2019(e)ko ekainaren 09(a) 10:00

Industria-ondarearen Europako elkarterik nabarmenenak garrantzia historikoko leku gisa aitortu du La Encartada

Euskara eta Kulturako Saila

ERIH (European Route of Industrial Heritage) erakundeak bere sistemara gehitu du Bizkaiko Foru Aldundiaren La Encarta fabrika-museoa. Sistema horrek Europako industria-ondareko onena aurkezten du eta arlo horren inguruko bildumarik osatuena jasotzen du.

ERIHk (European Route of Industrial Heritage), industria-ondarearen Europako elkarterik garrantzitsuenak, Bizkaiko Foru Aldundiaren La Encartada fabrika-museoa ‘Anchor Point’ gisa sailkatu du, hau da, garrantzia historikoko eta turismoa erakartzeko tokia. La EncartadaAnchor Point’ gisa sartzeko eskaera eginda eta ERIHko presidenteordeak eta hainbat batzordekidek museoa bisitatu ostean, instalazioak toki hori ‘Anchor Point’ edo ainguraketa-puntu izendatzeko behin betiko baieztapena jaso du.

Europako erakunde honek honako arrazoi hauengatik sartu du La Encartada fabrika-museoa bere ibilbide kulturalean:

  • fabrika museo bilakatu eta eraldatu izanagatik,
  • Balmasedan dagoen fabrika berezia delako eta bere kontserbazio-egoera dela eta (eremua osatzen duen makinariarena zein eraikinarena eta bere inguruarena);
  • eskaintzen dituen askotariko jardueren programa: ikastetxeentzako urteko hezkuntza-programa, familientzako jarduerak, berdintasun- eta genero- programak eta abar;
  • aldi baterako ekitaldiak eta erakusketak egiteko eskaintzen diren zerbitzu osagarriak;
  • moda-topaketak, goraka doazen talentuen proiekzio gisa eta horiek jendaurrean aurkezteko aukera;
  • jendeari eskainitako ordutegiak eta zerbitzuak: bisita gidatuak hainbat hizkuntzatan;
  • makinak martxan jartzen erakustea eta abar.

La Encartadaren historia

La Encartada SA fabrika 1892an sortu zen eta 100 urtetan zehar egon zen aktibo. Kapital soziala 5 indianok (Mexikon aberastu ziren emigrante bizkaitarrak) jarri zuten; horien artean, Balmasedako 3 bizilagun nabarmentzen ziren. Artilea landu zen eta hainbat artikulu egin ziren, esate baterako, txapelak -produktu nagusia-, mantak eta oihalak; bai eta eskularruak, bufandak, biserak, buru-berokiak eta, nola ez, matazak eta harilak ere. Fabrikaren inguruan auzo langile txiki bat eraiki zen langileentzako etxeekin, kapera-eskolarekin, zuzendariaren etxearekin (dagoeneko galduta) eta baratzeekin.

La Encartadaren balio nagusietako bat makina-bilduma paregabea da, ingelesak gehienak, XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak. Ia ukitu gabe kontserbatu du bere irudia eta dotazio teknologikoa eta osorik mantentzen ditu ekoizpen-prozesuaren elementu guztiak, lehengaia jasotzen denetik, paketatze-prozesura arte eta bidali arte. Integritate tekniko hori eta kontserbazio-egoera paregabea direla eta, La Encartada bere esparruan bakarra den toki bisitagarri bilakatu da. 2007tik, La Encartada fabrika-museoa industria-museo bat da. Eraikinek, makinek eta langileek gaitasun oroitarazle handia duen multzoa otsatzen dute, eta bisitak penintsulako iraultza industrialaren hasierako garaietara garamatza.

ERHI (European Route of Industrial Heritage)

La ERIH (European Route of Industrial Heritage) industria-ondarearen Europako elkarterik garrantzitsuena da, bertan biltzen baitira Europako industria-ondarearen baliabiderik garrantzitsuenak eta interesgarrienak, eta horien arteko lotura baita. Erabiltzen ez diren ekoizpen-plantak, industria-paisaiak zein museo teknologiko interkatiboak barne hartzen ditu. ERIH 1999an sortu zen, industria-ondarea marka turistiko gisa aitortzen laguntzeko Europako sare bat ezartzeko ideiarekin.

ERIH erakundeak loturak ezartzen ditu eta industria-ondarea Europako kultura-sare zoragarri batean txertatzen du. Europa osoan ezarri diren industria-monumentu eta -museoek lurrun-motorrek, fabrika burrunbatsuek, langileen helmugak eta eguneroko lan-bizitzak osatzen zuten iraultza industrialera garamatzate. Horietako toki bakoitza irudi handiago baten parte da. Horien guztien arteko batasunaren emaitza iraganeko industiaguneen erakarpen turistikoen eta aisialdirako erakarpenen sorta bat da; guziak, kalitate-zigilu komun batekin.

ERIH honako hauek osatzen dute:

  • 100 `Anchor Point´ edo ainguraketa-puntu baino gehiago,
  • eskualdeko 19 ibilbide zazpi herrialdetan,
  • Europako 15 ibilbide tematiko,
  • 1.750 toki baino gehiago Europako 47 herrialdetan,
  • 160 biografia baino gehiago,
  • Europako historia industrialaren deskribapen labur bat eta 27 herrialdetako historia industriala,
  • Europako ibilbide tematikoetan aurkezturiko industria-sektoreen 13 aipamen historiko,
  • 200 lotura inguru industria-ondareko sareetara, UNESCOren ondare mundialeko industriaguneak eta ondare-erakundeak eta arkeologia industrialeko erakundeak eta
  • deskribaturiko toki eta eskudealdeen webguneetarako 2.000 esteka baino gehiago.