2019(e)ko ekainaren 13(a) 14:00

Rabba Rabba Girl! rock musika zikloaren helburua zuzeneko musikaren panoraman emakumeak aintzatestea eta ikustaraztea da

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Emakumeek lideratzen dituzten edo osorik emakumez osatuta dauden hamar bat musika taldek abuztu, irail eta urriko igandeetan joko dute Bilbon Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak laguntzen duen esperientzian. “Kontua ez da bakarrik emakumeek eszenatokiak sendo zapaltzea, hori eskubide propioz azken hamarkadetan gertatu delako; guk ikustaraztea eta gainerako herritarrentzat, batez ere gazteentzat, erreferente izatea defendatzen dugu”, azpimarratu du Teresa Laespada jarduneko diputatuak.

Laespada eta Ruigómezz, aurkepenean

Emakumeek lideratzen dituzten edo osorik emakumez osatuta dauden hamar bat musika taldek abuztu, irail eta urriko igandeetan joko dute Bilbon Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak laguntzen duen esperientzian.

Hamar bat talde, bakarlari eta baita abesbatza bat ere, kasu guztietan emakumeek lideratuta edo osorik emakumez eratuta daudenak, izango dira Rabba Rabba Girl! Kontzertuen zikloan joko eta abestuko dutenak. Zikloa aurtengo abuztua eta urria artean ospatuko da Bizkaiko hiriburuan. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren laguntza duen musika-ziklo honen helburua emakumeak rock musikari egin eta egiten dion ekarpena aintzatestea eta Euskadin zuzenean jotzen den musikaren zirkuituan ere emakume horien lana bisibilizatzea da.

Lehen edizio honetan pare hartzen duten banden artean, besteak beste, nazioarteko taldeak diren Liza Colby, Kim Lenz eta Ramonas taldeak, 30 emakumek eratzen duten Rock&Choir/Zirzira Ahots Taldea abesbatza eta Koko Jean & The Tonics azpimarratu behar dira, eta baita Moonshakers, Rosebud edo Desorden taldeen mailako tokiko bandak ere.

Urte hauetan ikusi dugu Euskadin hazi egin dela emakumeek funtseko zeregina betetzen duten kalitatezko taldeen kopurua, baina hori gorabehera kontzertuen programazioaren zirkuituan ez da era egokian aintzatesten. Rabba Rabba Girl! Zikloaren protagonista emakumea da eta genero musikal moduan haria edo ardatza pop-rocka eta bere aldagai guztiak dira.

Teresa Laespada diputatu sozialistak zuzentzen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak berdintasuneko zeharkako politikak zuzendu eta sustatu ditu lau urte hauetan, gizartearen arlo askotan eragina izan dutenak: enplegua, garapenerako lankidetza, kirol ekitaldiak, gizarte inklusioa, etab.

Ekimen berri honekin -kasu honetan musikaren munduarekin lotuta dagoena-, Sailak bizitza publikoaren esparru guztietan emakumeak bisibilizatzeko eta ahalduntzeko apustuarekin jarraitzen du. Ez dago emakumeentzat debekatuta dagoen lurralderik eta XXI. mende honetan ezin da biztanleen talentuaren % 50 alferrik galdu, azpimarratu du Laespadak bere Sailaren berdintasunaren aldeko ekimen hau testuinguruan kokatzerakoan. Kontua ez da bakarrik emakumeek eszenatokiak sendo zapaltzea, hori eskubide propioz azken hamarkadetan gertatu delako; guk ikustaraztea eta gainerako herritarrentzat, batez ere gazteentzat, erreferente izatea defendatzen dugu, azpimarratu du jarduneko diputatuak.

Nolabait esateko, ziklo honekin sustatzaileek Riot Grrrl mugimendu feminista estatubatuarra omendu nahi dute; mugimenduak 90eko hamarkadaren hasieran emakumeak rockean zuen zeregina ikustarazteko zirkuitu alternatiboa sortu zuen, hau da, fan/groupieen edo gizonezkoen banden imitatzaile hutsen estereotipoak gaindituz. Emakumeek euren musikarekiko agintea hartu zuten eta ordura arte mugiezinak ematen zituzten zimenduak astindu zituzten.

Rabba Rabba Girl! hilero emanaldi bakoitzean bi banda izango dituen programazioa finkatzeko sortzen da, hau da, bat tokikoa eta bestea gonbidatua, euren artean jarduteko eszenatokiak zabaltzeko kontaktuak ere bideratuz. Horren guztiaren xedea eszena musikalaren barruan aitzindaritza femeninoaren erreferenteak eskaintzea da, adierazi du ekimenaren koordinatzailea den Txarly Romerok.

Romerok azaldu duenaren arabera Egun bakoitzean gutxienez bertoko banda bat eta gonbidatu bat egongo dira (normalean nazioartekoa) euren arteko kontaktuak sortzearen ondoreetarako. Halaber, elkarrizketa txikiren bat egingo dugu artistekin eszenatokian bertan musikaren arloan dituzten esperientziak ezagutzeko, eta baita informazioa emateko elementuak ere kontzertuak egingo diren zabalgunean.

Azkenik, zikloaren bokazioa, denborak aurrera egin ahala, Euskal Herrian emakumeek zuzentzen dituzten taldeen edo emakumez eratuta dauden taldeen musikaren programazioaren erreferente bihurtzea da, azpimarratu dute sustatzaileek.

Lehen kontzertuak:

  • Igandea, abuztuak 18
    • Ramonas
    • Moonshakers
    • Desorden
  • Igandea, irailak 15
    • Koko Jean & The Tonics
    • Coro Rock&Choir/ Zirzira Ahots Taldea
  • Igandea, urriak 13
    • Liza Colby
    • Rosebud
    • Kim Lenz

Ordutegiak: kontzertuak 13:00etan dira, urriaren 13an, igandean, izan ezik, egun horretan goizeko eta arratsaldeko saioetan izango direlako.

Tokia: Kuboen zabalgunea, Itsasmuseumaren aurrean (Itsas Museoa). Euria egiten badu kontzertuak Itsasmuseumaren auditorian egingo dira.


Argazkiak