2019(e)ko uztailaren 04(a) 12:00

Arrolako aztarnategiaren irudikapen birtuala, Bizkaiko kultura-ondarea errealismo handiarekin ezagutzeko

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak teknologia berrienak erabiliko ditu ibilbide historikoen programan, Bizkaiko historia eta kultura-ondarea herritarrei are gehiago hurbiltzeko, eta Arrolako oppidumean abiatuko da esperientzia pilotu hori, uztailaren 5ean, 12an, 13an, 19an, 26an eta 28an eta abuztuaren 17an eta 30ean egingo diren bisitetan. ‘Ibilbide historikoak’ programaren baitan, gainera, beste zenbait bisita gidatu egingo dira, esate baterako, Urdaibain (uztailean eta abuztuan) eta Zin-bidean (irailean). Bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira eta taldeak txikiak izango dira. Bertaratzen direnek erreserba egin beharko dute aldez aurretik 688 856 689 telefono-zenbakira deituz edo helbide elektroniko honetara deituz: ibilbideak@bizkaia.eus

Arrolako oppiduma

Bizkaiko Foru Aldundiaren "Ibilbide historikoak" programak, bisita gidatuen bitartez Lurraldeko gune arkeologikoak zeharkatuko dituenak, zortzigarren edizioa egingo du aurten eta teknologia berriak txertatu ditu. Berrikuntza eta esperientzia pilotu gisa, aurten martxan jarriko da Arrolako Oppidumera bisita. Bertan, bisitariak modu oso errealean denboran atzera egingo du, Kristo aurreko IV. mendearen aurreko aztarnategiaren birsorkuntza ikusi ahalko du. Modu horretan, bisitan zehar ikusiko dituen aztarnek zentzu argiagoa hartuko dute, izan ere, lekua orain dela milaka urte nolakoa zen ikusi ahalko dute. Errealitate gehituak oraindik gehiago hurbilduko du historia eta kultura-ondarea herritarrengana.

Kastroaren airetiko irudietan fotogrametriako teknikak aplikatuz, errealitate gehituko tresna berriak erabiliz, 3Dko modelaketaren bidez ehundura errealistak sortuz eta airetiko bideoak zein 360º-ko argazkiak erabiliz lortu den aplikazioak bisitariei aukera emango die, tableta erako gailu mugikorren bitartez, jatorrizko kastroaren erreprodukzio digitalak gailuaren kameratik ikusten den errealitateari gainjartzeko, egungo kastroaren airetiko bideoez gozatzeko, eta, are, antzinako biztanleen etxebizitza baten erreprodukzioa miresteko. Hori guztia intuiziozkoa eta erraza izango da. Izan ere, nahikoa izango da gailua fokuratu eta botoiari sakatzea, eta kastroak orain dela 2.300 urteko itxura hartuko du berriro.

Honako teknologia hauek erabili dira bisita horretarako:

  • Fotogrametria. Teknika horren helburua da objektuen dimentsioak eta espazioan duten posizioa ezagutzea, bi argazki edo gehiago gurutzatuz edo argazki bat eta lurraren eredu digitala gurutzatuz egindako neurketaren edo neurketen bitartez.
  • 360 graduko argazkien bidez tokiak esfera baten erdigunean bageunde bezala ikus daitezke: ikuspegiaren angelua 360 gradutan alda daiteke, bai horizontalean, bai bertikalean, eta horrela behatzailea argazkia egindako parajean barneratu daiteke. Kastro honen kasuan, teknologia hori benetako argazkian zein irudikapenb birtualean erabili da, eta horrela ingurua duela 2.300 urte nolakoa zen erakusten duen 360 graduko argazkia sortu da.
  • 3D modelaketa. Horrela deritzon prozesuan, hiru dimentsioko objektu bizigabe nahiz bizidun baten adierazpen matematikoa garatzen da software espezializatu baten bitartez.

Arrolarako bisita horiek uztailaren 5, 12, 13, 19, 26 eta 28an eta abuztuaren 4, 17 eta 30ean burutuko dira. Esperientzia hori ibilbide zabalago baten parte da. Bisiten programa ekain honetan hasiko da Burdinolen ibilbide historikoak bisitarekin eta Urdaibaiko ibilbide historikoa deritzona uztailean eta abuztuan gauzatuko da, eta gai horretan adituak direnek toki guztietako xehetasunak eta bertan burututako ikerlanen emaitzak emango dituzte. Aipatutako eremuan leku hauek bisitatuko dira: Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia, Katilotxuko estazio megalitikoa, Arrola-Arrolaguneko Oppiduma eta Ereñozarreko gaztelua.

Bestalde, iraileko azken bi asteburuetan, Foru Aldundiak bisita gidatuak antolatuko ditu Bizkaiko Zin-bidera; Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea proposatzen du.

Aldundiak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko ditu bisitak.  Kalitatezko zerbitzu jasangarri bat eskaintze aldera, bisitan parte hartuko duten pertsonen kopurua mugatua izango da. Interesdunek erreserba egin beharko dute aldez aurretik 688 856 689 telefono-zenbakira deituz edo ibilbideak@bizkaia.eus helbide elektronikora idatziz.

URDAIBAIKO IBILBIDE HISTORIKOA

Ibilbide hau uztailean eta abuztuan egingo da Mundakako itsasadarraren arroan. Toki hauek bisitatuko dira: Arrola-Arrolaguneko Oppiduma (Arratzu), Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropolia (Bermeo-Busturia), Ereñozarreko gaztelua (Ereño) eta Katilotxuko estazio megalitikoa (Mundaka, Sukarrieta eta Busturia).

Arrolako Oppiduma Kantauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten K.a. IV. mendean, eta K.o. I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen. Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da, eta 16 hektarea hartzen ditu barne. Mota honetako gotorlekuak edo kastroak oso ohikoak izan ziren Burdin Aroan, eta Bizkaia osoan egoerarik onenean dagoena Arrolakoa da. Arrolako Oppidumeko bizimoduaren ezagutza osatzeko, Arrolagune (Arratzu) interpretazio-zentroa bisitatuko da.

Bisiten programaren barruko beste toki bat Foruko Multzo Historikoa da, euskal itsasaldeko erromatarren garaiko aztarnategi arkeologikorik ezagunena eta hoberen kontserbatu dena.

Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago (Foruan), Oka ibaiaren ezkerraldean, hau da, Urdaibai haranaren bihotzean. K.o. I. mendekoa da eta 6 hektarea hartzen ditu.

Aztarnategia 2017ra arte induskatu da, eta ezagutzera eman du hamalau eraikin izan zirela, tipologia eta erabilera desberdinetakoak, harearrizko hargin-lanez eginak. Biztanleen etxolez eta etxeez gain, burdina urtzeko labe metalurgiko asko aurkitu dira, eta hainbat burdinola ere bai, lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiliak.

Tourseko San Martin parrokia-elizako lurpean, tenplu errenazentista kristauaren azpian, Erdi Aroko nekropoliak eta eliza gotiko baten oinplanoa aurkitu zituzten. Ibilaldian parte hartzen dutenek aurkikuntza horiek ikusi ahalko dituzte.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo eta Busturia) lurraldeko beste bitxietako bat da. Bizkaiko Foru Aldundia duela sei urte hasi zen altxor arkeologiko hau industeko lanetan. Orain arte hamar hilobi-egitura aurkitu dira. Esparru horien barruan hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak (errausturik) sartzen ziren.

Aztarnategi honen lehenengo zantzuak 1994an aurkitu ziren, baina 2013an sartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak Tribisburu bere ikerketa-egitasmoen artean.

Aurkitutako hondarrek erakusten digute Tribisburun gure arbasoek K.o. I. mendetik III. mendera bitartean zeuzkaten hileta-ohiturak. Gorpua egurrezko txondor batean errausten zuten, haren objektu pertsonalekin, eta hurbilekoek egindako eskaintzekin.

Indusketa-lanetan materia asko aurkitu dira, hauexek, besteak beste:  jantziak, oinetakoak, armak, apaingarriak eta eguneroko bizitzan erabiltzen diren gauzak (zeramikazko plater eta lapikoak). Hondarrak oso zatituta dauden arren, argi dago Erromako kulturaren eragina.

Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste enklabeetako bat da. Ereñozarko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Aztarnategi horretako ikerketa arkeologikoak Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen du. Hainbat aldi agertzen dituen nekropoliak eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrek osatzen dute aztarnategia. Gaur egun ermita txiki bat duen gailurrean, bisitariek gure historiako garairik ezagunenetako bat gogoratu ahal izango dute. Aldi horretan, Erdi Aroko gazteluak, Erdi Aroan gure haranak zaintzen zituzten gotorlekuak, eta gure arbasoen bizimoduak eta sinesmenak ziren nagusi.

Amaitzeko, Katilotxuko estazio megalitikoa dago; hain zuzen ere, modu kolektiboan erabiltzeko hilobi-eraikin batzuek osatzen dute, eta bi dolmen dituzte, 2004. urtetik 2008. urtera induskatu eta zaharberritu zirenak. Gainera, hiru egitura tumular dituzte, baina oraindik ez da lanik egin horietan.

BIZKAIKO ZIN-BIDEA

Bizkaiko Zin-bideak Bizkaiko Jaunak foruak zin egiteko egindako bidea proposatzen du; izan ere, egintza hotsandiko funtsezko ekitaldi bat izan zen, eta garrantzi handia izan zuen iraganean erregearen eta bizkaitarren arteko harremana finkatu eta adostasunetara iristeko. Eraginak bizirik dirau gaur egun ere, eta gure lurralde historikoko berezitasuna definitzen laguntzen du.

Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko Foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira. Nagusiki, bi helburu ditu batzordeak: gure historia ezagutaraztea eta, espezifikoago bat, Bizkaiko Foruen funtsean barneratzea, bere ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko.


Argazkiak