2019(e)ko apirilaren 09(a) 11:35

Aldundiak osabideko laguntzak onetsi ditu mendiko nekazaritzako eta muga naturalak dituzten guneetako laborantza-sektorearentzako

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Dirulaguntza horiek 2,1 milioi eurokoak izango dira, eta gune horietako ehun sozioekonomikoa indartzea eta laborantza jarduera mantentzea dute helburu, bai eta landa-inguruneko bizi-maila beste inguruneetakoarekin berdintzea ere. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 30ean amaituko da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak mendiko nekazaritzako guneetarako eta lurraldeko beste gune behartsu batzuetarako laborantza-sektoreari zuzendutako osabideko laguntzak onetsi ditu. 2,1 milioi euroko laguntzak izango dira, eta datorren apirilaren 30era arte eska daitezke.

Laguntza horien helburua da gune behartsuetan eta mendiko nekazaritzako guneetan nekazaritza sistema mantentzea, lurraldea orekatzeko egiten duen ekarpenagatik zein ingurumen aldetik duen interesagatik. Hori mantendu ahal izateko, ehun sozioekonomiko bizia izan behar da; hain zuzen, hori da neurri honen bitartez indartu nahi dena. Horrez gain, dirulaguntzen ildo horren bidez baserri aldeetako bizi-maila inguruko mailarekin parekatu, nekazarien bizi eta lan baldintzak hobetu eta abereen ongizatea eta higienea lortu nahi dira; hori guztia, natur baliabideak zentzuz ustiaturik, ingurumenean ahalik eta kalterik txikiena eginda.

Dirulaguntzak norgehiagoka araubidearen arabera emango dira, eta mendi inguruko guneetako (edo mendikoak ez diren baina muga natural nabarmenak dituzten guneetako) nekazaritzako azalera erabilgarriko hektareen arabera. Hala, 6.534 euro emango dira nekazari nagusi (NN) bakoitzeko, edo 13.068 euro elkarte-ustiategietarako (gehienez ere bi NNz osatutakoak).