2019(e)ko ekainaren 13(a) 16:00

Bizkaiko maiatzera arteko zerga-bilketa 3.074,3 milioi eurora igo da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasunak %2,5 gehiago bildu du iazko epe berean baino, eta 2019. urte osorako aurrekontuaren %39,1 exekutatu du.

Urtarriletik maiatzera bitartean, Bizkaiko Foru Ogasunak 3.074,3 milioi euro bildu ditu, hau da, 2018ko ekitaldiko epe berean bildutakoa baino 75,7 milioi gehiago. Bilketaren urteen arteko hazkundea, beraz, % 4,1 da.

Guztira bildutako kopurutik, 1.288,7 milioi euro zuzeneko zergei dagozkie. Zergapetze hori %1,5 hazi da 2018koaren aldean. Zuzeneko zerga nagusien artetan, PFEZa %3 hazi da oro har; nabarmentzekoa da lan-atxikipenetan gertatu den igoera, %5,4koa izan baita. Bere aldetik, Sozietateen gaineko Zerga, guztira, 129,2 milioira heldu da, duela urtebete baino %13,8 gutxiago. Horren arrazoia argi dago: bilakaera negatiboa izan dute kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenek eta zergaren kuota diferentzialak.

Zeharkako zergapetzea %1,5 hazi da 2018aren aldean, eta 1.600,4 milioi euro jo du. Atal horretan, kudeaketa propioko BEZak 1.221,5 milioi euro ekarri ditu; hori %1,7 jaistea da. Zerga Berezien artean, bestalde, Hidrokarburoen gainekoa %12,1 igo da eta Tabako-Laboreena, %3,9; elektrizitatearena, berriz, %3,9 jaitsi da.

Zeharkako zergen zenbatekoetan, dagoeneko deskontatuta daude beste foru diputazioei barne-doikuntzetako lehenengoan egindako ordainketak: guztira 309,4 milioi euro.

Azkenik, Tasak eta bestelako Sarrerak 26 milioi euro dira; horrek esan nahi du, Kudeaketa Propioko Zerga Itunduen guztirakoa 2.915,2 milioi euro dela. Kopuru horri Estatuarekiko lehenengo doikuntzaren emaitza gehitu behar zaio; hor, Bizkaiak 243,9 milioi jaso ditu BEZa dela-eta, eta 84,9 milioi ordaindu Zerga Bereziengatik.

Urteko lehen bost hilabeteetan guztira bildutakoa, 3.074,3 milioi, ekitaldi osorako aurreikusitakoaren %39,1 da, ekitaldi osorako 7.868,3 milioi euro aurreikusita daude eta.