2019(e)ko maiatzaren 16(a) 17:30

Bizkaian zergen zioz bildutako kopurua % 3,4 hazi da, lehen lauhilekoan

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Foru Ogasunak 2.884,1 milioi euro bildu ditu; hau da, 2019ko ekitaldirako aurrekontuaren % 36,7. Bildutako zenbatekoaren barruan dagoeneko sartuta dago BEZaren eta Zerga Berezien barne-doikuntzetako lehenengoa, zeinaren bidez 309,4 milioi eurorekin konpentsatu dituen Bizkaiak Araba eta Gipuzkoa.

Bizkaiak 2.884,1 milioi euro bildu ditu tributu itunduak direla-eta, apirilera arte. Zifra hori 95,3 milioi euroan gehitu da; iazko aldi berean lortutakoaren aldean. Hain zuzen, % 3,4ko hazkundea izan da. Urteko lehenengo hiruhilekoan zergak direla-eta lortutako diru-kopurua 2019ko ekitaldi osorako tributu-sarreren aurrekontuaren % 36,7 da.

Guztira bildutako kopurutik, 1.400,1 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, zeina % 2,7 hazi den. Zuzeneko zergen arloan, PFEZen bidez bildutako kopurua % 3,2 izan da; haren barruan, nabarmendu beharrekoak dira lan-etekinak, zeinak % 5,3 hazi diren. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergaren bilketak behera egin du, % 3,3, hain zuzen; izan ere, bilakaera negatiboa izan dute kapital higigarriaren etekinaren atxikipenek eta ondare-irabazien atxikipenek.

Zeharkako zergek 1.304,8 milioi euro ekarri dituzte, hau da, % 2,2 gehiago, 2018. urteko lehen lauhilekoan bildutakoaren aldean (193,8 milioi euro gehiago). Datu horretan, dagoeneko kontabilizatuta dago lurralde arteko BEZaren eta Zerga Berezien barne-doikuntzetako lehenengoa; haren bidez, Bizkaiak 222,8 milioi eurorekin konpentsatu du Gipuzkoa, eta 86,6 milioirekin, Araba, 309,4 milioi euroko kopuru horretatik, 160,9 BEZari dagozkio; 148,5, berriz, Zerga Bereziei. Behin ordainketa horiek eginda, Bizkaiak BEZa dela-eta bildutakoak % 0,4 behera egin du; Hidrokarburoen gaineko Zergaren bidez lortutakoa, berriz % 11,2 hazi da.

Azkenik, tasak eta beste sarrera batzuk direla eta, 20,1 milioi euroko sarrerak lortu dira, 2018. urtean baino 1,5 milioi gutxiago. Horrenbestez, kudeaketa propioko tributu itunduen zenbateko osoa 63,5 milioi euroan gehitu da, iazkoaren aldean. Guztira, 2.725,1 milioi euro dira.

Estatuarekin egindako lehenengo doikuntzan, Bizkaiak 243,9 milioi euro jaso ditu BEZa dela-eta, eta 84,9 milioi ordaindu, Zerga Bereziak direla-eta