2019(e)ko apirilaren 12(a) 12:00

Bizkaiko zerga-bilketak 2.064,4 milioi euro bildu ditu martxora arte, % 4,1 gehiago

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Lehen hiruhilekoan, besteak beste, PFEZaren, BEZaren eta zerga berezien ondoriozko bilketa areagotu da; hori dela eta, 2019 osorako aurreikusitako zerga-sarrera guztien % 26,2 bildu da dagoeneko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2.064,4 milioi euro bildu ditu urteko lehen hiru hiletan; horrek 80,9 milioi euroko areagotzea dakar 2018. urteko aldi berean bildutakoarekin alderatuta. Bilketaren urteen arteko hazkundeak, beraz, % 4,1 egin du gora. Era berean, lehen hiruhilekoan bildutakoarekin, 2019 osorako aurreikusitako zerga-sarrera guztien % 26,2 bildu da dagoeneko (2.064,4 milioi euro izan dira, eta 7.868,3 milioi euro daude aurreikusita urte osorako).

Bilketa oso horretatik, 927,6 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, zeina % 13,3 hazi den. Atal honetan, PFEZaren hazkundea nabarmentzen da; izan ere, orotara % 5ekoa izan da, eta lan-atxikipenetan % 6,9koa. Bestalde, Sozietateen gaineko zergaren bilketak behera egin du, % 27,1 hain zuzen; izan ere, bilakaera negatiboa izan dute kapital higigarriaren atxikipenek, ondare-irabazien atxikipenek eta sozietateen kuota diferentzialak.

Zeharkako zergak direla eta, 1.121,2 milioi euro bildu dira 2019ko lehen hiruhilekoan; beraz, % 5,7ko hazkundea gertatu da. Arabako eta Gipuzkoako aldundiekin barruko doikuntzak egin aurretik, Bizkaian % 2,1 hazi da kudeaketa propioko BEZaren bilketa, eta Hidrokarburoen Zerga bereziarena, berriz, % 14,8. Zerga berezien artean, tabako-laboreen gaineko zergak gora egin du, eta elektrizitatearen gainekoak, berriz, behera.

Azkenik, tasak eta beste sarrera batzuk direla eta, 15,6 milioi euro bildu dira, 2018. urtean baino % 4,6 gutxiago.