2019(e)ko apirilaren 09(a) 13:18

Bizkaiko Foru Aldundiak onartu du 118 plaza sartzea 2019ko Enplegu Publikoaren Eskaintzaren lehen fasean

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak 2019ko ekitaldiko enplegu publikoaren eskaintzaren lehen fasea onartu du; guztira, 118 plaza eskainiko dira, honela banatuta: kudeaketa administratibo finantzarioko teknikari ertainen 34 plaza; zeladoreenak, 15; administrazio orokorreko teknikarienak, 14; ekonomialarienak, 9; industria-ingeniari teknikoenak, 8; arkitekto teknikoenak, 6; medikuenak, 5; berdintasuna sustatzeko goi-mailako teknikarienak, 4; ingurumeneko goi-mailako teknikarienak, 3; topografiako ingeniari teknikoenak, 3; arkitektoenak, 2; albaitarienak, 2; liburutegiko teknikarienak, 2; kultura-proiektuak zuzentzeko teknikarienak, 2; erizaintzako diplomadunenak, 2; mantentze-lanetako laguntzaileenak, 2; barazkigintza eta frutagintzako laguntzaileenak, 2; industria-ingeniarienak, 1; agiritegiko teknikarienak, 1, eta katalogazioko teknikari ertainenak, 1.

2019ko enplegu publikoaren eskaintzaren lehen fase honetan deitutako plaza-kopurua (barne sustapena sartuta) bat dator birjarpen-tasari dagokionez ezarritakoarekin. Sartzen diren funtzionario berriak arlo horietan dauden plaza hutsak beteko dituzte. Xedea da zerbitzu publikoa hobetzea, eta zerbitzu gehiago eskaintzea.

Aldundiak aurtengo azken hiruhilekoan argitaratu nahi du bigarren fasea. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak konpromiso argia du bere egitura sendotzeko, berdintasun-printzipio eta kalitate-estandarrak beteta. Bestalde, lanaren ikuspegitik, enplegu publikoaren eskaintza honek aukera emango du plantilla egonkortzeko eta kalitateko enplegu publiko iraunkorra bermatzeko.