia tradizionaleko azken erromantiko horiek gogorarazten ditu, desagertzear zegoen ondare bat (eta horrekin, Bizkaiko identitatearen oinarrizko zati bat) babesteko aitzindariak zirenak.

Burdinoletan zehar, azkenik, harago joan nahi duen zabalkunde proiektu baten lehenengo urratsa da. Datozen hilabeteotan, hitzaldiak eta gaiari buruzko ibilbide berriak antolatuko dira, eta erakusketa honetan ukitu bakarrik egingo diren gaiak sakontzeko bi argitalpen aurkeztuko dira: Bizkaiko burdinolei buruzko liburua (irudi eder batzuen laguntzarekin, kontserbatutako aztarna guztiak errepasatzen ditu) eta Foru Agiritegiko "euskal burdinoletako marrazkien" azterlana.

EL POBALeko Burdinola, siderurgia tradizionalaren museo bizi bat

2004ko ekainean, 500 bat urtez burdina egiten aritu zen makina hidrauliko zahar honek bere ateak ireki zituen jendearentzat, eta, hala, etapa berri bati ekin zion, siderurgia tradizionalaren museo bizi bilakatuz. Haren interes bereziaz jabetuta, Bizkaiko Foru Aldundiak instalazio hori 1990ean eskuratu zuen, eta urte askoan birgaitze prozesu zorrotz bat egin zuen.

Iraganean Bizkaian zeuden 200 burdinola baino gehiagotatik, Pobalekoa zen ondoen kontserbatutakoa eta, makinak zituen bakarra! Herritarrentzako berreskuratzea lehentasunezko jarduketa bat zen. Baina, museo berri hau, gainera, gure inguruaren eta haren ondare materialaren burdingintzarako bokazioa hedatzeko eta Muskizen nahiz Bizkaia osoaren irudia indartzen laguntzeko asmoz sortu zen, kalitatezko produktu kultural eta turistikoa garrantzitsua baita.

15 urteko ibilbidearen balantzea oso ona da. Pixkanaka, El Pobaleko Burdinola erreferentziazko museo bilakatu da Bizkaian burdinaren industria ezagutu nahi dutenentzat; industria hori funtsezkoa izan da gure lurraldearen ekonomian, gizartean, kulturan eta paisaian. Bizkaia eta burdina era bereizezinean lotuta daude, bata bestea gabe ezin da ulertu.

El Pobal ireki zenetik, 215.000 bisitari jaso ditu, 10.500 bisita gidatu baino gehiago egin dira eta 3.000 erakustalditik gora burdinolako makinak martxan jarrita.

3.000 eskola-talde inguruk bisitatu dute El Pobaleko Burdinola 2004az geroztik, museo honen ahalmen didaktiko handia eta hezkuntza-programa oso erakargarria direla-eta. Programa hori, modu irekian, apurka-apurka talde oso anitz eta geroz eta zorrotzago baten eskarietara egokitzen saiatu da. Programa hezkuntza ziklo guztietarako pentsatuta dago, haur hezkuntzatik unibertsitateraino. Eta baita lanbide heziketa, euskaltegi eta Helduen Hezkuntzako Ikastetxeetako ikasleentzat ere. 6.000/7.000 bat ikaslek bisitatzen dute urtero El Pobal.

El Pobal, ikerketa gune

Museo ororen xede nagusietako bat hedatzen dituen edukien eta bere bildumaren gaineko ikerketa sustatzea da. Burdinolak ahalegin handia egin du ikerketa-lan horretan. Urte askoan Bizkaiko burdingintza-ondarearen inbentario zorrotza egin da eta lurralde osoan banatutako 70 burdinola baino gehiagoren errolda. Lan horretatik irten da, besteak beste, irudien agiritegi bat, ondare honen egungo egoera dokumentatzen duten 2.000 argazki baino gehiago dituena. Aurten inauguratzen den `Burdinletan zehar´ erakusketa ikerketa horren emaitza gisa jaio da neurri batean.

El Pobaleko mazoa mugitzen zuen gurpil hidraulikoari buruzko azterlan bat ere babestu du museoak. Bere bildumaren bitxitzat jotzen da, eta burdinaren lanari energia hidraulikoak egindako aplikazio iraultzailearen ikurra da. José Mª Izaga eta Jorge Soler jaunek egindako azterlan horretan alderdi historiko eta teknologikoak jorratzen dira eta 2017ko urrian inauguratutako beste erakusketa batean jaso ziren.

2009an museoak arkeologia esperimentaleko programa bat ere hasi zuen, Allgaün (Alemania) paleosiderurgiako proiektu batean parte hartu ondoren.


Argazkiak