2019(e)ko ekainaren 11(a) 11:00

Turismoaren kanpo-sustapenerako Bilbao Bizkaiaren hurrengo ekintzak Frantzian eta Herbeheretan gauzatuko dira

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bi topaketa profesional antolatu dituzte Vueling konpainiarekin lankidetzan. Lehenengoa gaur izango da, Parisen, eta bigarrena ekainaren 13an, Rotterdamen. Bi workshop horietan, hiribilduko eta lurraldeko zortzi enpresa egongo dira, eta Frantziako eta Herbehereetako prentsa, eragile turistiko, touroperadore eta MICE sustatzaileak bilduko dira.

Aste honetan, Bilbao-Bizkaia turismorako leku gisa sustatuko dute Frantzian eta Herbehereetan. Hain zuzen ere, bi topaketa profesional antolatuko dira, non bi herrialdeetako eragile turistikoak eta prentsa gure hiribilduko eta lurraldeko eragile turistikoekin bilduko diren. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dituzte bilerak, eta Turespaña-ren eta Vueling konpainiaren laguntza izango dute, aireko konektagarritasunerako bazkide gisa.

Lehenengo topaketa gaur izango da Frantziako hiriburuko Palais Tokio delakoan. Rotterdamen, berriz, Floating Pabilion izango da bigarren hitzorduaren egoitza ostegunean, ekainaren 13an. Bi workshop horietan, Bilboko eta Bizkaiko zortzi enpresa egongo dira, eta haien helburu nagusia da honako alor hauetan jardutea: datozen turistak, ostatuak eta turismo-zerbitzuak lantzea eragile turistikoekin, touroperadoreekin, MICE sektoreko profesionalekin (meetings, incentives, conferences and events), lokalekin, eta prentsa berezitu zein orokorrarekin. Topaketetan, Bilbao-Bizkaia aurkeztuko zaie bertaratzen direnei, eta euskal produktu gastronomikoen dastatzea egingo da.

Ekitaldi profesional horien bitartez, Bilbao-Bizkaiaren xedea da negozio-aukerak sortzea tokiko enpresa-sektorearekin eta turismo-eskaintza ikusaraztea komunikabide berezitu eta orokorretan, bai eta harremanak ugaritzea Frantziako eta Herbehereetako merkatuarekin.

Lehentasuna duten atzerriko merkatuak

2018. urtean, guztira, Frantziako 62.969 turista etorri ziren Bilbo bisitatzera, hau da, hiribildura etorri ziren bisitari guztien % 14. Hala, Frantzia izan zen nazioartean bisitari gehien igorri zituen herrialdea. Hori dela eta, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustapen-ekintzak egiten jarraitzen dute herrialde horretan.

Herbehereei dagokionez, etorri diren bidaiarien kopurua nabarmen hazi da azken hiru urteetan, % 19, hain zuzen ere. Iaz, Herbehereetako merkatua % 5era iritsi zen Bilbora etorri ziren bidaiari atzerritarren sarrera guztien kopuruan, eta 22.715 bisitari izan ziren hemen.