2019(e)ko martxoaren 06(a) 12:51

Pérez-Fuentesen, Tartekariren, Athletic femeninoaren, Patri Espinarren eta IZARen berdintasunerako lana aitortu du Bizkaiak

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Foru Aldundiaren eta BBKren IV. Zirgari Sariak 400 pertsona baino gehiago bildu zituen gala batean eman dira. Galan izan dira, besteak beste, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua eta Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendaria.

.

Laespada: "Berdintasuna ez da aukera bat"

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk, emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. Zirgari Sarien bidez, Pilar Pérez-Fuentes historialariak, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Tartekari Sareko boluntarioak, Athletic Clubaren emakume taldeak, Patri Espinar pilotariak eta IZAR Cutting Tools enpresak egin duten lana aitortu dute.

400 pertsona baino gehiago bildu dituen gala batean banatu diren sari horiek gure lurraldean emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde egin duten pertsonen, erakundeen eta enpresen lana aitortu dute. Martxoaren 8a (Emakumeen Nazioarteko Eguna) baino bi egun lehenago egin den galan izan dira, besteak beste, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa Eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua eta Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendaria.

Galak gure gizartean emakumeen eskubideei dagokienez ezartzen ari den ikuspegi berria izan du erreferentziatzat. Horretarako, betaurreko moreak banatu zaizkie bertaratu diren pertsona guztiei.

Laespada dipitatuak gogorarazi du emakumeak direla galtzaile handienak gerretan, gatazketan eta baita hondamendi naturaletan ere. Begirada berezia eskaini behar diegu gure lagunak diren Hegoaldeko emakumeei.

Berdintasuna ez da aukera bat. Duintasunean eta justizia sozialean oinarritutako balio bat da, azpimarratu du.

Zentzu horretan, gogorarazi du, baita ere, berdintasuna ez dela emakumeak gizonen aurka egotea, baizik eta eskubide bat dela, eta hari esker gizarte osoa irteten dela irabazten. Berdintasunarekin mundu justuago bat eraikiko dugu, osasungarriagoa eta jasangarriagoa, bertan bizitzea merezi duena, esan du.

Era berean, argi eta garbi agertu du bere apustua kolore bioletaz tindatutako erakundeak lortzeko. Berdintasuna zoko-bazter guztietara zabaldu behar da: pankarten ostean kalean, elkarte-sarean, enpresetan, parlamentuetan eta gobernuetan. Bai, batez ere parlamentu eta gobernuetan, nabarmendu du.

BBK

Beste alde batetik, BBKren Gizarte Ekintza Arloko zuzendariak, Nora Sarasolak, BBK-k kanpora emakumezko begiekin begiratzen duela azaldu du. Emakumeen egoera hobetzen diharduten erakunde askorekin dugun lankidetza nabarmendu gura nuke; izan ere, emakume asko dira, hainbat arrazoirengatik, gizartean bazterturik edo babes barik daudenak esan du Sarasolak.

Nora Sarasolak zera gehitu du: Berdintasunaren aldeko BBKren azken mugimendua joan zen abenduan aurkeztu genuen Crush to Crush kanpainarekin batera. Itxaropen handia jarri dugu hezkuntza-programa honetan; genero-indarkeriari dagokionez, gure gaztetxo edo nerabeak hausnarketa zintzoan murgildu gura ditu, hain zuzen ere, zaurgarritasun edo ahultasun handiko adinean daudenean.

Sarasolak baieztatu duenez, nerabeekin (12 eta 16 urte arteko gazteekin) lan egitea ideia ona zela pentsatu zuten BBKn, hezkuntza-ekintza sorta baten hartzaile nagusi lez; aldi berean, urtero beraien hezitzaileengan ere eragina izatearen helburuarekin; eta hau guztia Lurralde osoko ikastetxeetan antolaturiko tailer eta informazio-hitzaldien bidez.

Zera ere azaldu du: Kontuan harturik emakumeak direla genero-indarkeriaren biktima nagusiak eta oso adin goiztiarrean jaso dezaketela kaltea, neskatilak ahalduntzeko hezkuntza-programa bat pentsatu dugu, eta aldi berean, paraleloan, mutikoak ere hezteko modukoa.

BBKk eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak antolatutako Zirgari sarien xedea pertsona, entitate eta enpresek berdintasunaren alde egiten duten lana, ahaleginak, dedikazioa eta inplikazioa aitortzea da. Sari hauen izenak zirgariek egiten zuten lan gogorra dakar gogora: emakume horiek itsasontziak atoian eramaten zituzten itsasadarrean zehar, eta, horretarako, beren indarra eta soka bat, zirga bat, besterik ez zuten erabiltzen.

Pilar Pérez-Fuentes historialariari "Ohorezko saria" eman zaio emakumeen eskubideen babesean eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen egin duen lanagatik.

Pérez-Fuentes saritua izan da bere konpromiso feministagatik eta 40 urte urtean feminismoaren teoria kritikoa historian aplikatzen egin duen aitzindari-lanagatik, bai eta 70ko hamarkadaz gero emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde egin duen aktibista-lanagatik ere.

Tartekari sareko boluntarioak "Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra" atalean izan dira sarituak indarkeria matxistaren aurka Bizkaiko lurralde osoan azken zazpi urteotan egin duten lan komunitarioarengatik. Epaimahaiak arlo askotako 38 elkartetako 70 emakume baino gehiagok emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan, horren inguruko sentsibilizazioan eta indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzen egiten duten lana goraipatu du.

"Ahalduntzea eta balio aldaketa" ataleko saria ex aequo eman zaie Athletic Cluben emakume taldeari eta Patri Espinar pilotariari.

Espinar bere kirol-gaitasunagatik aintzatetsi da (esku-pilota, paleta, futbola, mendia, piraguismoa…), eta horrekin batera baita beraren kirol-merezimenduak eta oztopoak oztopo (ikusezintasuna, hainbat gauzari uko egin beharra eta denetariko eragozpenak) kirol maskulinizatuetan aurrera jarraitzea ere.

Bestetik, Athleticen emakume taldeak jaso du saria, erreferente bihurtu delako goi mailako zein oinarrizko emakume kirolarientzat. Gainera, San Mames bete dute, eta erreferente mundiala dira gizonen taldeak erabateko nagusitasuna duten jarraitzaile ugariko kirol batean.

Azkenik, "Erantzukidetza eta bateratzea" kategorian (gizarte-antolaketa arduratsua) IZAR Cutting Tools enpresari eman zaio saria, erantzukidetzazko gizarte-antolaketan, denboraren erabilera berrietan eta bateratze erantzukidean egindako lanagatik eta kontuan harturik emakume gutxi dauden enpresa-sektore batean berdintasunaren alde azaldu duen konpromisoagatik. Emakume gehiago administrazio kontseiluko arduradun eta ordezkari postuetan, enpresa batzordean eta tarteko lanpostuetan. Lana eta bizitza uztartzea, soldata-bereizkeriarik ez egotea, ekintza positiboa emakumeak kontratatzeko eta gizarte erantzukizuna emakumeen sustapenerako.

Ohorezkoa ez beste sari guztiak 6.000 eurokoak dira.


Bideoak