2019(e)ko martxoaren 18(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak 85.000 euro erabiliko ditu nekazaritza-sektoreko ekoizleen elkarteei diru-laguntzak emateko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Diru-laguntza horien helburua da Bizkaiko nekazaritza-sektoreko elkartegintza eta profesionalizazioa sustatzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak 85.000 euro erabiliko ditu aurten Bizkaiko Lurralde Historikoaren esparruan, nekazaritza-sektoreko eta nekazaritza ekologikoko ekoizleen elkarteentzat, gure lurraldean nekazaritza-sektorearen elkartegintza eta profesionalizazioa sustatzeko.

Diru-laguntzon bidez sektoreko elkarteen funtzionamendu eta ordezkaritzako gastuak zati batean finantzatu ahal izango dira, era horretara honako hauek sustatu eta pizteko: elkarte horien xede sozialak modu egokian bete daitezen, nekazaritza-jarduera garatzen den baldintzak eta azpisektore horietako baldintza sozioekonomikoak sustatu eta hobetzeko eta azpisektore horiek sustatzeko azterketa eta jarduera esperimentalak egitea, elkartutako ustiategien prestakuntza eta laguntza teknikoaren eta zerbitzuen ematea, besteak beste.

Erakunde bakoitzak 35.000 euro jaso ahal izango ditu, laguntzok emateko ezarri den norgehiagoka-prozeduraren barruan.

Diru-laguntzok hilabeteko epearen barruan eska daitezke, diru-laguntzok arautzen dituen dekretua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaz gero zenbatzen hasita.