2019(e)ko ekainaren 19(a) 11:00

Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak bat egin dute nazioarte mailako unibertsitate-arloan ondare kulturala zabaltzeko

Euskara eta Kulturako Saila

Lankidetza-protokolo honen sinadurarekin Bizkaiko Foru Erakundeak eta Deustuko Unibertsitateak espazio erkidea sortu dute nazioarte mailan Bizkaiko kultura sustatzeko ideiak eta aholkularitza trukatzeko eta materialak hornitzeko eta zabaltzeko.

Deusto eta Aldundiaren arteko protokolo sinadura

Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Lorea Bilbaok, eta Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak, Alex Rayónek, lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur goizean nazioarteko unibertsitate-arloan Bizkaiaren ondare kulturalaren zabalkuntza sendotzeko.

Akordio honen helburua indarrak batzea eta lan egiteko espazio erkidea sortzea da nazioarte mailako jardueretan Bizkaiko kultura sustatzeko ideiak eta aholkularitza trukatzeko eta materialak hornitzeko eta zabaltzeko, horrela jarduera horiei balio kultural erantsia emanez.

Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Lorea Bilbaok, azaldu du protokolo honekin Bizkaiko Foru Erakundeak Lurraldearen ondare kulturala ezagutzera ematen lagundu nahi duela; ondare aberatsa eta bakarra da, gure Herriaren nortasuna markatzen duena. Bilbaok honakoa gehitu du: kultura munduarekiko irekitzeko erarik abegikorrena da eta, horregatik, gure ondare kultural itzela bultzatu eta zabaldu behar dugu, horren ezagutzan eta aintzatespenean, terminoaren zentzurik zabalenean, gizartearen transformazioan eta aurrera egitean laguntzeko funtsezko elementua delako.

Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeak, Alex Rayónek, adierazi du Bizkaian dugun ondare kultural bikaina erakusteko Lankidetza protokolo hau sinatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiarekin. Gure nazioartekotze plana, Deustuko 2022 plan estrategikoaren barruan, hainbat atzerriko kolektibo biltzen ditu gure Bilboko kanpusean; ikasle gazteak, irakasleak, erakunde ordezkariak, politikariak, etab. Haiei esperientzia paregabea emateko, Bizkaiko adierazpen artistikoak (museoak, espazioak, elementu historikoak...) erakustea aukera ederra da. Irakaskuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren bidez, gure unibertsitatea Bizkaiko lurraldeko agente gisa eman nahi dugun nazioarteko proiekzioaren zati bat da guretzat.

Bizkaiko Foru Aldundiak hartu dituen konpromisoen artean honako hauek daude: Deustuko Unibertsitateari ondare kulturalaren arloan beharko duen lankidetza, aholkularitza eta laguntza ematea, eta gauza bera Errektoreordetzak antolatzen dituen jardueretan ondare kulturalaren garrantzia eta balioa zabaltzeko aukera emango duten sustapen-materialei dagokienez; halaber, Deustuko Unibertsitateari protokolo honen helburuak betetzeko Bizkaiko Lurralde Historikoko esparru kulturalean eta museoen arloan esku hartzen duten beste erakunde batzuekiko beharrezkoak izango diren kontaktuak bideratzea.

Beste aldetik, Deustuko Unibertsitateak hartu dituen konpromisoen artean honako hauek daude: Bizkaiaren sustapenerako materialen hedakuntza parte hartzen duen nazioarteko jardueretan, hau da, hala bere kanpus guztietan nola nazioarteko ekitaldi eta bileretan, eta kulturaren arloan Bizkaiko Foru Aldundiak garatzen eta kudeatzen dituen proiektuen ezagutza eta zabalkuntza bideratzea Unibertsitatearen beraren nazioarteko jardueretan.


Argazkiak