2019(e)ko maiatzaren 10(a) 14:15

Gaztelugatxeko eskailerak birgaitzeko obren ondorioz, mugatu egin behar da baselizarako sarbidea

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Leku hori bisitatzera doazenek 10:00etatik 20:00etara baino ezin izango dituzte erabili eskailerak, langileen ikuskaritzapean, baselizarako igoera eta jaitsiera kontrolatuko baitute. Ordutegi horretatik kanpo, erabat itxiko da sarbidea.

Bizkaiko Foru Aldundia Gaztelugatxeko San Juan ermitara doazen eskailerak birgaitzeko egiten ari den lanen ondorioz, mugatu egingo da irlatxorako sarbidea, lanak dirauten bitartean. Aurreikuspenen arabera, hilabete beharko da lanak egiteko -epe zehatza baldintza meteorologikoen araberakoa izango da-. Denbora horretan, 10:00etatik 20:00etara baino ezin izango dira erabili eskailerak, langileen ikuskaritzapean. Foru Erakundeak jarriko ditu langile horiek, igotzeko eta jaisteko fluxuak kontrolatzeko. Ordutegi horretatik kanpo, erabat itxita egongo da ermitarako sarbidea.

Gaztelugatxeko San Juan ermitarako bidean dauden zubian eta eskaileretan egiten ari diren lanen xedea da enklabe horren ondoan dagoen ezpondan hautemandako harkaitzeko gune ezegonkorrak sendotzea.