2019(e)ko ekainaren 12(a) 14:13

Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak arrakastaz probatu dute Bizkaiko hondartzetako larrialdiei erantzuteko zerbitzuen koordinazioa

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Gaur goizean Arriatera-Atxabiribil hondartzan egin diren simulakroei esker, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzetan gorabeherak gertatzen direnean martxan jarri ohi dituzten koordinazio- eta mobilizazio-prozedurak aztertu ahal izan dira eta foru erakundeak hondartzak kudeatzeko duen sistema integratuaren eskakizunei erantzuna ematea lortu da; sistema horrek Bizkaiko hondartzetako kalitate eta ingurumen baldintzak etengabe hobetzea bilatzen duen. Jarduketan zehar bi pertsona erreskatatu dira itsasoan eta isuri kutsakor bat kontrolatu eta garbitu da.

Simulakroaren irudia

Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eta Eusko Jaurlaritzak arrakastaz amaitu dituzte Arriatera-Atxabiribil hondartzan (Sopela) garaturiko larrialdi-simulakroak. Jarduketan zehar bi pertsona erreskatatu dira itsasoan eta isuri kutsakor bat kontrolatu da. Aipaturiko bi erakundeek zuzenduriko larrialdi-zerbitzuen artean dagoen koordinazio ona erakutsi duen jarduketa horrek foru erakundeak Bizkaiko hondartzak kudeatzeko daukan sistema integratuaren exijentziei erantzuten die. Sistema honen helburua Bizkaiko hondartzetako kalitate eta ingurumen baldintzak etengabe hobetzea da, batez ere garbiketa eta salbamendu eta sorospen zerbitzuei dagokienez.

Jarduketa 11:30etik garatu da eta honako hauek hartu dute parte: Bizkaiko Foru Aldunditik, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuek, Hondartzainek eta hondartzak garbitu eta kontrolatzeko zerbitzuek; Eusko Jaurlaritzatik, Ertzaintzaren Zuzendaritzak eta Segurtasun eta Osasun Publikoko Saileko Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiarako Zuzendaritzak, eta Osakidetza Osasun Saileko Emergentziak zerbitzuak; eta, Sopelako Udaletik, Udaltzaingoak.

Jarduketaren garapena

Simulakroa hasterako orduan, hainbat herritarrek bi bainulari hondartzaren mendebaldean laguntza eskatzen zeudela ohartarazi diote SOS Deiak- Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari. Berehala, zentro horrek itsasalde-kostaldeko salbamenduko taktika operatiboa jarri du martxan eta Euskadiko Larrialdi Sistemako zerbitzu operatibo ezberdinak mobilizatu ditu.

Hiru minutu beranduago, Getxoko ertzain-etxeko herritarrak babesteko patruila bati ohartarazi diotenaren arabera, bi pertsona arazoekin zebiltzan uretan hondarretara joaten ahalegintzen.

Gero, abisu bat jaso da hondartzaren zati bat zikina zegoela ohartaraziz, zikingune handiekin; hori dela eta, SOS Deiak zerbitzuari helarazi zaio informazioa eta, berehala, Arriatera-Atxabiribil hondartzako Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuari, Bizkaiko Foru Aldundiaren hondartzen garbiketa zerbitzuari eta Hondartzainak Zerbitzuari, eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zerbitzuari ere.

Era berean, hondartzako udarako sorospen-postuaren ondoan mobilizatu diren zerbitzu operatiboen arduradunez osatutako aginte postu aurreratua ezarri dute.

Ertzaintzaren helikopteroak bi pertsonetako bat erreskatatu du itsasotik, eta Gurutze Gorriak Aldundiarentzako eskaintzen duen Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza foru zerbitzuko langileek beste bainularia artatu dute uretan eta itsasertzera eraman dute bertan berpizteko maniobrak egiteko.

Isuria kokatu ostean, foru zerbitzu honetako langileek eta Hondartzainak zerbitzuak kutsadurarengatik arriskuan dagoen gunea balizatu dute eta SOS Deiaki jakinarazi diote isuriaren kokapena, kutsadura-mota, bere ondorioak, dimentsioak, ezaugarriak eta eragin posibleak.

Gero, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko langile teknikoa lekura bertaratu da isuriak bainulariengan eta 2019ko udako hondartzen aisialdi-erabilerengan izan ditzakeen eragin posibleak baloratzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak mobilizatutako garbiketa-zerbitzuak gune kutsatua kontrolatu, garbitu eta tratatu dute, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Foru Sailak ezartzen dituen prozeduren arabera.

Simulakroan definituriko eszenatokia segurtatu eta berriz ere ezarri ondoren, SOS Deiak- Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak amaitutzat eman du jarduketa.


Argazkiak


Bideoak