2019(e)ko ekainaren 21(a) 13:00

Aldundiaren zentroetako askotariko gaitasunak dituzten 200 pertsona bildu dira boxeoaren bidez beren inklusioa aldarrikatzeko

Gizarte Ekintzako Saila

Sestaoko MT Boxing eta Bilboko Mampogym Zorrotzaurre Boxing klubetako hogeita hamar bat zalek, amateurrek eta profesionalek gogor jo dute desgaitasuna duten pertsonen alde eta pertsona horien benetako eta erabateko inklusioaren alde dibertsitatearen aldeko boxeo-borroka batean. Aldarrikapena eta jai-giroa uztartu diren ekitaldi honetara desgaitasuna duten pertsonen arretarako 14 zentrotako 200 pertsonatik gora bildu dira; boxeoaz gozatzeaz gainera Bizkaiko Foru Aldundiak Gordexolako Udalaren laguntzarekin antolatutako IX. Paella Lehiaketan ere hartu dute parte.

Boxeo-erakustaldia

Urtero bezala aurten ere desgaitasuna duten pertsonen arretarako Bizkaiko hamahiru zentrok parte hartu dute Gordexolan aldarrikapen-giroan egin den jaialdian; aurtengo edizioa hamargarrena izan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu ohi duen paella txapelketaz gainera boxeo-erakustaldia ere egon da.

Aldundiaren zentroetako 200 pertsonatik gora askotarikotasunaren alde bildu dira, eta boxeo-borroka berezi baten bidez beren inklusioa benetakoa eta erabatekoa izatea aldarrikatu dute. Ekitaldi horretan Sestaoko MT Boxing eta Bilboko Mampogym Zorrotzaurre Boxing Club klubetako hogeita hamar bat boxeolari izan dituzte lagun, adingabeak eta helduak, bai amateurrak, bai profesionalak.

Beraz, ohi bezala kirola hartu da ardatz, aurten boxeoa, eta ekitaldira bildu diren pertsonek eta boxeolariek gogor jo dute desgaitasuna duten pertsonen alde, egunero-egunero beren askotariko gaitasunak konpromisoarekin, dedikazioarekin, inplikazioarekin eta beren burua hobetu nahian erabiltzen baitituzte, benetako inklusioa eta bizitza normala aldarrikatzeko, kirol guztiak bat datozen balioak. Gainera, ekitaldian pertsona horiei egunero laguntzen dieten profesionalak eta senideak ere izan dira.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila buru-belarri aritu da ekitaldi honetan; izan ere, ludikoa izateaz gainera, berari esker gogorarazi da askotariko gaitasunak dituzten pertsonek badutela eskubidea beren bizitza-proiektu propioa aldarrikatzeko eta erabat gauzatzeko.

Jarduera horrekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak urtero antolatutako paella lehiaketa tradizionala egin da -aurtengoa hamargarren edizioa izan da-.

Giro paregabea izan da lehiaketa horretan, eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko eta, horretan, gonbidatutako beste zentro batzuetako zenbait erabiltzailek eta profesionalek hartu dute parte, aktiboki, eta beren sukaldaritza-dohainak agerian utzi dituzte.

Hain zuzen ere, Zubiete, Errekalde, Zumelegi, Lusa, Loiu-Udaloste, Orduña, Bekoetxe, Lurgorri eta Birjinetxe zentroek hartu dute parte. Halaber, harremanetan izan ohi diren beste zentro eta erakunde batzuk ere bertaratu dira, hala nola Apnabi, Gorabide, Lantegi Batuak, eta Menagarai zentroa.

Denak izan dira irabazle eta denek jaso dute saria; izan ere, lehiaketa erabat integratzailean parte hartu izana saritu da.

Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroen foru sarea

Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak 9 laguntza-zentro publiko kudeatzen ditu osotara: 7 egoitza-zentro (223 plaza) eta 2 eguneko zentro (69 plaza). Horrez gain, Gizarte Ekintza Sailak ehun hitzarmen baino gehiago ditu sinatuta hirugarren sektore sozialeko hainbat erakunderekin, eta horiek euskarria ematen diote ezgaitasunen bat duten pertsonentzako zerbitzuetan aurrendari den sareari. Osotara, 1.269 plaza daude egoitza-zentro zein etxebizitzetan, eta 1.355 plaza eguneko zentroetan. Horrez gain, Foru Aldundiaren eskaintza osatze aldera, bada gainerakoak bezain garrantzitsua den beste sare bat, zentro okupazionalena, eta hark 1.416 plaza ditu.


Bideoak