2019(e)ko ekainaren 06(a) 10:00

8.752 pertsona dira larunbatean Bizkaian administrazioko pertsonalaren 308 plazetako batera iristeko azterketa egingo dutenak

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Egunera arte Bizkaiko Foru Aldundiak deitu duen Lan-eskaintza Publikorik handiena da, hala eskaintzen dituen plazei nola aurkezten diren lanpostugaiei dagokienez. Probak Barakaldoko BECen bi pabilioitan egingo dira. Azterka teorikoa eta praktikoa, lehenengoz, goiz berean egingo dira eragingarritasun, eraginkortasun eta azkartasun arrazoiengatik. Plaza horiek amaitu berri den legegintzaldian Foru Erakundeak deitu dituen 600 plaza baino gehiagoren erdia dira eta deialdiaren xedea erakundearen egitura sendotzea eta enplegu publiko egonkorra, finkatua eta kalitatezkoa bermatzea da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren 2015etik 2018ra arteko Lan-eskaintza Publikoetako administrazioko pertsonalarentzako 308 plazak estaltzeko proba teorikoa eta praktikoa larunbat honetan, ekainak 8, egingo dira eta guztira 8.752 pertsona izan dira onetsiak.

Hautagaiak asko dira eta, ondorioz, azterketak goizteko 09:00etan hasita egingo dira aldi berean Barakaldoko BECeko bi pabiloitan, 2.ean eta 6.ean.

Probak era egokian garatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak 470 pertsona baino gehiagoko taldea koordinatuko du; talde horretako kide guztiak foru erakundeko funtzionarioak dira, Bizkaiko suhiltzaileak barne, eta euren borondatez eman dute izena antolakuntza-lanetan laguntzeko. Zaintza-lanak egin beharko dituzte probetan eta, aldi berean, euren betebeharrak izango dira bertaratuko diren ezgaitasundun pertsonei arreta, informazioa eta laguntza eskaintzea. Operatiboak, aldi berean, ebakuazio eta larrialdietarako taldeak, talde sanitarioak eta epaimahaiari aurkeztuko zaizkion gertatzezko beharrizan guztietarako laguntza-taldeak ditu, eta baita Ertzaintzaren laguntza prozesu osoan ere.

Deitu diren 308 plazak sartzeko txanda desberdinetan banatuta daude hala barruko sustapenaren garapena eta bultzapena bideratzeko nola ezgaitasunak dituzten pertsonen inklusioa errazteko. Banaketa honako hau da: plazen atal nagusia, 275, eskaintza askekoak dira; 15 plaza ezgaitasunak dituzten pertsonen txandakoak dira; 16 barruko sustapenekoak eta 2 ezgaitasunak dituzten pertsonen barruko sustapen txandakoak.

Ezgaitasunak dituzten pertsonentzat erreserbatuta dauden plazetarako 278 lanpostugai daude. Horientzat guztientzat hautespen-prozesua euren beharrizanei egokituta egongo da eta proba gaitu diren bi pabiloietako bateko esparru berariazkoan eta itxian egingo da. Halaber, pertsona horiek une oro pertsonal kualifikatuaren laguntza izango dute probak gainerako hautagaiek dituzten baldintza berberetan egin ditzaten. Horrela ikusmen-arazoak dituzten pertsonek ONCEko profesionalen laguntza izango dute; entzumen-arazoak dituztenek Euskal Gorrak (Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa) elkartearen laguntza izango dute eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonek pertsonal boluntarioaren laguntza izango dute eta era guztietako gorabeheren kasuan Aldundiaren Gizarte Ekintza Saileko Balorazio Ataleko pertsonala egongo da.

Azterketa teorikoa eta praktikoa, lehenengoz, bata bestearen atzetik egingo dira prozesua gehiegi luzatzea saihesteko eta prozesuan hautatuak izango diren pertsonak postura arinago inkorporatzea bideratzeko.

Proba teorikoa 75 galdera, gehi erreserbako beste 10, izango dituen test bat izango da. Galdera horiek gai-zerrendako edukiei lotuta egongo dira eta txanda arrunteko lanpostugaiek 150 minutu izango dituzte erantzuteko. Proba praktikoan ariketa egin aurretik Epaimahaiak proposatuko dituen gaien arteko kasu bat edo gehiago ebatzi beharko da. Ariketa honetan ebazteko epea 90 minutukoa da. Ezgaitasunak dituzten pertsonen txandaren kasuan pertsona horiei emango zaien denbora Foru Erakundeko Balorazio Ataleko pertsonalak ezarriko duena izango da.

Kopuru eta zenbaki handiak dituen LEP

Gaur egunera arte Bizkaiko Foru Aldundiak deitu duen handiena, hala eskaintzen diren plazetan nola lanpostugaietan, administrazioko azpieskalako 300 plaza hutsak betetzeko Lan-eskaintza Publikoa da. Beraz, operatiboak aurkezten dituen zenbakiak eta kopuruak bat datoz deialdi itzel honekin.

Horrela, adibidez, probetara aurkeztuko diren lanpostugaiek jasoko duten materialari dagokionez, honako hauek erabiliko dira: % 100 birziklatua izango den paperezko 345.000 folio (90.000 folio zuriz eta 255.000 azterketen edukiekin), 10.000 gutun-azal, 9.000 orri testen erantzunekin, 9.000 boligrafo eta 140 kilo gozoki. Hori guztia kartoizko 300 kutxatan jasota egongo da, guztira 1.150 etiketarekin ondo markatuta. Zainduta dauden tokietatik materiala eta azterketak bertara eramateko bi kamioi eta tamaina handiko bi furgoneta erabiliko dira.

Aldundiak antolatu duen operatibo honetako boluntarioek guztira 12 orduko trebakuntza jaso dute, 5 saiotan banatuta. BECen oso era argian identifikatuta egongo dira petoekin (480 arduradun).

Guztira 10 pantaila led jarriko dira, bi 5’12 metroko luzerakoak x 2’88 metroko zabalerakoak (1 pabiloi bakoitzean) eta 65 hazbeteko zortzi (4 pabiloi bakoitzean); pantaila horiei esker azterketa egiten ari diren pertsonek aukera izango dute probak amaitzeko falta den denbora jakiteko.

Erabiliko diren 9.000 mahaiak eta beste horrenbeste aulkiak 25 sektoretan banatu dira; sektore bakoitzak 32 eserlekuko 10 lerro izango ditu. Halaber, bi atal dituen sektore berezi bat ezarri da: ezgaitasunak dituzten pertsonentzako bat, 250 plazakoa, ordutegiaren egokitzapenik gabekoak baina egokitzapen materiala/teknikoa behar dutenak (JAWS programa, EDGE nabigatzailea…) eta beste aspisektore bat ordutegiaren egokitzapena ez ezik, teknikoa ere behar dutenentzat.

Azkenik, pertsona horiek guztiak Barakaldoko BECera iristea errazteko Metro Bilbao enpresak zerbitzua indartuko du larunbateko, ekainaren 8ko, goizean.