2019(e)ko maiatzaren 13(a) 11:59

Bizkaiko 38 museok Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute, eta hainbat jarduera eskainiko dituzte, doan

Euskara eta Kulturako Saila

“Museoak kulturaren ardatz gisa: tradizioen etorkizuna” lelopean, 65 bat jarduera egingo dira Bizkaiko udalerrietako 24 ekipamendutan. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak aurkeztu du maiatzaren 18ko ospakizunerako programazioa, eta Bizkaiko museoetako hogei bat lagun izan dira harekin batera.

Museoen Nazioarteko Egunaren aurkezpena

Museo handiak eta txikiak, hainbat arlotakoak. Guztiek osatzen dute Bizkaiko museoen sarea, eta aurten berriro ere bat egin dute maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Bilboko Arkeologi Museoa izan da aurten ekimen honen programazioa aurkezteko aukeratutako eszenatokia; espero da aurten Bizkaiko 38 museoek parte hartzea ekimenean.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatua buru izan da aurkezpenean, eta, harekin batera, 38 museo horietako hogei bat ordezkari izan dira. Museo horietako gehienetan, doan izango da sarrera maiatzaren 18an. Gainera, «Museoak kulturaren ardatz gisa: tradizioen etorkizuna» lelopean, 65 bat jarduera egingo dira gure lurraldeko udalerrietako 24 ekipamendutan. Jardueretako batzuk Museoen Nazioarteko Egunean baino ez dira egingo, baina gehienak asteburu osoan egingo dira.

Bizkaiko museoen eskaintza espezifikoa

Zabala da edizio honetarako programatutako jardueren aukera. Ospakizun honetan parte hartzen duten museoen % 97k doako sarrerak eskaintzen dituzte beren instalazioak eta bildumak ikusteko, eta, horrez gainera, doako jarduera berezien programa zabal bat ere: familientzako tailerrak Arkeologi Museoan (Bilbo), Gernikako Bakearen Museoan (Gernikan), Rialian (Portugalete) edo Itsasoa Museoan (Santurtzi); ipuin-kontalaria Simón Bolívar Museoan (Ziortza-Bolibar), edo ibilbide kultural bat Enkarterrietako Museoan (Sopuerta).

Era berean, ordaindu beharreko jarduera batzuk eskainiko dira, prezio beheratuetan, adibidez: "Atxuriko Abadia" ihes-aretoa, Eleiz Museoak antolatua (Bilbo); ardo-dastaketa komentatu bat Elena Uriguen sommelierrarekin, Txakolingunean (Bakio); antxoari buruzko hitzaldi bat eta antxoa-dastaketa bat Euskal Herria Museoan (Gernika), edo "Zerurainoko eskalada eta erorketa askea Bizkaia Zubian", Bizkaia Zubian (Getxo).

Programazio osoa Bizkaiko museoen webean (http://museoak.bizkaia.eus) eta BizkaiKOArenean (www.bizkaikoa.bizkaia.eus) dago, bai eta ekimenean parte hartzen duten museoetako bakoitzaren orrian ere.

Ia museo guztiek eskainiko dituzte bisita gidatuak —ohiko bisita gidatuak, bisita komentatuak eta/edo antzeztuak—, denak doakoak. Horrez gainera aukera dago haien erakusketak ikusteko: "Bidaia liluragarri bat. Gizakiaren ilargiratzearen 50. urteurrena", "Andrés Urdaneta" Historia Naturalaren Museoan (Loiu), edo "Bizkaiko Golkoan hondoratzeak" Plasentia de Butrón Museoan (Plentzia).

Era berean, hitzaldi batzuk emango dira, esaterako: "Quintín de la Torre, tradizioa eta modernitatea", Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan (Bilbo); "Ondarea eta Memoria Txilen: Villa Grimaldi adibide da", Gernikako Bakearen Museoan, edo "Artelana bere testuinguruan: Dionisioren itzal luzea", Bilboko Artelan Berreginen Museoan.

Musikak ere bere lekua izango du, Durangoko Arte eta Historia Museoan, non bertso-saio plastiko esperimental bat egingo den Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolarien eskutik, Maite Berriozabal gai-jartzailearekin batera. El Pobal burdinolan (Muskiz), "Ingudea eta dultzaina: burdinolaren hotsak!" jarduera egingo da.

La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda), Balmasedako Putxeraren Kofradiaren eskutik, aukera egongo da putxerak nola prestatzen diren ikusteko eta, gero, putxerak dastatzeko.

Amaitzeko, gauez egingo diren bi jarduera egongo dira: bat Gernikako Euskal Herria Museoan, non antxoari buruzko hitzaldi bat emango den eta antxoa-dastaketa egiteko aukera egongo den, eta Santimamiñe ikusteko gaueko bisita bat, kandelen argiaren pean informaziogunetik kobaren ahoraino egingo dena.

Museoen Nazioarteko Eguna (2019)

"Museoak kulturaren ardatz gisa: tradizioen etorkizuna" leloak erreferentzia egiten die museoek beren komunitateetako eragile aktibo diren aldetik betetzen dituzten eginkizun berriei. Museoen eginkizuna aldatzen ari da gizartean. Lehen, erakunde estatikoak ziren; orain, berriz, aldatzen ari dira interaktiboago izateko, ikusleak eta komunitatea hartzen dituzte kontuan, eta malguagoak, moldagarriagoak eta mugikorragoak dira. Gaur egun, ardatz kultural bilakatu dira eta plataforma gisa funtzionatzen dute, non sormena eta ezagutza uztartzen diren eta bisitariek aukera duten elkarrekin sortu, partekatu eta jarduteko.

Parte hartu duten museoak

2019ko edizio honetan, Bizkaiko 24 udalerritako museoek egin dute bat ospakizun honetan:

  • Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Artelan Berreginen Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Aste Santuko Pasoen Museoa, Bilboko Vista Alegre Plazako Zezen Museoa, Euskararen Etxea;
  • Abanto-Zierbenan (Gallarta), Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa;
  • Bakion, Txakolingunea;
  • Balmasedan, La Encartada Fabrika-Museoa, Pasioaren Interpretazio Gunea, Balmasedako Historiaren Museoa;
  • Berangon, Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa;
  • Berrizen, «Margarita Maria. Berriztik mundura» museoa;
  • Bermeon, Arrantzaleen Museoa;
  • Durangon, Arte eta Historia Museoa;
  • Elorrion, Valentin Berrio-Otxoa Museoa;
  • Galdamesen, Loizaga Dorrea. Ibilgailu zahar eta klasikoen museoa;
  • Gernika-Lumon, Euskal Herria Museo, Gernikako Bakearen Museo Fundazioa;
  • Getxon, Bizkaia Zubia;
  • Karrantzan, Dolomitas Museoa;
  • Kortezubin, Santimamiñe;
  • Leioan, Medikuntza Historiaren Euskal Museoa;
  • Loiun, «Andrés de Urdaneta» Historia Naturalaren Museoa;
  • Mañarian, Hontza Museo Fundazioa;
  • Muskizen, El Pobal burdinola;
  • Orozkoko Museoa;
  • Plentzian, Plasentia de Butrón Museoa;
  • Portugaleten, Rialia-Industriaren Museoa;
  • Santurtzin, Agurtza Arrantza Interpretazio Zentroa eta Santurtzi Itsasoa Museoa;
  • Sopuertan, Enkarterrietako Museoa;
  • eta Ziortza-Bolibarren, Simón Bolívar Museoa.

Argazkiak