2019(e)ko maiatzaren 13(a) 17:46

Dagoeneko martxan daude Mamarigako tuneleko bi hodiak

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Tuneleko lanei esker, azpiegitura hau egokitu eta modernizatu ahal izan da; kontuan hartu behar da 17.000 ibilgailuk baino gehiagok erabiltzen dutela azpiegitura Bilboko Portura eta Santurtzi zein Zierbena udalerrietara iristeko. Lanak irailean hasi ziren, eta, osatzeko, trafikoa kudeatzeko sistema bat jarri da portuko garraio berezien joan-etorria errazteko.

Mamarigako tunelean berriro daude erabilgarri bi hodiak, Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura egokitzeko lanak egin ondoren.

2018ko irailean hasi ziren lanok, eta 5.868.474 euroko inbertsioa ekarri dute. Jarduketa eta hobekuntzen artean, nabarmentzekoak dira LED teknologia duen argiztapen-sistema berri baten instalazioa, haizagailu berriak, megafonia-sistema eta argiztapen eta aireztapenaren kontrol-sistema. Gainera, su-detektagailu gehiago jarri dira, eta barruko kamerak berritu dira.

Gogora ekarri behar da Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Bilboko Portuko Agintaritzak plangintza bat adostu zutela ahalik eta arazo gutxien gerta zitezen. Helburua zen tuneletako lanek N-644 errepideko trafikoan izan zezaketen eragina murriztea, eta, bereziki, zirkulazioa erraztea Bilboko Portua jatorri/helmuga duten garraio bereziei, hartara bermatzeko portuak ordura arteko irisgarritasuna eta lehiakortasuna mantentzen zituela.

Mamarigako tunelak 1990ean hasi ziren zerbitzu egiten, eta gune estrategiko bat dira Bizkaiko foru-errepideen sarean. Egunero, 17.000 ibilgailu pasatzen dira bertatik, portura zein Zierbena eta Santurtzira heltzeko. Proiektua, beraz, funtsezkoa da azpiegitura hori modernizatu eta beraren bide-segurtasuna hobetzeko, Bizkaiko ekonomiaren motoreetariko baterako sarbide nagusia baita errepide-tarte hori.