2019(e)ko martxoaren 26(a) 17:59

Aldundiak pinuen gaixotasunaren aurkako lur-tratamenduaren aplikazioa erregulatu du ministerioaren baimenean oinarrituta

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Erakundeak Foru Agindu bat argitaratuko du aste honetan, non basoen jabeek tratamendu hori egiteko bete behar dituzten baldintzak jaso diren. Gehienez ere bi aldiz aplikatu ahal izango da tratamendua, apirilaren 1etik uztailaren 29ra bitartean, 25 urte baino gazteagoak diren eta gehienez ere % 75eko defoliazioa duten pinudietan. Produktua erabiltzeko salbuespen-zona batzuk ezarri dira; esaterako, ezin izango da honako toki hauetatik 100 metro baino gutxiagoko distantziara erabili: herriguneak edo eraikinak, urtegiak, lakuak eta toki hezeak edo ur-hartuneak (lur azpikoak nahiz azalekoak).

Bizkaiko Foru Aldundiak Foru Agindu bat igorri du pinuaren gaixotasunaren aurkako lur-tratamenduaren aplikazioa erregulatzeko, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak egindako salbuespenezko baimenaren oinarriei jarraiki. Aire-tratamendua ez bezala, lur-tratamenduaren aplikazioa basoen jabeek gauzatu behar dute, eta ez foru-erakundeek; hala ere, azken horiek bermatu behar dute prozeduran zehar jardunbide egokiak erabiltzen direla.

Bizkaiko Aldizkari Ofizialean aste honetan argitaratuko den Foru Arauan pinuei oxido kuprosoa aplikatzeko baimenaren baldintzak jaso dira, Bizkaiko basoen jabe guztiek derrigorrez bete beharko dituztenak. Horiek horrela, hektarea bakoitzeko 1-1,6 kilo produktu aplikatu ahalko dela zehaztu da. Gehienez ere bi aldiz aplikatu ahal izango da tratamendua, 14-21 eguneko tartea utziz, betiere apirilaren 1etik uztailaren 29ra bitartean, biak barne. Aplikazio-aldi hori zehaztu ahal izateko, gaixotasunaren hedapena mugatzeko urteko garairik onena zein den aztertu da, honako parametro hauek aintzat hartuz: onddoen espondak barreiatzen diren aldia (osasuntsu dauden aleak kutsa ditzaketenak), zuhaitzen hazkunde aktiboa eta defoliazio-aldia.

Tratamendua hasi baino lehen, jabeek Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari jakinarazi beharko diote zer lurzati tratatuko duten. Gehienez ere % 75eko defoliazioa duten eta 25 urte baino gazteagoak diren pinuez osatuta egon beharko dira lurzatiok.

Tratamendua egiteko salbuespen-zona batzuk ezarri dira, ingurumena babestuko dela bermatzeko. Hala, produktua ezin izango da honako toki hauetatik 100 metro baino gutxiagoko distantziara erabili: herriguneak edo eraikinak, urtegiak, lakuak eta toki hezeak edo ur-hartuneak (lur azpikoak nahiz azalekoak), ez eta akuiferoak kutsatzeko arrisku handia edo oso handia dagoen eremuetan ere. 10 kilometro karratu baino gehiagoko azalera osoa duten azpi-arroetan kokatutako ur-ibilgu iraunkor guztien alboetatik 100 metrotara ezingo da produktua erabili, ez eta 10 kilometro karratu baino gutxiagoko azalera osoa duten azpi-arroetan kokatutako ur-ibilgu iraunkorren alboetatik 50 metrotara ere.

Foru Aginduak xedatzen duenaren arabera, Basoen eta Babestutako Natur Guneen Administrazioari buruzko Foru Arauan oinarrituta dagoena, tratamendua 75 hektarea baino gehiagoko azalera batean aplikatuko bada, aldez aurretik Nekazaritza Zuzendaritzaren baimena eskuratu beharko da. Horrez gain, Produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duen irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren xedapenei jarraiki aplikatuko dira tratamenduak.

Tratamendua egiteko interesa dutenek horren inguruko informazioa eta laguntza jaso ahal izango dute ondokoen eskutik: Mendi eta Nekazaritza Foru Zerbitzuak, Eskualdeko Nekazaritza Bulegoak, Durango, Bermeo eta Gernikako eskualdeko arreta-bulego integralak eta Bizkaiko Baso Jabeen Elkartea. Ildo horretatik, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat dauka Bizkaiko Baso Jabeen Elkartearekin, basoen jabeek elkartera jotzeko aukera izan dezaten aholkularitza teknikoa eta administratiboa jasotzeko, eta, zehaztutakoaren arabera, erakundea prozedura kudeatzeaz arduratu dadin.