2019(e)ko uztailaren 02(a) 10:29

Diputatuek foru-gobernu berriaren kontseiluaren lehen bilera egin dute beren karguez jabetu ondoren

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Unai Rementeria buru duen gobernu berriak 9 sail ditu -aurreko legegintzaldian baino bat gehiago- eta, guztira, 24 zuzendaritza nagusi

Gobernu lantaldea

Bizkaiko Foru Aldundiaren gobernu-talde berriko diputatuek beren karguak hartu dituzte gaur, Unai Rementeria Ahaldun Nagusia buru izan den ekitaldi batean. Karguaz jabetzeko ekitaldia Foru Jauregian egin da eta foru-gobernuko kide berriek zin egin edo hitz emateko formula erabili dute: Onura eta bidezkotasuna indartzeko, otseintzarako gogo biziz, askatasunaren eta burujabetzaren ikur diran Bizkaiko foru, jarduera eta ohiturak zaintzea zin dagit.

Unai Rementeriak Gernikan egin zen inbestidurako osoko bilkuran aurreratu zituen gobernua osatzen duten bederatzi diputatuen izenak, baita hurrengo lau urteetan ardurapean izango dituzten sailak ere: Ibone Bengoetxeak Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua izaten jarraituko du, eta Lorea Bilbaok Euskara, Kultura eta Kirol Sailean; Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko foru-diputatua izango da; José María Iruarrizagak Ogasun eta Finantza Sailean jarraituko du; Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren arduraduna da; Imanol Pradalesek Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sail berriaren ardura hartu du; Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatu karguarekin sartu da Gobernu Kontseiluan, eta Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatu gisa, eta, azkenik, Elena Unzueta beste lau urtez izango du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren ardura.

Karguak hartu ondoren, Aldundiko gobernu-talde berriak Gobernu Kontseiluaren lehen bilera egin du eta egitura berria berretsi du: bederatzi foru-sail eta bi kabinete, Ahaldun Nagusiak legegintzaldi honetarako ezarritako helburuak betetzeko.

Sailei dagokienez, guztira 24 zuzendaritza nagusia egongo dira; aurreko legegintzaldiarekin alderatuta, hiru gehiago. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak zuzendaritza nagusi hauek izango ditu: Zerbitzu Korporatiboen Zuzendaritza, Araubide Juridikoaren eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza, Udal Harremanen eta Larrialdien Zuzendaritza eta Herritarrenganako Laguntzaren eta Zerbitzu Digitalen Zuzendaritza. Ibone Bengoetxeak zuzendutako sailak atxikita izango ditu Lantik eta Zugaztel foru-sozietateak eta Biscaytik Fundazioa.

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren ardura Elena Unzuetak izango du, bi zuzendaritzekin: Nekazaritza Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia. Sail honek Basalan eta Garbiker foru-sozietateak izango ditu atxikita.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak lau zuzendaritza nagusi izango ditu sailean: Enplegua Sustatzeko Zuzendaritza; Gizarte Inklusioa Sustatzeko Zuzendaritza; Berdintasuna Sustatzeko Zuzendaritza, eta Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza.

Jose Maria Iruarrizaga buru duen Ogasun eta Finantza Sailean ez dago aldaketarik eta orain arte izan dituen zuzendaritza nagusiak izango ditu: Ogasuneko Zuzendaritza Nagusia; Katastroaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza; Finantza, Aurrekontu eta Ondarearen Zuzendaritza eta FAEAren Zuzendaritza. Sail honi atxikiko zaio LAE foru enpresa-erakunde publikoa (Estatuko Loteria eta Apustuen Bizkaiko Erakundea).

Euskara, Kultura eta Kirol Sailean ez dago aldaketarik ere. Lorea Bilbao izango da burua eta Euskara Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza Nagusia mantenduko dira. Halaber, atxikita izango ditu Euskalduna Jauregia foru-sozietatea, BizkaiKOA foru-erakunde publiko enpresariala, Bizkaia-Bizkaialde Fundazioa, Azkue Fundazioa eta Juan Crisóstomo de Arriaga Orkestra Sinfonikoa.

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatuak Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusia eta Berrikuntzarako eta Bideen Kudeaketarako Zuzendaritza Nagusia izango ditu ardurapean. Azpiegiturak eta Interbiak foru-sozietateak izango ditu atxikita sail honek.

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak Miguel Angel Gómez Viar izango du buru, eta kudeaketa-eremu horietaz -garraioak eta mugikortasun jasangarria- arduratuko diren bi zuzendaritza nagusi izango ditu. Halaber, Aparkabisa foru-sozietatea izango du atxikita.

Ainara Basurkok Ekonomia Sustatzeko Sailaren ardura hartu du, eta Enpresak Sustatzeko eta Ekonomia Garatzeko Zuzendaritza Nagusia eta Kanpo Sustapenerako eta Turismorako Zuzendaritza Nagusia izango ditu ardurapean. Baita BEAZ, Seed Capital Bizkaia, Seed Capital Bizkaia Mikro, Crowfunding Bizkaia eta Sestao Bai sozietateak ere.

Gizarte Ekintza Sailean, Sergio Murillo izango da foru-diputatua, eta bi zuzendaritza nagusi izango ditu: Administraziorako eta Gizarte Sustapenerako Zuzendaritza eta Autonomia Pertsonala Sustatzeko Zuzendaritza. Halaber, haren ardurapean egongo dira Bizkaiko Tutoretza Erakundea eta IFAS-GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea.

Bestalde, Ahaldun Nagusiaren Kabineteak orain arteko zuzendaritza nagusiak izango ditu: Komunikaziorako Zuzendaritza, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza eta Bizkaiko Behatokiaren Zuzendaritza. Eta beste kabinete bat sortu da: Estrategia Digital eta Korporatiboaren Kabinetea, zeinak foru-sailak koordinatuko dituen arlo hauetan: estrategia digitala, datuen babesa, izapideen sinplifikazioa, zerbitzuen hobekuntza, gardentasuna edo herritarren parte-hartzea. Kabinete honek Gobernamendu Onerako eta Gardentasunerako Zuzendaritza Nagusia eta Planen Koordinazio, Ebaluazio eta Jarraipenerako Zuzendaritza Nagusia izango ditu.


Argazkiak


Bideoak


Audioak