2019(e)ko ekainaren 18(a) 11:56

Bizkaiko Foru Aldundia eta Elkargi elkarlanean arituko dira Enkarterriko enpresen finantzaketari laguntzeko

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Foru erakundeak eta elkarren bermerako sozietateak Seed Capital Bizkaia Mikro Enkarterri mailegua aurkeztu dute, eskualdeko enpresei bermerik zein abal pertsonalik gabeko mikrofinantzaketa emateko, oso interes txiki batean

Zenón Vázquez eta Imanol Pradales

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elkargik tresna bat abiarazi dute Bizkaiko enpresei maileguak ematen laguntzeko, Seed Capital Bizkaia Mikroren bidez eta Enkarterrirako sortutako produktuaren bidez. Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak eta Zenón Vázquez Elkargiko zuzendari nagusiak eman dute tresnaren xehetasunen berri; Enkarterriko mikroenpresei mikrofinantzaketa emateko diseinatuta dago, inolako bermerik eta abal pertsonalik gabe eta finantza-baldintza oso mesedegarrietan.

Pradalesek eta Vázquezek adierazi duten moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak konpromisoa hartu du 600.000 euro bideratzeko Elkargiko kide partaideei zuzeneko maileguak emateko. Zehatzago, tresna berri hau Enkarterriko sozietate kooperatibo, lan-sozietate, sozietate mugatu eta gizarte-ekonomiako enpresentzat da, betiere mailegua ez bada negozioa birfinantzatzeko edo pasiboak berregituratzeko. Enpresako 25.000 euro da finantzaketaren zenbateko handiena. Urteko interes-tasa finkoa izango da % 2,5ekoa, komisiorik eta notaria-gasturik gabekoa. Ez da eskatuko berme pertsonalen berme osagarririk, baina, negoziorako kalkulatutako arriskuaren arabera, baliteke ordainketen ardura izango duten bermatzaileak eskatzea.

Elkarrekiko berme-sozietateak bermatuta dagoSeed Capital Bizkaia Mikro Enkarterri, eta bezeroa erakunde horri eginiko ekarpenen onuradun da, horretarako inolako ordainketarik egin gabe. Aldundiak eta Elkargik sinatutako hitzarmenean, gutxienez sei hilabeteko eta gehienez ere bost urteko amortizazio-epea ezartzen da.

Zenón Vázquezek eta Imanol Pradalesek azpimarratu dute hitzarmen hau une garrantzitsua dela Elkargik eta Aldundiak gure lurraldean jarduera ekonomikoa eta enpresen lehiakortasuna sustatzeko lankidetzan, hain zuen, lankidetza publiko-pribatuaren bidez sortutako finantzaketa-iturrien dibertsifikazioan.

Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak, bestalde, azaldu du Aldundiak espero duela hogeita hamar bat enpresa-proiekturi laguntzea Enkarterrirako espezifikoa den mikrokreditu-programa honen bidez, eta gogorarazi du neurri hau gehitzen zaiela Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualdeko udal guztiek bertako ekonomia pizteko planaren bidez Enkarterriko enpresen lehiakortasuna hobetzeko abiarazitako hamabi ekintzei.

Horrez gainera, Imanol Pradalesek gogora ekarri du Aldundia 2015. urtetik hona ari zaiela lurraldeko ekintzaileei mikromaileguak ematen Seed Capital foru-sozietatearen bidez. 2019ko lehen hiruhilekoan, Seed Capital Mikrok 100 mikromailegutik gora eman ditu: 2 milioi euro baino gehiago, guztira.


Argazkiak


Bideoak