2019(e)ko ekainaren 28(a) 09:30

Zordun handien zerrendaren argitalpena

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Bizkaiko Foru Ogasunak publiko egin du 2018ko abenduaren 31n milioi bat euro baino gehiagoko zorra zuten 165 zordunen zerrenda Zerrenda hori argitaratzea zerga-iruzurraren aurka borrokatzeko foru planean ezarri diren neurrietako bat da

Aldundiak 2018ko abenduaren 31n Bizkaiko Foru Ogasunarekin milioi bat euro baino gehiagoko zorra zuten zergadunen zerrenda argitaratu du. Zerrenda horretan 165 zergadun bizkaitar azaltzen dira eta Ogasunarekin, guztira, 466,3 milioi euroko zorra dute. Zerga Iruzurraren Aurkako Planean jasotzen den zerrenda horren argitalpenaren bidez, zerga-iruzurra saihestu nahi da, herritarren zerga-kontzientzia kolektiboa sendotzearen bitartez.

2/2016 Foru Arauan ezartzen den bezala, zerrenda horretan azaltzen diren pertsona fisiko eta juridikoei aldez aurretik jakinarazi zaie zerrendan sartuta daudela eta alegazioak aurkezteko epe bat eman zaie. Zordun handien zerrenda interneteko bilaketa-motorren bitartez bere edukia indexatzeko ezintasuna bermatzen duten bitarteko elektronikoen bitartez gauzatu da eta Aldundiaren webgunetik ezabatuko da hiru hilabete igarotakoan.

Zerrenda hori 2018ko abenduaren 31n etenda edo atzeratuta ez dauden zordunen datuekin eta ordaintzeke dauden zehapenekin burutu da. Modu horretan, agian ez du zehazki islatzen argitalpenaren datan zor ziren zenbatekoak.