2019(e)ko maiatzaren 31(a) 14:27

Errentaren kanpainak bidearen erdia egin du; dagoeneko 466.000 aitorpen aurkeztu dira

Ogasuna eta Finantzetako Saila

PFEZaren likidazioei dagokienez, hirutik bi likidazio zergadunaren aldekoak dira, hau da, itzultzeko emaitza eman dute, eta guztira 312,4 milioi euro dira. Ordaintzeko emaitza eman duten aitorpenak 173,4 milioi euro dira.

Bizkaiko zergadunek PFEZaren 466.536 aitorpen aurkeztu dituzte 2018ko errenta-kanpainaren lehenengo hilabetean. Kanpaina maiatzaren 2an hasi zen. Orain arte likidatutako aitorpen guztietatik 309.384 aitorpenek (% 66) itzultzeko emaitza eman dute, eta guztira zergadunen aldeko 312,4 milioi euro dira. Ordaintzeko emaitza eman duten 157.152 likidazioek 173,9 milioi euro ekarriko dizkiote Foru Ogasunari.

Aurreko urteetan bezala, likidatutako errenta-aitorpen gehienak Foru Ogasunak berak egin ditu, eta proposamen gisa bidali dizkie zergadunei. Errenta Etxean edo Web Errenta gisa bidalitako proposamenetatik 329.161 eraman dira aurrera, hau da, aitorpen guztien % 71. Kasuen 18ari dagokionez, zergadunek eurek prestatu dute autolikidazioa, errentaren webgunean deskargatzeko eskuragarri dagoen laguntza-programa erabiliz; 77.053 webgunearen bidez aurkeztu dira, eta 7.692 aurrez aurre. Azkenik, finantza-erakundeek aitorpenak prestatzeko eskaintzen duten doako zerbitzua baliatuz 52.630 aitorpen aurkeztu dira, hau da, gaur arte aurkeztutako aitorpen guztien 11.

Lehen lau aste hauetan, 2018ko Errentaren kanpaina normaltasun osoz garatu da, eta iazko kanpainako aldi berean baino 20.000 aitorpen gehiago aurkeztu dira, hau da, 4,4 areagotu da. Halaber, nabarmendu beharra dago, aurten ere zergadun askok erabili dituztela errentaren gaineko zergaren likidazioa errazteko Bizkaiko Foru Ogasunak zergadunen esku jartzen dituen zerbitzuak. Horrez gain, arestian aipatutako Errenta Etxean eta Web Errenta zerbitzuen bidez onartutako proposamenez gain, errentaren telefonoan (94 608 3000) 131.700 dei hartu dira izapideak egiteko edo zergaren likidazioaren inguruko zalantzak argitzeko. Zerbitzu horretan lan egiten duten operadoreek 111.445 dei hartu dituzte, eta sistema automatikoaren bidez 20.255 dei hartu dira.

Ogasuneko bulegoetan aurrez aurreko 33.025 kontsulta eta izapide artatu dira gaur arte. Azkenik, errentaren webguneak 495.228 bisita jaso ditu. Zerbitzu horiek guztiek aktibo jarraituko dute ekainaren 28an errentaren kanpaina amaitzen den arte.