2019(e)ko ekainaren 04(a) 11:10

Aldundiak ia 2 milioi euro jarriko ditu desgaitasuna duten Lurraldeko pertsonentzako aisia eta astialdiko programak finantzatzeko

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak programa horiek finantzatuko ditu gizarte zerbitzuei eusteko konpromisoaren ildotik, desgaitasuna duten lurraldeko pertsona guztiei eta haien familiei aisia inklusiboa eta atsedena bermatzeko “ezinbesteko” lanabes gisa.

Bizkaiko Foru Aldundiak 1.927.000 euro jarriko ditu aisia eta astialdiko zortzi programa finantzatzeko. Programa horiek hirugarren gizarte-sektoreko erakundeek garatuko dituzte, Bizkaian desgaitasuna duten pertsonentzako. Aisia eta astialdiko programa horietan desgaitasuna duten pertsonentzako xedaturiko honako jarduera hauek egingo dituzte: udalekuak, asteburuko irtenaldiak, eguneko txangoak, egonaldiak, eta lagun egiteko banakako ekintzak.

Hortik abiatuz, adimen-desgaitasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak, Gorabidek, 465.000 euro jasoko ditu; autismoak eta autismoaren espektroko beste arazo batzuek ukitutakoen gurasoen elkarteak, APNABIk, 324.000 euro; Bizkaiko desgaitasun fisikoa duten pertsonen federazio koordinatzaileak, FEKOORek, 203.000 euro; Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioak 228.000 euro eta adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gaude elkarteak, 331.000 euro. Era berean, garun paralisiak ukitutako pertsonei laguntzeko Bizkaiko elkarteak, ASPACEk, 227.000 euro jasoko ditu eta buru-gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen Bizkaiko elkarteak, AVIFESek, 110.000 euro jasoko ditu. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak aurten 39.000 euro jarriko ditu beharrizan bereziak dituzten familien Geu Be elkarteak zentzu horretan antolatutako jarduerak finantzatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak, gaurko Gobernu Kontseiluan, Aspacek eta Avifesek kudeatzen duten aisia eta astialdiko programetarako diru-laguntza onartu du. Horren aurretik beste hainbat onartu dira maiatzean eta, horrela, aipaturiko hirugarren gizarte-sektoreko erakundeen aisia eta astialdiko programa desberdinak finantzatzeko prozesua osatu da.

Inklusioa, parte-hartzea eta aukera berdintasuna foru erakundearen abiaburuak dira programa horien finantzatzearen bidez desgaitasuna duten pertsonen autonomia bultzatzeko eta, aldi berean, zaintzaileari atseden hartzeko aukera emateko, mendetasuna duen pertsona bere ohiko ingurunean egotea lehenetsiz. Programa horien bidez, era berean, zehatz-mehatz gauzatzen da foru erakundeak eta hirugarren sektore sozialak elkarrekin Bizkaia inklusiboa lortzeko daukaten konpromisoa. Izan ere, erantzukizun publikoko gizarte zerbitzuak babes-sare bihurtu nahi dituzte, eta edozein pertsona edo familiak sare horretara jo beharra izango du bere bizitzako uneren batean, mendekotasun, desgaitasun, babesgabetasun edo bazterketa egoerei nahiz egoera horietan erortzeko arriskuari aurre egiteko.