2019(e)ko martxoaren 20(a) 10:32

Basogintza-sektoreak Aldundiak onetsitako 5,7 milioi euroko laguntzak eskatu ahal izango ditu maiatzaren 31ra arte

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Gobernu Kontseiluaren gaurko bileran onetsitako laguntza horiek arautzen dituen dekretuak arreta berezia eskainiko die ustiategi gazteenei, gaixotasunak kalte ekonomikorik handienak eragiten baitizkiete ustiategi horiei. Zerrenda marroiak kaltetutako eta bideragarriak ez diren zuhaiztien mozketak lagunduko dira diru-laguntzon bidez, baita azalera horien basoberritzeak ere, eta espezie alternatiboen landaketa sustatuko da, titular pribatuek modu esperimentalean egindako birlandaketa berrietarako diru-laguntzen osagarri baten bidez.

Gobernu Kontseiluak gaur egindako bileran onetsi du Bizkaiko Foru Aldundiak basogintza-sektore ekoizlearentzako laguntza horiek arautzen dituen dekretua. Laguntza horiek berrindartu egin dira 5,7 milioi euroko zenbatekoa osatu arte.

Diru-laguntzok datorren ostiraletik, martxoak 22, aurrera eskatu ahal izango dira, egun horretan argitaratuko delako Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta maiatzaren 31ra arte. Diru-laguntzon bitartez zerrenda marroiaren eraginez kalte-mailarik handienak dituzten eta bideragarritasunik ez duten zuhaiztiak kentzeko laguntza-neurriak jasotzen dira, baita ere kaltetutako azalera horien basoberritzeetarako neurriak, Bizkaiko baso-azalerari eusteko xedeaz basoberritze berriak eginez.

Halaber, eta espezie alternatiboen landaketa sustatzeko, titular pribatuek modu esperimentalean egindako birlandaketa berrietarako diru-laguntzen osagarri bat ezarri da.

Diru-laguntzon bidez belar-sastraken garbiketa-lanak, behe-inausketak, bakanketak eta baso-teknologietako inbertsioak, besteak beste, ere lagunduko dira.