2019(e)ko maiatzaren 08(a) 10:12

Maiatza honetan amaituko da BI-4203 errepidearen Matxitxakorako sarbidearen hobekuntza

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Jarduketak errepidearen beharrizan funtzionalak hobetzen ditu, aldi berean bi ibilgailu ibili ahal izan daitezen, eta bide-zorua hobetuz

Matxitxakorako sarbidea den BI-4203 errepideko obrak maiatzeko lehen hamabostaldi honen barruan amaituko dira. Bizkaiko Foru Aldundiak egindako jarduketak bide honen beharrizan funtzionalak konpondu ditu, abiadura geldoan bi ibilgailu gurutzatu ahal izan daitezen beharrezko zabalera lortuz. Eta gainera hobetu egin du bide-zorua eta luzatu errepidearen balio-bizitza. Lanak egin diren bitartean errepidea zabalik egon da, zerbitzuan, alegia.

Errepidea San Juan de Gaztelugatxeko lurretan dago, 35 eta 37. kilometro-puntuen artean eta itsasargi zaharra eta berria dauden Matxitxakoko muturrera iristeko sarbidea da. Bide horretan zehar Bermeoko Arene auzoan sartzen da, baita kala eta bidezidorretan barrena ibiltzeko bideen zonalde batean ere.

Matxitxakorako BI-4203 adarra kostaldeko ohiko errepide bat da, bihurgune asko dituena eta ibilbidean tarteka sarbide partikular batzuk ere dituena. Aldundiaren esku-hartzearen aurretik, galtzadaren batezbesteko zabalera 4,5 metrotik beherakoa zen, aldi berean bi ibilgailu gurutzatzeko aukerarik gabe. Bide-zorua hobetzeko, lodiera ezberdinetako aglomeratuzko bitarteko geruza bat zabaldu da, era horretara sestra uniformea lortuz, eta bihurgunetako peraltatua, eta azkenean 5 cm-ko errodadura ezarri da, erabiltzaileen zirkulazioa erraztuz.

Lurraldeko errepideak hobetu eta modernizatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidesarea Planaren barruan sartzen da obra hau eta 1.597.200 euroko inbertsioa (BEZa barne) ekarri du.