2019(e)ko martxoaren 14(a) 09:00

Aldundiak hautapen-prozesurako inskripzio epea ireki du 2018ko lan eskaintza publikoaren hirugarren faseko 20 lanpostu betetzeko

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Gaur, ostegunean, martxoak 14, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu du lanpostu hauek betetzeko deialdia: Bizkaia Prest larrialdi zentrorako operadoreen 12 lanpostu berri; Suhiltzaile Zerbitzuko sarjentuen 5 lanpostu, eta nekazaritzako ingeniari teknikoen 3 lanpostu. Eskabideak bide telematikotik baino ezin dira aurkeztu.

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du 2018ko lan eskaintza publikoaren hirugarren faseko 20 lanpostu betetzeko hautapen-prozesua. Honela daude banatuta lanpostu horiek: Bizkaia Prest larrialdi zentrorako operadoreen 12 lanpostu berri, Suhiltzaile Zerbitzuko sarjentuen 5 lanpostu, eta nekazaritzako ingeniari teknikoen 3 lanpostu.

Gaur Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu diren oinarri espezifikoetan jasorik dagoen moduan, larrialdiak kudeatzeko Bizkaia Prest zentro integraleko operadore izateko 12 lanpostu berrien kasuan batxiler edo teknikari titulua behar da, bai eta B motako gidabaimena ere. Lanpostu horiek III. hizkuntza-eskakizuna dute, derrigorrezkoa.

Suhiltzaile Zerbitzuko sarjentu izateko lanpostuen kasuan, batxiler edo teknikari titulua eta II. hizkuntza-eskakizuna behar dira. C motako gidabaimena ere eduki behar da. Bost lanpostuetatik bi eskaintza librekoak dira eta hiru barne-igoerako txandakoak.  Lanpostu horiek betetzeak aukera emango du larrialdietako jarduketa-prozesu eta -protokoloetan aurrera egiteko eta zerbitzuan pixkanaka gertatzen ari den belaunaldi aldaketari aurre egiteko. Horrela, arreta hobea izango da, eta jarduketak seguruagoak eta eraginkorragoak.

Nekazaritzako ingeniari teknikoentzat deialdian eskaini diren txanda libreko eta oposizio sistemako hiru lanpostuei dagokienez (ez dago esperientziaren bidezko puntuen beharrik), titulazio hauetakoren bat eduki behar da: nekazaritzako ingeniari teknikoa, Ingeniaritzako gradua edo baliokidea, III. hizkuntza-eskakizunarekin.

Eskabideak bide telematikotik baino ezin dira aurkeztu. Deialdiari buruzko informazio osoa eskuragarri dago Bizkaiko Foru Aldundiaren www.bizkaia.eus webgunean. Eskabideak telematikoki aurkeztu ahal izateko aplikazio informatikoa ere bertan dago.