2019(e)ko apirilaren 23(a) 10:00

Autoenplegu-proiektuetarako laguntzak eskatzeko epea ekainaren 17an irekiko da

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Autoenplegurako diru-laguntzak 5.000 eta 15.000 euro bitartekoak izango dira, sustatzaile kopuruaren arabera. Erakundeek autoenplegu-proiektuetan ezinbestekoak diren beren aholkularitza-programetarako eta Negozio Planerako diru-laguntza eskaerak aurkeztu ahalko dituzte maiatzaren 3tik Aurrera.

.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Gobernu Kontseiluan, 2019ko ekitaldi honetarako Autoenpleguari buruzko Dekretua onartu du. Bertara, autoenplegurako proiektu zehatzak diruz laguntzeko eskaerak aurkeztu ahalko dira ekainaren 17tik irailaren 16ra bitartean.

Dekretu honek 6,25 milioi euroko inbertsioa du (Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Sailaren kargura) eta proiektu bakoitzari, sustatzaile kopuruaren arabera, 5.000 eta 15.000 euro bitarteko autoenplegurako diru-laguntzak ematea aurreikusten du.

Era berean, deialdiak aurkezteko aurretiko fase bat dago, maiatzaren 3ra arte zabalik egongo dena. Fase hori sustatzaileekin horiek aholkatzeko eta aurretiko negozio plan bat burutzeko lan egiteko ardura izango duten erakundeei dagokie. Autoenplegurako azken diru-laguntzek negozio plan bat eta aurretik erakundeekin landutako prestakuntza bat izatea eskatzen dute.

ERAKUNDEEN BIDEZKO AHOLKULARITZA ETA NEGOZIO PLANA

Autoenpleguari buruzko Dekretuak lehenengo fase bat aurreikusten du erakundeek gauzatzen duten bere garapenean, autoenplegurako proiektuak sustatzen dituzten pertsonei honako laguntza hauek eskaintzeko:

  • Enpresa-kudeaketari buruzko 30 orduko taldeko prestakuntza: negozioa, forma juridikoa, eratzeko legezko izapideak, baimenak, lizentziak, finantzazioa eta laguntzak, lan- eta ingurumen-arriskuak, iturriak eta finantzazio-motak, kobrantzak eta ordainketak zein zerga-ordainketa kudeatzeko tresnak.
  • Negozio plan bat egiteko 40 ordurainoko aholkularitza indibidualizatua. Plan horrek honako hauek barne hartu beharko ditu: sarrera bat, negozioaren deskribapena eta kokapena, inbertsioaren eta finantzazio-iturrien proiektu bat, merkatu-ikerketa bat, antolakuntza eta giza-baliabideak, harturiko forma juridikoa, azterketa ekonomiko-finantzario bat, proiektuaren bideragarritasunaren inguruko txosten bat, arriskuaren balorazio bat eta laburpen bat.

Aipaturiko lana burutzeko foru finantzazioa eskuratu dezaketen erakundeak tokiko enplegu eta garapen zentroak edo horien mendeko erakunde autonomoak, enpresa publikoak edo bestelako erakundeak, zein fundazioak, elkarteak eta irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuk, betiere, gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatuarekin.

Erakunde bakoitzak, gehienez, 80.000 euroko diru-laguntza jaso ahalko du dekretu honi lotutako ekintzen guztizkoagatik. Emakida-araubidea lehia-prozesuaren bidez egingo da.

ENPRESAK ABIAN JARTZEA

Prestakuntza eta Negozio Plana gauzatu ostean, dekretuak enpresa baten sustatzaileentzako diru-laguntza zuzenak aurreikusten ditu, horren forma juridiko zehatza gorabehera. Diru-laguntza horiek ekainaren 17tik irailaren 16ra bitartean eskatu ahalko dira.

Enpresa Jarduera Ekonomikoen Erregistroan alta emanda egon beharko da eta sustatzaileetako bat (gutxienez) alta emanda egon beharko da autonomo gisa iazko irailaren 15etik 2019 honetako irailaren 16ra bitartean, eta autonomo gisa alta eman aurretik langabezian egon beharko litzateke eta arestian aipatu diren erakundeekin prestakuntza eta aholkularitza egina izan beharko du. Kasu honetan, ekintzailetza-proiektuetarako laguntzak jaso ahalko dituzte Enplegurako eta Ekintzailetzarako DEMA Foru Agentzian prestakuntza eta aholkularitza indibidualizatua jaso dutenek edo enplegu anezka batean parte hartu dutenek.

Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa 5.000 eta 15.000 euro bitartekoa da enpresa bakoitzeko, sustatzaile-kopuruaren arabera.

Emakida-araubidea lehia-prozesuaren bidez egingo da. Sustatzaileen balorazioa langabezian egon den denbora-tartearen, gizarte-bazterkeria egoeraren, adinaren (30 urtera arteko gazteak eta 45 urtetik gorakoak), bere udalerriko langabezia-indizearen, jarduera ekonomiko motaren (enplegu berdea, zaintzaren ekonomia, gizarte jarduera berritzailea), enpresaren forma juridikoaren (gizarte-ekonomia —kooperatibak edo lan-sozietateak—) eta enplegu anezka batean egindako parte-hartzearen araberakoa izango da.

Informazio gehiago hemen:


Argazkiak