2019(e)ko ekainaren 12(a) 12:00

Aldundiak, Lurraldean erreferenteak diren beste erakunde batzuekin batera, Bizkaia Koopera proiektua jarri du abian

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

ABAO Bilbao Opera, AED, Bilbao Ostalaritza Goi Eskola, Athletic Club Fundazioa, Fundación Mujeres por África Fundazioa eta Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioa dira, ekintza horiek garatzen diren herrialdeetako antolakuntzekin batera, Garapenerako Lankidetza proiektu horien protagonistak. Laespada diputatuak azaldu du erakunde hauek lankidetza-eragile bihurtzen direla esku hartzeen arloetan euren esperientzia emanda.

Erkoreka, Vidarte, Pérez Toledo, Laespada, Villa, Lozano eta Matellanes.

Laespada: "Bizkaia Koopera proiektu hau bat dator Garapen Jasangarriko Helburuekin"

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Koopera aurkeztu du gaur, Garapenerako Lankidetzako bere proiektua. Ekimen honetan parte hartzen dute, halaber, ABAO Bilbao Operak, AED - Bizkaiko Emakumezko Enpresarien eta Zuzendarien Elkarteak, Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak, Athletic Club Fundazioak, Fundación Mujeres por África Fundazioak eta Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioak.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, Teresa Laespadak, azaldu du erakunde hauek lankidetza-eragile bihurtzen direla esku hartzearen arloetan euren esperientzia zabala eskainiz.

Bizkaia Kooperaren aurkezpenean, halaber, honako hauek egin dira: ABAO Bilbao Operaren presidentea, Juan Carlos Matellanes; AEDeko presidentea, Carolina Pérez Toledo; Bilbao Ostalaritza Goi Eskolako zuzendaria, Joseba Lozano; Athletic Club Fundazioko presidentea, Juan Carlos Erkoreka; Fundación Mujeres por África Fundazioko zuzendaria, Marta Villa; eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria.

Laespada diputatuak azaldu du obligazio etikoa dela begiak irekitzea eta gure ingurura begiratzea, inguratzen gaituzten desberdintasunak ikuspegi kritikoarekin begiratzea.

Bizkaia Koopera proiektu hau bat dator Garapen Jasangarriko Helburuekin eta pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta pertsona guztiek bakea eta oparotasuna edukitzea bermatzeko neurriak hartzeko deiaren ildotik doa, adierazi du.

Aldi berean esan du Bizkaia Koopera proiektuarekin erakundeekin eta izakiekin lankidetzan jarduteko bidea irekitzen dela, Bizkaian erreferenteak diren eta Lurraldean oso sustraituta dauden erakundeak, bakoitzak dagokion arloan lankidetza-proiektuak gara ditzan.

EKINTZAK

ABAO Bilbao Operak proiektu bat garatuko du Bolivian eszenatokiaren atzeko lanetan prestakuntza eskainiz. Ataza hori Escuela Nacional de Teatro de Bolivia erakundearekin batera egingo du zaurgarritasun egoeran dauden gazteen prestakuntza-programa baten bidez, gazte horiek kulturaren eta antzerkiaren arloan prestatzeko aukera izan dezaten eta prestakuntza artistiko horren bidez enplegua aurki dezaten. Proiektu honen helburua gazte boliviarrentzat den "Talleres nómadas de iniciación teatral" deritzon jarduera bat finantzatzea da antzerkiaren arloan lan-bitartekoak eskuratzeko, antzerkiaren esparruko prestakuntza eskainiz herrialdeko lau hiri kaltetuko taldeentzat: Cochabamba, Tarija, Sucre eta La Paz. Halaber, bikaintasuna sustatzeko ABAO Bilbao Operak aukera emango du eskolako bi ikaslek antzerkiaren arloko praktikak egin ditzaten opera denboraldiko bertoko ekoizpenetan, horrela jaso duten prestakuntza osatzeko aukera eskainiz. Proiektu honen aurrekontu-zuzkidura 25.000 euro da.

AED - Bizkaiko Emakumezko Enpresarien eta Zuzendarien Elkarteak jantzigintza-kooperatiba bat sortzeko proiektua garatuko du emakumeekin Senegalen; lan horretan Dieupeul Derkle-ko (Dakar hiriburuko barruti bat) Toki Garapenerako Emakumeen Elkartearen laguntza du. Helburua 25 lanpostu bano gehiago sortzea eta euren produktuen merkaturatzean aurrera egitea da. Kasu honetan ere aurrekontu-zuzkidura 25.000 euro da.

Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak "Kozinatu integratzeko" proiektua garatuko du Kabo Berden Fundación África Avanza Fundazioaren lankidetzarekin. Proiektu honetan prestakuntza eskaintzen da toki-gastronomian eta ostalaritzan gizarte bereizkeria arriskuan dauden herrialde horretako gazteen lan-integraziorako balioko duena. Aurrekontu-zuzkidura 25.000 euro da.

Athletic Club Fundazioak bat egin du Limako (Peru) La Asociación de Deporte y Desarrollo de Villa El Salvador elkartearekin "Fútbol por la vida y la esperanza" proiektua garatzeko. Proiektuan kirola gizarte arazoetan eta gatazketan esku hartzeko erreminta moduan erabiltzen da, kirolak deitzeko ahalmena duelako eta gizarteratzeko eta adostasunetara iristeko aukerak ematen dituelako. Zehatzago esanda, futbol-taldeak antolatuko dira Peruko hiriburuko El Salvador departamentuan, entrenatzaileak prestatuko dira eta hala zelaian nola zelaitik kanpo joko garbiarekiko begirunea izateko balioak landuko dira. Aldi berean txapelketak antolatuko dira auzoko taldeen artean bizikidetzarako eta kirolerako espazio publikoak lehengoratzeko. Aurrekontu-zuzkidura 25.000 euro da.

Fundación Mujeres por África Fundazioak bat egiten du Bizkaia Koopera honekin "Ellas Investigan - Science by Woman" proiektuarekin; kasu honetan helburua ikerkuntza zientifikoan eta transferentzia teknologikoan emakume afrikarren aitzindaritza sustatzea eta jatorrizko herrialde horietan ikerketa-zentroen kapazitatea bultzatzea da. Helburu nagusia emakume ikertzaile eta zientzialari afrikarrei Afrikak aurrean dituen erronka handiei ekiteko aukera ematea da osasun, nekazaritza eta elikagaiak, segurtasuna, ura, energia eta aldaketa klimatikoa, eta baita zientzia matematikoetan eta ekonomikoetan ere, bezalako gaietan ikertuz. Aldi berean Afrikari buruzko aurreiritzi asko hausten ditu arlo zientifikoetan eta teknologikotan daukan talentu femeninoaren bikaintasuna azalduz. Helburu handi eta ausart honi ekiteko Fundación Mujeres por África Fundazioak Bizkaian ezarrita dauden bikaintasuneko zentroetatik hirurekin lankidetzan jarduten du, nazioarte mailan ospetsuak eta aintzatetsiak direnak: Biocruces, Kronikgune eta Deustotech. Hiru zentro horietara ikertzaile senior afrikar bana etorriko da, gutxienez doktoretza osteko 3 urteko esperientzia izango dutenak, sei hileko beka baterako. Hautagaiek gaitasuna eta integrazioa jasoko dute diziplina askotako talde dinamiko eta oso lehiakor baten; aldi berean bekadunek euren ikerketa proiektuak garatu eta trebezia osagarriak eskuratu ahal izango dituzte eta, horri esker aukera izango dute euren ikerketen emaitzak ukigarriak diren onura ekonomikoetara eta sozialetara transferitzeko. Proiektu honek duen aurrekontu-zuzkidura 60.000 euro da.

Guggenheim Bilbao Museoa Fundazioak ere bat egiten du Bizkaia Kooperarekin "Argiak Senegalerako" proiektuarekin. Proiektu hau 2020. urtean bere obra Gughenheim Museoan erakutsiko duen Olafur Eliasson artista ospetsuaren eskutik dator. Artista honek "Little Sun" Fundazioa jarri zuen abian gizarte ekimen moduan eta horren bidez kalitate eta diseinu altuko eguzki-lanpara eramangarriak eraikitzen ditu, iduneko moduan soinean eramaten direnak. Argi horiek, ostean, ume horiei argia emateko balio dute, hain zuzen ere gauez ikasteko edo bidean argia izateko aukera izan dezaten. Egon daude beste mota batzuetako lanparak ere, argi-indarrik ez dagoen tokietan telefono mugikorrak kargatzeko aukera ematen dutenak. Xedea emakume senegaldarrak prestatzea da enplegu-sareak egin ditzaten eta eguzki-argi horiek banatzen ikas dezaten eta, aldi berean, erkidegoei eguzki-energia erabiltzen irakastea eta argi hauen banaketaren bidez proiektu honen inguruan ekintzaile moduan jarduteko aukerak eskaintzea. Proiektu honetan une hauetan jarduten duen taldean % 90 emakumeak dira. Aurrekontu-zuzkidura 25.000 euro da.


Argazkiak


Bideoak