2019(e)ko maiatzaren 30(a) 12:00

270 pertsonatik gora arduratuko dira Bizkaiko hondartzen segurtasunaz eta garbiketaz uda honetan

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

154 soroslek osatzen dute Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua, beste 30 pertsona hondartzain izango dira eta 89, hondartzen garbiketa-lanez arduratuko dira. Foru Aldundiak 5,7 milioi euro inbertituko ditu hondartzen denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. Aurten, uraren kalitatea ez denean aproposa bainua hartzeko, bandera gorria beste bandera osagarri batekin osatuko da; bigarren horrek, araudiak kasu horietarako ezartzen duen sinbolo bat izango du, orain arte karteletan eta hondartzen webgunean erabili izan dena. Erabiltzaileek 7,80ko nota ematen diote 10etik Bizkaiko hondartzei, eta iritzirik onena jaso duten alderdiak segurtasuna (8,72) eta garbiketa (7,69) izan dira.

Bizkaiko hondartzen denboraldiaren aurkezpena

Aurtengo hondartzen denboraldian, ekainaren 1etik —larunbat honetatik— irailaren 30era arte luzatuko dena, 273 pertsona hondartzen segurtasunez eta garbiketaz arduratuko dira. Horien artean daude Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuetako langileak, garbiketa- eta mantentze-lanetako langileak eta hondartzainak, denak Foru Aldundiak koordinatuta.

Hondartzen programa garatzeko, foru erakundeak 5,7 milioi euroko aurrekontua du aurten. Horren erdia, 2,3 milioi, segurtasunarekin loturiko zereginetara bideratuko da eta beste erdia (2,4 milioi) hondartzak garbitzeko lanetarako.

Oro har, Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza zerbitzua emango duen lantaldea uretako 154 soroslek eta beste 19 pertsonak osatuko dute. Azken horien barruan, koordinatzaileak, logistak edo laguntzeko patroiak daude. Egunero 6 koordinatzaile eta 88 sorosle izango dira lanean, 24 sorospen-postutan banatuta, modu honetara: 7 pertsona, La Arenan; 2, Areetan; 5, Ereagan; 4, Arrigunagan; 3, Gorrondatxen; 5, Barinatxen; 7,  Arriatera-Atxabiribilen; 2, Muriolan; 4, Plentzian; 6, Gorlizen; 2, Armintzan; 7, Bakion; 2, Aritzatxun; 2, Laidatxun; 3, San Antonion; 2, Toñan; 6, Laidan; 4, Lagan; 2, Ean; 2, Ogellan; 3, Isuntzan; 5, Karraspion; 2, Arrigorrin eta beste pertsona bat erreten gisa.

Zerbitzu horretako pertsonek erreskateetarako erabiliko duten materiala hondartzen ezaugarrien araberakoa izango da, baina nabarmendu behar da hauek izango dituztela: lau salbamendu-ontzi, ordezko zortzi ontzi (Bilbo, Getxo, Bermeo eta Ondarroako biltegietan); 4 ur motor eta ordezko beste bost aurretik aipatutako biltegietan; 3 quad eta erreskaterako 9 buggy (horietako bi elektrikoak); lur orotako hiru ibilgailu; 7 turismo elektrikoz, hibridoz eta gas-turismoz osatutako flota ekologikoa, zonako koordinatzaileentzat; 14 zaintza dorre; 40 desfibriladore erdiautomatiko; 30 glukometro; 40 pultsioximetro; 40 immobilizazio-esku ohe eta bihotz-biriketako bizkortzerako 30 neurgailu.

Horrez gain, sorosleek "wave board" bat izango dute. Horri esker, ur motor bati plataforma bat akoplatzen zaio eta edukiera handiagoa duen 5 metro luze den ontzi bihurtzen da.

Hondartzetako segurtasunaren beste euskarrietako bat Hondartzainen zerbitzua da. Hor, 30 pertsonak lan egingo dute aurten 10:00etatik 20:00etara, Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuarekin, Ertzaintzarekin eta hondartzak dauden herrietako Udaltzaingoarekin lankidetzan.  

Horrez gain, "Ume Galduak" eskumuturreko zerbitzuak jarraituko du hondartza guztietan. Horren helburua hondartzetan galdetzen diren zortzi urtetik beherako umeak identifikatuta izatea da.

Banderak

Aurten, aurrekoan bezala, bi banderarekin balizatuko dira ertzean "freskatzeko eremuak" direlakoak. Itsasoaren eta lasterren egoera dela-eta bandera gorria dagoenean jartzen dira erabiltzaileak uretara sartu ahal izateko, baina betiere hondoa ukitzen den eremutik urrundu gabe.

Berrikuntza gisa, edozein gertaera dela-eta uraren kalitatea ez denean aproposa bainua hartzeko, denboraldi honetan, bandera gorriarekin batera beste bandera osagarri bat jarriko da, araudiak kasu horietarako ezartzen duen sinboloarekin, orain arte karteletan eta hondartzen webgunean erabili izan dena.

Garbiketa eta ekipamendua

Hondartzen garbiketa-zerbitzuak, ekaina eta iraila bitartean, 89 pertsonari emango die lana, ordutegi desberdinekin. Pertsona horiek ekipamendu mekaniko sofistikatu batekin lan egiten dute, besteak beste, honako hauekin osatuta: hondartzak garbitzeko makinak, kamioiak, traktoreak, ekortzeko makinak, makina bereizleak, mantentze-lanetarako materiala garraiatzeko ontzi irekia duen kamioi bat, ekortzeko 4x4 pick-up makinak (bat plataforma jasotzailearekin) eta eskuzko makina bereizleak.

Hondartzak prestatzeko lanak denboraldia hasi baino hilabete batzuk lehenago hasten dira. Hilabete horietan batik bat hondartzak egokitzen dira eta ekipamenduak jartzen dituzte. Hala, aurten honako hauek jarri dira: 119 dutxa (358 ihinztagailu), ura edateko eta oinak garbitzeko 144 iturri, 725 paperontzi eta bidoi (hondakinak biltzeko), 367 parrilladun plataforma, 1.920 metroko zurezko pasabidea.

Irisgarritasuna eta lagundutako bainua

Bizkaiko hondartzen irisgarritasuna ekipamenduak instalatuz bermatzen da, eta batik bat bi programa hauen bidez: batetik, "Hondartza Denontzat", 2003. urtean lehen aldiz abian jarri zena, urtero handituz joan dena eta uztail eta abuztuan, 11:15etik 18:45era Ereaga, Plentzia, Gorliz, Laidatxu, Lekeitio eta Ondarroako hondartzetan ematen dena; bestetik, "Hondartza Bizi", Zierbenako Udalak finantzatutakoa, ekainaren 28tik irailaren 18ra bitartean La Arenan ematen dena, astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00retatik 19:00etara.

"Hondartza Denontzat" Bizkaiko Foru Aldundiak Bidaideak erakundearekin lankidetzan bultzatzen duen programa da, irisgarritasun-baliabideak, laguntza teknikoak eta laguntza pertsonala emateko, mugikortasun arazoak dituzten pertsonek hondartzetan eta itsasoan bainatuz goza dezaten. Horrela, zerbitzu hauek ematen dira: harrera, aldagelak, laguntza pertsonala hondartzan dauden bitartean, lagundutako bainua aulki anfibioan, aulkirik gabe bainatzeko laguntza eta laguntza teknikoen maileguak.

Etengabeko hobekuntza eta ziurtagiriak

Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen kudeaketan bada nabarmentzen den funtsezko alderdi bat: hondartzen eta han ematen diren zerbitzuen kalitatearekin zerikusia duten kontuak etengabe hobetzen ari da. Hori horrela, gure lurraldeko 15 hondartzek kalitatearen (9001) eta ingurumenaren (14001) ISO ziurtagiria eskuratu dute, eta Bakio, Plentzia eta Arrietara-Atxabiribileko hondartzek EMAS erregistroa mantendu dute (Europar Batasunak ingurumenaren arloan ematen duen bereizgarririk handiena). Bestalde, Gorlizko hondartzak kalitatearen Q lortu du.

Etengabeko hobekuntzaren beste bi adibide hauek ere aipatu behar dira: batetik, osasun-arretari, alertei eta gorabeherei buruzko informazioa kudeatzeko tabletak erabiltzea Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak, eta bestetik, gailu mugikorretarako aplikazio bat garatzea zerbitzu horretako langileentzat. Gailu horietan kostaldeko monitorizazioaren datuak iraultzen dira Azti-Tecnalia enpresarekin lankidetzan gauzatutako Kosta System proiektuaren bidez. Azken aplikazio horrek aukera ematen du erresaka-korronteak, hauste-zonak, hondar-barrak eta olatuak identifikatu eta kokatzeko, besteak beste; horrela, bainularien segurtasuna hobetuko da eta Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko langileek errazago hartu ahal izango dituzte erabakiak.

Erabiltzaileen kalifikazioa

Bizkaiko hondartzei oso ondo nota eman zieten azkenengo denboraldian horiek erabili zituzten pertsonek. Denboraldi hartan, hurbildutakoen kopurua % 44,64 hazi zen, guztira 3,5 milioi erabiltzaileetara iritsiz. Zehazki, nota 7,8koa izan zen, 10etik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak urtero egiten duen inkestaren arabera. Gainera, hondartzetako bat bera ere ez zein jaitsi 6,9tik eta bi hondartza bikaintasunera iristen dira: Plentzia (9,08) eta Gorliz (9,02).

Beste urte batez, Bizkaiko hondartzetan hoberen baloratu zen alderdia segurtasunarena izan zen, 8,72ko nota jaso zuelarik. Kalifikazio hori oraindik altuagoa da Istripuak prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuaren kasuan, izan ere, 9,76 punturekin, berriro, hondartzetan eskaintzen den zerbitzuetatik hoberen baloratu zena baita.

Garbiketa izan zen hoberen baloratu zen hurrengo alderdia, 7,60 punturekin, eta hondartzetako zerbitzu eta ekipamenduek 7,15eko puntuazioa jaso zuten.

Zerbitzu-karta

Denboraldiaren hasiera hondartzen zerbitzu-kartaren argitalpenarekin bat dator; bitarteko honen bidez Bizkaiko Foru Aldundiak  hondartzetan eskaintzen duen zerbitzuaren alderdi garrantzitsuenei buruzko informazio argia eta erraza eman nahi die erabiltzaileei, besteak beste pertsona erabiltzaile moduan dituzten eskubideak, Foru Erakundeak kalitatearen arloan hartuta dituen konpromisoak eta konpromiso horiek nola neurtuko diren.

Karta honen bidez gure Lurraldeko hondartzak erabiltzen dituztenek,  adibidez, ezagutuko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa dela hondartzak era egokian garbitzen direla eta gehienez egun bateko epearen barruan hondartza horietan apurtuko diren eta gertatuko diren kalteak konpontzen direla bermatzea -betiere konponketa hori ez dagoenean material motaren baten hornikuntzari lotuta-, bainatzen ari diren bitartean erabiltzaileen segurtasuna kontrolatzea edo megafoniaren eta banderen koloreen bidez  erabiltzaileei prebentzio-neurriei buruzko informazioa  eta aholkuak ematea bermatzea, uraren kalitateari eta tenperaturari buruzko datuak ematea, eta baita itsasgora eta itsasbeheraren ordutegiak jakinaraztea ere.

Zerbitzu-kartak egitea eta argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiak gardentasunaren, gobernu onaren, erantzukizunaren eta kontu-ematearen printzipioen arloan ematen duen beste urrats bat da. Karta horiei esker  aukera izango dugu  a posteriori zerbitzuen eta hartutako konpromisoak betetzearen ebaluazio hobea egiteko zerbitzuen hobekuntza iraunkorraren eta  baliabideen optimizazioaren ondoreetarako.


Argazkiak


Bideoak


Audioak