2019(e)ko uztailaren 08(a) 14:00

Ogasunak soluzio bat proposatzen du amatasun eta aitatasun prestazioen gaineko karga itzultzeko eskatzaile guztiei

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Batzar Nagusietara bidaliko duen foru arauaren proiektuaren arabera Ogasunak irmo bihurtutako erreklamazioetako kopuruak itzuli ahal izango ditu. Horrela burutuko den prozesuan Foru Ogasunak 45,5 milioi euro itzuli ditu orain arte (43.704 espediente).

Bizkaiko Foru Aldundiak foru arau baten proiektua bidaliko du Batzar Nagusietara 2014az gero jasotako amatasun eta aitatasun prestazioen gaineko kargak itzultzeko, erreklamazioa irmo bihurtu den kasuetan. Indarrean dagoen arautegiaren arabera ez dago modurik erreklamatzen diren kopuruak itzultzeko; beraz, foru arau hori onetsiz gero, Foru Ogasunak egiteko dauden azken itzulketak egin ahal izango lituzke: irmo bihurtutako 201 aitorpen, 300.000 euro guztira.

Horrela, amaitutzat joko litzateke 2014 - 2017 aldiko prestazio horiek jasandako kargak itzultzeko prozesua. Prozesu horretan, iazko urritik hona Foru Ogasunak 45,5 milioi euro itzuli ditu PFEZen 43.704 likidaziotan.

Orain arte aintzat hartu ez diren itzulketa-eskaera gehienak Auzitegi Gorenak auzi inguruko irizpidea finkatu aurrekoak dira, hau da, Gizarte Segurantzaren amatasun eta aitatasun prestazioei PFEZen kargarik jasan behar ez dutela ezartzen duen irizpidea eman aurrekoak. 

Bizkaiko Ogasunak ondo daki zer kaltegarria den erreklamazioa Auzitegi Gorenaren epaiaren aurretik aurkeztu zuten aita eta amentzat tratu-desberdintasun hau. Horregatik, eta arazoa azkar konpondu nahian, araugintzako izapidea berehala hasteko proposamena aurkeztuko du Aldundiko Gobernu Kontseiluaren hurrengo bilkuran.

Zer egin behar duten interesdunek

Proposatzen den foru araua onesten bada, dagoeneko Bizkaiko Ogasunari itzulketa-eskaera aurkeztu dioten zergadunek ez dute besterik ezer egin beharko. Soluzio baten zain erreserban dauden 201 eskaerak Foru Ogasunak izapidetuko ditu proposatzen den foru araua onetsitakoan. Eskaera aurkeztu ez dutenek Ogasunak ezarritako prozeduraren bidez aurkeztu ahal izango dute. Halaber, amatasun eta aitatasun prestazioen gaineko kargak itzultzeko eskatu ez duten gainerako pertsona guztiek eskaera aurkeztu ahal izango dute likidazioa preskribatzen ez den bitartean.

2014, 2015, 2016 eta 2017an jasotako amatasun eta aitatasun prestazioei ezarritako PFEZen kargengatik 43.704 likidaziotan ordaindutako 45.509.675 euro itzuli dira; likidazioak 36.060 zergadunenak izan dira, kontuan hartuta gerta litekeela aldi batean zergadun batek seme edo alaba desberdinengatik jasotzea prestazioa, prestazio bat hainbat ekitalditan jasotzea edo bi zergadunek zergaren likidazioa batera egitea ere.

Kopuru horri gehitu behar zaio PFEZen azken kanpainan egindako doikuntza; izan ere, kanpaina horretan prestazio horien gaineko kargak, 2018ko ekitaldikoak, salbuetsitako errentatzat jo dira, eta doitu egin behar izan dira. Gogoan eduki behar da, gainera, 2019ko urtarrilaren 1az geroztik Gizarte Segurantzaren amatasun eta aitatasun prestazioak salbuetsitako errentatzat jotzen direla Foru Ogasunak iazko azaroan abiarazi zuen PFEZen erreformaren ondorioz.