2019(e)ko maiatzaren 04(a) 10:00

Europar Batasunarekin zerikusia duten ikasketak egiteko beken deialdia

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Aldundiak beste beka-deialdi bat egin du Europar Batasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko espezializazio ikasketak egiteko Brujasko Europa Ikastegian edo beste unibertsitate ospetsuren batean. Eskabideak maiatzaren 6tik 31ra bitartean aurkeztu behar dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak bekak emateko beste deialdi bat egin du Europar Batasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko espezializazio ikasketak egin nahi dituztenentzat 2019-2020 ikasturtean, Brujasko Europa Ikastegian (Belgika) edo Europako entzute handiko beste unibertsitateren batean. Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak egin du deialdia, eta helburua da Europako gaietan espezializatutako profesionalak trebatzea, Europako unibertsitateak, erakundeak eta ekonomia sakonean ezagutuko dituztenak.

Beka horiek unibertsitate gradudunentzat edo lizentziadunentzat dira, batez ere Ekonomiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Zuzenbideko, Politika eta Administrazio Zientzietako edo Soziologiako ikasketak egin dituztenentzat, besteak beste. Ahalik eta beka gehien emango dira, esleitu den aurrekontuaren barruan. Aurrekontu hori 51.000 eurokoa da.

Beka bakoitza 24.000 eurokoa izango da ikasketak Brujasko Europa Ikastegian egiten dituztenentzat. Aldundiak sarrera esklusiborako konkordatua dauka unibertsitate horrekin. Beste unibertsitate batzuetan ikasten dutenentzat, berriz, beka bakoitza 12.000 eurokoa izango da, bidaia, ostatu eta egonaldi gastuetarako, tasa akademikoetarako, inskripziorako eta matrikularako.

Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 6tik 31ra bitartekoa izango da, bi egun horiek barne. Eskaera-inprimakiak Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusian daude eskura (Kale Nagusia 25 eta Kaputxinoen Kalea 2, Bilbo) eta aurkeztu ere bertan aurkeztu behar dira. Halaber, web-orriaren bitartez deskargatu daitezke helbide honetan: http://www.bizkaia.eus/ogasuna/europa/dekretua/formul2019.pdf

Baldintzak eta hautaketa

Beka eskatu ahal izateko baldintza da Bizkaian bizitzea 2014ko uztailetik edo lehenagotik, edo ikasketak egin izana Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatutako unibertsitate edo fakultateren batean. Baldintza akademikoak ere bete behar dira: eskatzen diren unibertsitate ikasketak 2015eko ekainean edo geroago amaitu izana, eta hizkuntzak oso ondo jakitea; aukeratutako unibertsitatearen arabera ebaluatuko da hizkuntzen ezagutza. Brujasko Europa Ikastegirako beka eskatzen bada, ezinbestekoa izango da ingeles eta frantses maila oso ona frogatzea.

Bekak esleitzeko hautaketa sistema norgehiagoka izango da, eta honako haztapen hau ezarri da: espediente akademikoa (% 50), hizkuntzak (% 20) eta elkarrizketa pertsonala (% 30).

Hautagaitzak bideratzeko eta hautaketa egiteko prozesuari buruzko informazio guztia Bizkaiko Foru Aldundiaren Europako gaiei buruzko webgunean argitaratu da.